Paraguaiko herritarrak, sutan

Protestak piztu ditu gobernuak eta Lugo presidente ohiak presidentetzara aurkezteko egin nahi duten konstituzioaren aldaketak. Gazteen lider bat hil du Poliziak, eta 211 pertsona atxilotu dituzte

Paraguaiko Kongresuari su eman zioten manifestariek, herenegun, Asuncionen. ANDRES CRISTALDO / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Hasieran nekazarien manifestazio izan behar zuena azken urteetako protestarik handiena eta pluralena bilakatu zen Paraguaiko hiriburuan, herenegun gauerditik aurrera. Milaka pertsona atera ziren gobernuaren eta «herrialdearen lapurren» kontra. Arratsaldean, laborantza erreforma eskatzera iritsi ziren nekazariak Asuncionera, urtero egiten duten martxa jendetsuan, eta, ondoren, milaka gaztek bat egin zuten haiekin, Polizia oldartu, tiroka hasi, eta sakabanatu zituen arte. Manifestarien eta segurtasun indarren arteko liskarrak zeuden bitartean —su eman zioten Kongresuari—, poliziakLa Colmena Gaztedi Liberala erakundearen egoitzara sartu ziren, eta Rodrigo Quintana presidenteari bederatzi tiro eman zizkioten. Quintana eta beste hainbat militante manifestazioaren ondoren bilera egiten ari zirela sartu zen Polizia. Ospitalean hil zen, eta beste 39 gazte artatu zituzten ospitalean. 211 pertsona atxilotu zituzten protestetan. PLRA Benetako Alderdi Liberal Erradikaleko presidente Efrain Alegrek esan zuenez, Polizia «modu ankerrean sartu zen, eta tiroka hasi zen». Hainbat gazte larri daude.

Horacio Cartesen gobernuak eta Fernando Lugo presidente ohiaren alderdiak konstituzioa aldatzeko asmoa dute, berriz ere presidentetzara aurkezteko aukera izan dezaten —datorren urtean izango dira hauteskundeak—. Gaur egun debekaturik dago, eta herritar gehienak kontra daude —azken inkesten arabera, %70 daude aurka—, eta, herenegun, zuzenketa hori egiteko atarikoa hitzartu zuten. Baina 25 senatarik egin zuten akordioa, ekinaldiaren kontra dauden senatariak kanpoan utzita, baita Roberto Acevedo Senatuko presidentea ere.

Krisi politikoa

Hainbat hilabete irauten ari da prozesua, gobernuko Colorado Alderdiaren eta Lugoren Guasu Frontearen artean, eta herenegun egin zuten kontrariorik gabeko bilerak gainerako alderdien haserrea eragin zuen. Aurrera Herriak, Alderdi Demokratikoak eta PLRAk deitu zuten herenegun protestara, uste dutelako cartestarrak eta lugotarrak demokraziaren kontrako mugimenduak egiten ari direla. Baina egitasmoak konstituzioa urratzen badu ere, etenik gabekoa da oinarrizko eskubideen urraketa Paraguain, baita orain salatzera atera diren alderdi nagusien eskutik ere, baina ekinaldiak sortu duen protesta giroaren atzean daude Nekazarien Fronte Nazionala, Paraguaiko Alderdi Komunista eta Paraguai Pyahura Alderdia ere.

Aste osoan egin dituzte protesta jendetsuak beren eskaerak onar ditzaten: lurra izateko eskubidea nahi dute, lurgabetzeak gera daitezela, nekazariak kriminalizatzeari utz diezaiotela eta protestengatik atxilotutakoak aska ditzatela. Paraguain %2,5 baitira lurren %85en jabe, eta Lugo gobernuan zela ere ezin izan zuen egoera hori konpondu, baina orain larriagotzen ari da, enpresariek okupatzen baitituzte lurrak, nekazariak handik kanporatuz eta ezer gabe utziz. Lantzen diren lurren %94etan, gainera, arto eta eta soja transgenikoa ereiten dute esportatzeko, eta elikagaientzat soilik %6 geratzen da. Paraguaiko biztanleen %17,8 muturreko pobrezian daude.

Nekazarien kontrako jazarpena ohikoa izaten da. Curuguatyko sarraskia da, besteak beste, gertatzen denaren adibidea. 2012ko ekainaren 15ean ehunka polizia joan ziren Marina Kue izeneko lurretara, 70 nekazari handik botatzeko asmoz. Hamazazpi pertsona hil ziren —11 nekazari eta sei polizia—. 11 nekazari zigortu zituzten, eta lau eta 30 urte bitarteko zigorrak ezarri. Salatu dutenez, froga faltsuak erabili zituzten haien kontra. Gainera, polizien hilketak soilik ikertu zituzten. Jalil Rachid fiskal ohia arduratu zen akusazioaz, Blas Riquelme enpresaburuaren laguna. Nicanor Duarte Frutosen gobernuak 2004an nekazaritza erreformarako eman zituen lurrak bereganatu zituen Riquelmek, eta nekazariek Marina Kueko lurrak okupatu zituzten, erreformaren parte izan zitezela eskatzeko. Nekazarien hilketak argitzeke daude oraindik.

Paraguaiko oposizioak Fernando Lugo egin zuen gertakariaren erantzule. Presidente zen orduan, eta zazpi egunetan epaiketa politikoa egin zioten, eta boteretik kendu. Lugok, hasieran, nekazari horien alde egin zuen, baina, epaitu ondoren, babesa kendu zion gertakariak salatu zituen nekazarien mugimenduari.

Orain, berriz ere aurkeztu nahi du Lugok, eta, paradoxikoki, herritar gehienak konstituzioaren aldaketaren kontrako jarrera badute ere, aurkeztuko balitz berak luke irabazteko aukerarik handiena, inkestek diotenez. Horacio Cartesi %12ko babesa ematen diote. Hain justu, Cartes izan zen Lugo kargutik kentzea bultzatu zutenen artean bururik garrantzitsuenetakoa.

Orain, bien aliantza, bien interesen estrategiaren parte dira, eta bai Nekazarien Fronte Nazionalak eta bai Alderdi Komunistak salatu dute konstituzioa oraingoan ez ezik sistematikoki urratzen dela; are gehiago, hilda dagoela. «Eskuinaren dirua, indarkeria eta terrorismoa» dira, taldeon ustez, Paraguaiko erabakiak hartzen dituztenak, «AEBen gidaritzapean, eta haren interes transnazionalak asebetetzeko».

Hori dela eta, hainbat mugimendu batu dira Herriaren Kongresu Demokratikoan, eta esan dute protestan jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.