Bihar beteko dira bi urte Sudanen gerra piztu zenetik, eta joan den asteburu honetan hiru eguneko erasoa egin du RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarrak Darfur eskualdean, herrialdearen hego-mendebaldean. Gutxienez 350 pertsona hil dira, eta ehunka zauritu zenbatu dituzte. Paramilitarrek desplazatuen kanpalekuei egin diete eraso; Zamzam eta Abu Xuk eremuei, bereziki, baina baita mendebaldeko Al Faxer hiriari ere, Babaker Hamdin Darfur eskualdeko Osasun ministroak prentsaurreko batean jakinarazi duenez.
Paramilitarrak «kanpalekuetan ezkutatutako Sudango armadako militarren bila» ari ziren, eta hori argudiatuta eraso zieten kanpalekuei, Clementine Nkweta-Salami NBE Nazio Batuen Erakundeak Sudanen duen koordinatzaileak bart ohar batean azaldu zuenez.
2023ko apirilean hasi zen gerra Sudanen, paramilitarrak Sudango armadan sartzeko negoziazioek porrot egin ondoren. Ordutik, armadaren eta paramilitarren arteko borrokak egunerokoak dira. Bi zatitan banatua dago Sudan: Iparraldea eta ekialdea armadak kontrolatzen ditu, eta hegoaldeko hainbat zati eta Darfur eskualdeko eremu handi bat, berriz, RSFk.
Hamdinek azaldu duenez, droneekin eta artilleriarekin egin dituzte asteburuko erasoak. «Al-Faxer inguruan bizi diren zibilek egoera latzak bizi dituzte, RSFk sekulako setioa eragin baitu urtebetez», salatu du. Egoera humanitarioa, gainera, «tamalgarria» eta «eskasa» dela argitu du, ez baitago ez elikagairik, ezta botikarik ere. Iazko maiatzean hasi ziren paramilitarrak Al-Faxerri erasotzen, eta Sudango armada eskualdea berreskuratu nahian ari da ordutik.
Martxoaren 21ean, Khartum hiriburuaren erdialdearen kontrola berreskuratu zuen Sudango armadak, paramilitarrak handik kanporatu ondotik. Paramilitarrek, ordea, erantzun egin zuten, eta presidentearen jauregiari eraso. Hurrengo asteetan, Darfur inguruan operazioak areagotzen hasi dira paramilitarrak. Gaur-gaurkoz, RSFk ez du erasoen gaineko adierazpenik egin.
Kanpalekutik ihesi
Darfur eremuaren zati handi bat paramilitarrek kontrolatzen dute, eta, Osasun ministroak erran duenez, «genozidio ahaztua» gertatzen ari da han. Haren aburuz, delitu «larri» horiek alde batera uzten ari da mundua. Azken erasoen ondotik, Zamzamgo kanpalekutik jende anitz ari da Al-Faxer aldera desplazatzen, bizitokia «eraitsi» baitiete. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak gaur komunikatu batean adierazi duenez, apirilaren 11tik 12ra bitartean, 3.190 familia inguruk lekualdatu behar izan zuten Zamzamgo desplazatuen kanpalekutik, eta oraindik ere jarraitzen dute bizitokitik ihes egiten.
Zamzameko eta Abu Xukeko desplazatuen kanpalekuak Darfur eskualdeko kanpalekurik handienak dira; IOMren arabera, 700.000 pertsona inguruk hartzen dute aterpe han, herrialdeko bertze eremu batzuetatik ihes egin ondotik.
«Egoera honek bukatu egin behar du», salatu zuen Nkweta-Salami koordinatzaileak. «Ihes egiten saiatzen ari direnei seguru pasatzen utzi behar zaie». NBEren arabera, RSFren «indar aliatuek» lurreko eta aireko eraso koordinatuak egin zituzten, eta horrek liskarrak eta «ondorio larriak» eragin dizkie zibilei.
Azken egunetako nahasmasa ikusi ondotik, AEB Ameriketako Estatu Batuek bi aldeen erasoak gaitzetsi dituzte: paramilitarrenak, Darfurren «genozidioa» egin dutelako, eta armadarenak, zibilei egin dietelako eraso.