Massimo D'Alema (Erroma, 1949) Italiako lehen ministroa izan zen 1998 bukaeratik 2000. urtera —iraganean Alderdi Komunistan ibilitako lehen ministro bakarra da—, eta Romano Prodiren bigarren gobernuan ere aritu zen (2006-2008), Atzerri ministro gisa eta lehen ministrorde gisa. Gaur egun, Italiani Europei kultura politikoko fundazioko presidentea da D’Alema, eta fundazioaren egoitzan bertan hartu du BERRIA, Erroman. Kazetaria ere bada, eta fundazioaren aldizkariaren beste zenbaki bat argitaratzeko lanean dabil; hain justu, Ekialde Hurbilari buruzkoa izango da osorik.
Hasteko, zer iruditzen zaizu EB Europako Batasunak Ekialde Hurbileko egoeraren inguruan hartu duen jarrera?
Gazako tragediaren harira, EB erabat suntsitzen ari da bere sinesgarritasuna, baita etikari dagokionez ere. Ikusi besterik ez dago EBko 27 herrialdeek, denek, sinatua dutela Erromako Ituna, eta itun horretan oinarritzen dela Nazioarteko Zigor Auzitegia. Gainera, elkartze hitzarmen bat dugu Israelekin, eta hitzarmen horretako 2. artikuluan baldintzatzat hartua dago giza eskubideak errespetatzea. Orain, hitzarmen horretan dugun kidea gerrako kriminal bat da, eta guk sortutako Zigor Auzitegiak emana du hura atxilotzeko agindua. Bestela esanda, Israelekin dugun elkartze hitzarmena urratua dago argi eta garbi. Eta paradoxa bat dago: Europako Batasunak ez du ezer egiten, baina, gainera, debekatua du gauzak nola dauden esatea ere. Neure buruari galdetzen diot ea nola segituko duen Europak giza eskubideei buruz hizketan. Ez du berdin jokatu bi aldeekin, eta tolerantzia izugarria erakutsi du Palestinako sarraskiaren inguruan. Tragedia ikaragarria izateaz gainera –The Lancet-en arabera, 70.000 lagun hil dituzte, eta haietatik %60 emakumeak eta haurrak dira–, Gazako krisiak inpaktu sistemiko handia izan du. Eta horrekin zera esan nahi dut: erabat suntsitu dezakeela nazioarteko lege sistema, baita Mendebaldearen sinesgarritasuna ere, pertsonen oinarrizko balioen eta giza eskubideen zaindari gisa.
Eta AEBetako gobernu berria ere gehitu behar litzaioke horri guztiari…
AEBetako gobernu berriak ideia bakarra du: Israeli nahieran jokatzen uztea, orain arte baino gehiago. Garbiketa etnikoa egiteko eta kolonizazioa bultzatzeko saiakerak jokaleku desegonkor bat dakar ezinbestean, eta auzitan jartzen du estatu juduaren beraren ideia ere, apartheid erregimen batean baizik ezin baitu iraun, eta halakorik ezingo baita luzaroan defendatu nazioartean. Egia da Israelek baduela AEBen babesa, baina ez munduko gainerako herrialdeena. Baliteke Israelgo Estatua paria bihurtzea.
«AEBetako gobernu berriak ideia bakarra du: Israeli nahieran jokatzen uztea, orain arte baino gehiago»
Orduan, zer irtenbide posible daude Palestinako auzian?
Europako Batasunak hau izan beharko luke helburu: Israelgo oraingo gobernu faxista nazioartean bazterrean uzten laguntzeko lan egitea eta alternatiba demokratiko bat bultzatzea, aukera politikoren bat zabaltzeko berriro. EBk badu modua Israeli presio handiagoa egiteko, baina zaila izango da, benetan harrigarria baita zein ahul dagoen orain Europako agintari klasea.
Gertatutakoa gertatu ondoren, mundu arabiarrarentzat zaila da Abrahamen Bakebideari berriz ekitea palestinarrentzako konpentsazio handirik lortu gabe. Seinaleren batek esperantzari berriz bide eman ezean eta, hortaz, Israelgo agintarien artean ere aldaketarik gertatu ezean, egoera oso zaila bilakatuko da nire ustez, baita Europarentzat ere, EBn 30 milioi musulman inguru bizi baitira. Ezin dugu pentsatu besterik gabe elkarrekin biziko garenik hemen. Neurri sendoak hartu beharra dago.
