Aste bat betetzear da Hegoafrikak SARS-CoV-2 birusaren aldaera berri bat atzeman zuela jakinarazi zuenetik —OME Osasunaren Mundu Erakundeak omikron izena jarri dio—, eta dagoeneko mundu osoan zabaltzen hasia da. Europan sei herrialdek baino gehiagok atzeman dituzte aldaera berriaren kasuak; besteak beste, Espainiak, Belgikak, Frantziak eta Portugalek. Kontinente zaharretik kanpo ere agertu dira kasuak; esaterako, Israelen eta Kanadan.
Osasunaren Mundu Batzarra hiru eguneko ezohiko biltzarra egiten hasi da gaur pandemiei —egungoari eta etorkizunean ager daitezkeenei— aurre egiteko nolabaiteko ituna adoste aldera. Normalean maiatzean bildu ohi da batzarra, baina oraingoan aurreratu egin dute bilera estatu kideen eskariz —halako zerbait egiten duten bigarren aldia da 73 urtean—. 194 kideen helburua litzateke aurreragoko izurriei aurre egiteko «testu lotesle bat» adostea. Lehen zirriborroa eskuetan edukiko lukete bilerako parte hartzaileek. «Nazioen batasunak elkarlanerako eremu bat adostu behar du, hori delako modu bakarra mehatxu komunei aurre egiteko. Konpromisoa behar da; inork ez du nahi duen guztia lortuko, baina hobe da hori askoko behar duten guztia galtzea baino», nabarmendu du OME Osasunaren Mundu Erakundeko idazkari nagusi Tedros Adhanomek. Antzeko beste izurri berrietan osasun arta unibertsala bermatzea litzateke erakundearen helburu nagusietako bat. «Pandemiak argi utzi digu osasuna ez dela luxu bat, giza eskubide bat baizik; ez da gastu bat, inbertsio bat baizik; ez da garapen baten emaitza, gizartearen egonkortasun eta segurtasun ekonomiko eta politikorako oinarria baizik», gaineratu du.
OME joan den ostiralean hasi zen aldaera berria ikertzen, eta ohartarazi zuen «asteak» beharko dituela emaitzak jasotzeko. Izan ere, mutazio asko ditu, eta ez dakite horrek zer ondorio izan ditzakeen izurriaren eboluzioan. Aurrez, beste lau aldaera ditu sartuak OMEk «arriskutsuen» zerrendan: alfa, beta, gamma eta delta. Horiek hala, ondorio argiagoak izan artean, osasun neurriak zorrozteko eskatu die erakundeko kide diren 194 estatuei, eta kolektibo zaurgarrienen txertaketa azkartzeko. Aldi berean, baina, kritikatu egin du herrialdeek mugak itxi eta Afrika hegoalderako hegaldiak eten izana, zientzialarien irizpideen aurka.
Mugak itxi dituzten estatuetako bi izan dira Japonia eta Israel. Marokok, berriz, eten egin ditu Europa eta Afrikako beste herrialdeetarako hegaldiak. Datozen orduetan neurri murriztaile gehiago hartuko direla espero da; izan ere, G7ko kide diren estatuek ezohiko bilera egin dute gaur, pandemiaren inguruan. G7ko kide diren herrialdeetako —Kanada, Frantzia, Alemania, Italia, Japonia, Erresuma Batua eta AEBak— Osasun ministroek nazioarteari eskatu diote aldaera berriari aurre egiteko «erantzun azkarra» emateko, eta eskertu egin diote Hegoafrikari azken aldaera atzeman bezain azkar gainontzeko estatuei jakinarazi izana. Horrez gain, txertaketa azkartzearen garrantzia ere nabarmendu du erakundeak komunikatu batean, eta eskatu die estatuei bete ditzatela hartutako konpromisoak, eta bidal ditzatela hitzemandako dosiak hegoaldeko herrialdeetara. Abenduan egingo dute hurrengo bilera G7koek,eta, bitartean, OMErekin elkarlanean arituko da.
Neurri berriak hartuko dituztela iragarri dute Poloniak eta Norvegiak ere, kasuen gorakadari aurre egiteko. Oslok iragarri du aldaera berriaz kutsatuta egon daitezkeenek zazpi eguneko itxialdia bete beharko dutela —orain arte bost egunekoa zen—, eta hamarrekoa, berriz, haiekin kontaktuan egon direnek. Horrez gain, berrogeialdia amaitutzat eman aurretik, test bat egin beharko dute nahitaez —orain arte ez zegoen horren beharrik—. Neurri horiek bete beharko dituzte txertatuta daudenek ere. Poloniak, berriz, erdira murriztu du jatetxe eta zinemen gehienezko edukiera, hamalau eguneko berrogeialdia egin beharko dute Schengen eremutik kanpoko bidaiariek, eta luzeagoa Afrikako herrialderen batetik iristen direnek.
Neurri horiek guztiek Afrika hegoaldeko estatuak haserrearazi ditu, tartean Hegoafrika. Cyril Ramaphosa presidenteak eskatu die estatuei zabal ditzatela mugak eta has ditzatela berriz ere hegaldiak, «ekonomiak kalte handiagoa» jasan aurretik. Ehunka lagun geratu dira Afrikako hegoaldetik atera ezinik, iparraldeko herrialdeek hartutako neurriaren ondorioz. Harrapatuta geratu direnen artean daude Asier Zabaleta dantzaria eta Marian Gerrikabeitia kazetaria. Gaur zuten Mozambiketik irteteko hegaldia, baina bertan behera geratu da, gutxienez abenduaren 15era arte: «Espainiako Kontsulatuak deitu zigun esateko aireportura korrika joan eta edozein hegaldi hartu behar genuela; ez genuen lortu, ordea».
Datuetatik errealitaterako jauzia
Bost milioi pasa pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz gaur arte, eta 260 milioi kasu baino gehiagoren berri eman dute gobernuek. Baina datu ofizialak dira horiek. OMEk ohartarazi du pandemiak eragindako hildako eta kutsatuak bi edo hiru aldiz gehiago izan daitezkeela. Kasu asko asintomatikoak dira, eta zail da horiek atzematea proba asko egin arren.
Azken datuen arabera, Errusia, Ukraina eta India dira hildako gehien jakinarazi dituzten herrialdeak. 2019ko abenduan pandemia hasi zenetik gogorren jotako estatua, ordea, AEBak izan dira, 776.639 hildako eta 48.229.273 kasu izan baitituzte; jarraian legoke Brasil, 614.278 hildako eta 22,080,906 kutsaturekin; eta India, 468.790 hildako eta 34.580.832 kasurekin.
Kasuekin bezala, txertaketarekin ere alde handiak daude herrialde batetik bestera. Herritarren %54,2 hartu dute COVID-19aren aurkako txertoaren dosiren bat. 7.940 milioi dosi banatu dira mundu osoan; egunean, 29,93 milioi dosi, batez beste; baina irabazi gutxien dituzten estatuetako herritarren %5,8k hartu dute txertoren bat.
ð;ÂÂ;ŸÂÂÂÂ’‰ 7.8 billion COVID vaccine doses have been administered
— Our World in Data (@OurWorldInData) November 25, 2021
ð;ÂÂ;ŸÂ‘¥ 53% of world population with at least 1 dose
ð;ÂÂ;ŸÂÂÂÂŒ Total doses per 100 people
High-income countries: 147
Upper-middle income: 146
Lower-middle income: 68
Low income: 7
Our data on vaccinations: https://t.co/3imP7PqURnpic.twitter.com/b91P1PeyCG