Herrialdeko presidente berria aukeratzeko hauteskundeetara joateko aukera izango dute gaur 3,5 milioi lagunek Paraguain, 2008ko hauteskundeetan izan zuten bezala. Fernando Lugo ezkertiarrak irabazi zituen orain dela lau urte bozak, eta zentro-eskuineko liberalekin koalizioan osatu zuen gobernua, 60 urtean lehen aldiz Colorado eskuineko alderdia oposiziora bidalita. Iazko ekainean, ostera, eskuineko alderdiek kargutik kendu zuten Lugo bi ganberetan haren kontra egindako epaiketa politiko baten bidez, eta harrezkero Federico Franco liberala izan da presidentea. «Estatu kolpe parlamentarioa» deitu zion ezkerrak, eta gaurko hauteskundeetan «estatu kolpe» horren bi erantzuleak, Colorado alderdia eta liberalena, «zigortzeko» eskatu die herritarrei.
Baina inkestetan lehenengo postuan dago Coloradoren hautagai Horacio Cortes, %37,6ko babesarekin, eta bigarren postuan Alderdi Liberal Erradikal Benetakoaren presidentegai Efrain Alegre, %31,7ko babesarekin. Ezkerra zatituta aurkeztu da hauteskundeetara: Aurrera Herrialdea da ezkerreko alderdi nagusia, eta horren hautagai Mario Ferreirori %10,9ko babesa iragarri diote inkestek.
Parlamentu berriaren balantzan erabakigarri izatea espero du Ferreirok, eta kanpainan nabarmendu du bere alderdiaren etsaiak ez direla gainontzeko ezkerreko alderdiak —Frente Guasu eta Kuña Pyrenda—, Paraguaiko bi alderdi tradizionalak baizik: Colorado eta liberalak. Hain zuzen, alderdi horien ustelkeria kasuak gogorarazi ditu Ferreirak kanpainaren amaieran: batez ere, Silvio Ovelar Coloradoko senatariaren kasua, zeina aste honetan botoak erosten harrapatu duten (60 egunez soldatarik ezin kobratzera eta lanik ez egitera zigortu du senatuko gehiengoak; haren alderdikoak abstenitu egin dira).
Eskuinaren beldurra
Frente Guasuko zerrendetan aurkeztu da Lugo senatari izateko, eta damua agertu du ezkerra batuta aurkeztu ez delako, baina adierazi du batasun hori lor daitekeela 2018ko bozetarako. Bere kontrako «kolpea» bi alderdi tradizionalen «konspirazioa» izan zelakoan dago Lugo, eta, hain zuzen ere, «indar sozial eta alderdi progresistek baztertuko zituzten beldur zirelako» egin zuten kolpea.
Iazko ekainetik, Lugo kargutik bota zutenetik, Mercosur erakundetik eta Unasur Hego Amerikako Herrialdeen Batasunetik kanpo dago Paraguai, eta gaurko hauteskundeen ostean erakunde horietan onartua izatea espero du egungo presidente Federico Francok: «Uste dut gobernu berria osatu baino lehen konponduz joango direla inguruko herrialdeekin ditugun desadostasunak. Esperantza handia daukat».
Paraguaiko bozetan «kolpistak zigortu» nahi ditu ezkerrak
Gaur egingo dituzte Fernando Lugo kargutik kendu osteko lehen bozak, eta Colorado eta liberalak dira faborito
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu