PANeko Gobernuak dimisioa aurkeztu du, Palestinaren egoeragatik

Xtayyehk esan du luze gabe Palestinako lurralde guztietara hedatuko den gobernua «beharrezkoa» dela. Nazioarteko Justizia Auzitegiak lur okupatuen salaketaren inguruko entzunaldiak amaituko ditu gaur.

(ID_13644759) MIDEAST PALESTINIANS GOVERNMENT RESIGNATION
PANeko lehen ministro Mohammad Xtayyeh gobernuaren dimisioa aurkezten, gaur. SHADI HATEM / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko otsailaren 26a
14:20
Entzun

Palestinako lurren egoera «jasangaitza» salatzeko, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Gobernuko —nazioarteak aitortzen duen gobernu bakarra da, eta Zisjordanian gobernatzen du soilik— kide guztiek dimisioa aurkeztu diote Mahmud Abbas PANeko presidenteari, gaur. PANeko lehen ministro Mohammad Xtayyehk eman du erabakiaren berri, prentsaurreko bidez. «Dimisioa ematea erabaki dugu [Jordan ibaiaren] Mendebaldeko Ibarrean [Zisjordanian] eta Jerusalemen inoiz ikusi ez den indarkeriaren gorakada dela eta, eta Gazako zerrendan egun bizi den gerragatik, genozidioagatik eta goseteagatik», argudiatu du.

Gazako gerrak Palestina barneko politikan ere eragin du. PANek ospea galdu du, eta Hamasek, berriz, irabazi. Horren jakitun dira Zisjordanian, eta gaur Xtayyehk egindako adierazpenetan nabari daiteke hori: «Luze gabe izango ditugun erronkei erantzuteko Gazako egungo errealitatea kontuan hartzen duten gobernurako zein politikoak diren akordioak beharko ditugu. Palestinako batasunean eta gobernua lurralde orotara hedatzeko gaitasunean oinarritutako Palestina-Palestina adostasunak ezinbestekoak izango dira».

Ministro karguak uzteko erabakia PANentzako mugarri izan daitekeen momentuan iritsi da. Izan ere, AEB Ameriketako Estatu Batuek Abbasi eskatu diote erakundea moldatu eta gerraren osteko Palestinako Estatu posiblea goberna dezakeen egitura politiko bat eratzeko. AEBeen —eta beste hainbat herrialderen— nahi baitute gerra amaitzean bi estatu egotea: Israelgoa eta Palestinakoa. Bi estatuen helburua Israel sortu zutenetik egon da mahai gainean, eta, Tel Avivek hasieran formula hori onartzen zuela zirudien arren, azkenean ez da Palestina estatu gisa aitortzeko ideiaren alde agertu.

Are gehiago, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak behin eta berriz errepikatu du Palestina estatu gisa aitortzeak Israelen segurtasuna eta bizirik irautea «kolokan» jarriko lukeela, eta «bakea lortzeko oztopoa» bihurtuko litzatekeela. Israelgo Parlamentuak aurreko astean Palestinako estatu bat aitortzearen aurka egin zuten, hain justu, eta Netanyahuk azken asteetan gaitzetsi egin du estatu horren «alde bakarreko» aitortza.

Iazko urriaren 7an Gazako milizia armatuek Israelen egindako erasotik, Tel Aviven indarrek 401 lagun hil dituzte Zisjordanian, PANeko Osasun Ministerioaren datuen arabera. Izan ere, Tel Aviv ez dabil soilik zerrendaren aurka oldartzen. Palestina bitan —edo hirutan— dago banaturik, Gazaz gain Zisjordania —eta Jerusalem ekialdea— estatu palestinarraren parte dira; eta bertara ere hedatu ditu erasoak Israelek.

PANeko ministro zirenen erabakia Israelgo armadak Gazan erasoaldi andana egin eta biharamunean heldu da. Izan ere, zerrendako Osasun Ministerioko bozeramaile Axraf al-Qudrak gaur jakinarazi duenez, Tel Aviven indarrek hamar eraso egin zituzten atzo Gazan: «Israelgo okupazioak hamar sarraski eragin ditu azken 24 orduetan Gazako familien aurka, 90 martir eragin eta 164 zauritu utzita». Hildako horiek kontuan hartuta, iazko urriaren 7an gerra hasi zenetik gutxienez 29.782 palestinar hil ditu Israelgo armadak zerrendan, Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera. Denbora tarte berean, zaurituak 70.000 baino gehiago dira.

Zisjordania okupatua

Xtayyehk Zisjordaniako egoera ere aipatu du dimisio sorta argudiatzeko. Iazko urriaren 7az geroztik, Israelgo armadak 401 lagun hil ditu han, PANeko Osasun Ministerioaren datuen arabera; izan ere, Tel Aviv ez baita soilik Gazaren aurka egiten ari, Palestina osora hedatu baititu erasoak.

Eta Israelgo armada zerrendan egiten ari den sarraskiaren jakitun, Nazioarteko Justizia Auzitegiak Tel Avivi eskatu zion genozidioa eragozteko neurriak eta laguntza humanitarioa Gazara iristea ahalbidetzeko erabakiak hartzeko, joan den urtarrilaren 26an. Israelek gaur erantzungo dio auzitegiari, eskatutakoa gauzatzeko emango dituen pausoak jasotzen dituen txostena emanez; Yedioth Aharonoth Israelgo egunkariak jakinarazi duenez, informazio «barreiatua» izango da auzitegiaren esku utziko dutena, Netanyahuk hala eskatu baitu. Hagan egin duen interbentzio orotan, Tel Avivek defendatu du ez dela genozidiorik egiten ari.

Kasu horrez gain, hilaren 19an hasi ziren, auzitegi berean, Israelek Palestinako lurretan 1967tik egiten ari den okupazioaren legezkotasunaz. Gaur amaituko dituzte auzi saioak; Nazioarteko Justizia Auzitegia erabaki bat hartzekoa da —ez da loteslea—, baina ez du jakinarazi noiz egingo duen hori.

GKEak mehatxupean

Egiptok giza eskubideen aldeko Sinai fundazioa eta Ahmed Salem talde horren presidentea «mehatxatu eta difamatu» dituztela salatu dute gaur AI Amnesty International eta beste hamabi GKE gobernuz kanpoko erakundek. Egiptok Gazako mugatik gertu eraikitzen ari den eraikin baten berri eman zuen. GKEak adierazi duenez, eraikin hori palestinar errefuxiatuak jasotzeko helburuarekin eraikitzen ari dira. Kairoren oldarraldia duela gutxi fundazioak argitaratutako informazio horren harira datorrela adierazi dute GKEek.

Salem Erresuma Batuan bizi da bere familiarekin, eta, esan duenez, beldur da Egiptoko indarrak bila joango ote zaizkion eta herrialdera indarrez eramango ota duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.