Italiak 2006an Libanoko gatazka geldiarazteko abiatutako ekinaldiaren antzekoak, adibidez?
Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1701. ebazpenaren harira abiatutakoen antzekoak, bai. Orduko hartan, ez ginen hipokritak izan eta ez genuen esan bi aldeek lortu behar zutela akordio bat beren artean; izan ere, gezur hipokrita horri egin behar zioten aurre palestinarrek. Zer alde dira horiek, ordea? Batetik, potentzia militar eta teknologiko handi bat, eta, bestetik, herri sakabanatu bat, lidergo sinesgarririk ez duena. Nazioarteko komunitateak eman behar du irtenbidea, eta indarrez ezarri, legeen bitartez. Libanon, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenari esker geldiarazi zuten gerra, eta nazioarteko indar militarrak zabaldu zituztelako; ez Israel eta Hezbollah ados jarri zirelako. Hau da eredu bakarra: nazioarteko bake konferentzia bat egitea parametroak definitzeko, eta haiek indarrean jartzea, nazioarteko komunitateak bermatutako neurri batzuen bitartez; hori egin ezean, uste dut oso zaila izango dela irtenbidea aurkitzea.
Kurduena da Ekialde Hurbileko beste nazio arazo handia. Berriz argi geratu da Ocalan kurduen liderra zein garrantzitsua izango den arazoa konpontzeko. Zer diozu horri buruz?
Kurduak, azkenean, Mendebaldearen posizio antiislamistarekin lerratu dira beren nazioaren aldeko borrokan. Ulertzekoa da: zenbait sektoretako nazionalismo islamista da kurduen nazio auziaren etsai nagusia, baina kurduek garesti ordaindu dute hori, eta oraindik ere halaxe ari dira. Iraken, kurduek eremu bat irabazi zuten Saddam Husseinen kontrako gerran, eta geroago ere bai, ordena politiko berrian. Arabiar suniten eta xiiten eragin handia gorabehera, komunitate kurdua kontuan hartzekoa da oraindik ere, eta batzuetan funtsezkoa, jokaleku politikoa orekatzeko indar gisa aritzen baita, batez ere arabiar xiiten eta suniten arteko gatazkan. Beste herrialde batzuetan, ordea, kurduak oso-oso egoera bihurrian daude. Alde horretatik, Erdoganek eta Turkiak ere interesa izan behar lukete gai horri modu eraikitzaileago batean heltzeko, batik bat kontuan hartuta Turkiak lider izan nahi duela eskualdean —eta lider nabarmenagoa da Sirian gertatutakoa gertatu ondoren—.
«Kurduak, azkenean, Mendebaldearen posizio antiislamistarekin lerratu dira beren nazioaren aldeko borrokan. Ulertzekoa da»
Hala ere, Erdogan gerra betean dago kurduen aurka, eta Siriako zenbait eremu okupatzeko asmoa du.
Erdoganek bi alde ditu: Turkiako presidentea da, baina Anaia Musulmanen burua ere bai. Egiatan, zentzuzkoa litzateke hark kurduen gatazka baretu nahi izatea eta konponbide bat ezartzea, giza eta nazio eskubideak errespetatuz. Nazio estatuen barnean haiei autonomia emanez konponduko litzateke arazoa, baita haien eskubide linguistikoak, giza eskubideak eta elkartze eskubideak errespetatuz ere. Turkia da gakoa. Turkian akordio bat eginez gero, bidea urratuko litzateke Sirian ere irtenbidea bilatzeko, gaur egungo jokalekua aintzat hartuta. Zera behar da, Ekialde Hurbilean bake programa bat bultzatzeko gai izango den norbait, bi aldeak batera bizitzeko eta gatazkak prebenitzeko modua emango duen norbait. Hori dela eta, Ocalanek berak dioen bezala, kurduen auzia konpontzea ezinbestekoa da plan horretan.
Orain zaila da heldulekuak aurkitzea halako soluzio baterako.
Izan ere, ez dakit nork emango lukeen babesa eta laguntza halako bake prozesu bat egiteko Ekialde Hurbilean. AEBek frogatu dute demokraten agindupean ez direla fidatzeko modukoak, eta horrek segur aski okerrera egingo du Trumpen agintaldian. Beste eragileei dagokienez, ez dut uste prest egongo liratekeenik. Europako Batasuna, ba, hobe aipatu ere ez egitea.
Ekialde Hurbilean gatazka dramatikoak daude nonahi gaur egun, eta ez dago eragilerik gai izango denik irizpide batzuk ezartzeko edo bake plan bat bultzatzeko. Helburu horrek ezin lortuzkoa dirudi oraindik ere, bi auzi sakon ez baitaude konponduta. Eta konponbide falta horrek irudipen faltsu bat sortzen du, egonkortasun irudipena. Bi auzi horietako bat palestinarrena da, eta bestea, berriz, kurduena. Herri horiei etorkizunik eta oinarrizko eskubideak erabiltzeko modurik eman ezean, ez da izango ez egonkortasunik eta ez bakerik.
Donald Trump hasi da Ukrainari buruz Errusiarekin negoziatzen.
Itxura du AEBetako gobernu berriak Errusiarekin giroa baretzea duela helburu argi eta garbi, besteak beste Trump hobeto moldatzen delako Putinekin palestinarrekin baino, botere logika bati segika. Nolanahi ere, ez da erraza izango hori lortzea; izan ere, AEBetako aparatu militarrak, sakoneko estatuak, ez dio Putini irabazten utzi nahiko, eta eginahalak egingo ditu giroa askorik baretu ez dadin.
Nahiko zaila izango da irtenbidea aurkitzea Ukrainako gerrari —eta piztu aurretik bazegoen modua gerra izatea eragozteko—. Pentsatzekoa da Trump saiatuko dela horretan, baina ikusteko dago errusiarrak ere zenbateraino izango diren malguak. Esango nuke, ordea, Zelenski irtenbide bila dabilela.
Latinoamerikari dagokionez, zer espero duzu datozen garaietarako?
Latinoamerikan badago esperantzarako tarterik, Lularen Brasilek irauten baitu oraindik, hamaika zailtasuni aurre egin behar badie ere. Brasil aparta da giza baliabideei eta baliabide intelektualei dagokienez. Baina han ere badago eskuin oldarkor eta biolento hori, eta Trumpen gobernuak babesa emango dio. Eta eskuin berria ere azaldu da eskualdean: Mileirena, Argentinakoa. Zenbait populismo mota daude: batzuk ezkerrekoagoak dira —Mexikokoa, adibidez—, eta beste batzuek eskuineko nazionalismora jotzen dute. Nire iritziz, ona da hainbeste denbora pasatu eta gero Europak akordioa sinatu izana Mercosurrekin; hogei urtez erresistentzian aritu behar izan da, Frantziaren protekzionismoa dela eta.
Gerran dauden beste potentzia batzuei buruz zer diozu? Errusiari buruz, esaterako.
Errusia gain behera doa ezinbestean, eta ez bakarrik demografikoki. Inperioa berrezartzeko amets nazionalista horren gatibu da, baina asmo horrek ez du oinarri errealik. Egia esan, ez dut uste Errusia garrantzitsua izango denik etorkizunean. Hauek izango dira eragile benetan garrantzitsuak: Txina eta India. Goldman Sachsen txosten batek dioenez, 2075ean Txina izango da munduko lehen ekonomia, India izango da bigarrena, AEBak hirugarrena, eta Indonesia laugarrena. Errusia ez da ageri sailkapen horretan. Halakoa da mundua, mundu berria.
«AEBetako aparatu militarrak, sakoneko estatuak, ez dio Putini irabazten utzi nahiko, eta eginahalak egingo ditu giroa askorik baretu ez dadin»
Txinak eta Indiak osatutako ardatz horrek zer eragingo du nazioartean?
Etorkizunean orekak nolakoak izango diren jakiteko, askoz garrantzitsuagoa da aztertzea zer bilakaera izango duen Txinaren eta Indiaren arteko harremanak. Gainerako guztia bigarren mailakoa da. Estatubatuarrek, noski, ahalegina egingo dute liskarrak eta Asiako gatazka nazionalistak nabarmentzeko, baina, Txinak eta Indiak lortzen badute bakeak egitea eta nolabait elkarlanean aritzea, mundua aldatu egingo da. Izan ere, Txina eta India ere potentzia teknologiko handiak dira, elkarren osagarriak. Aliantza horri esker, baliteke Afrikak finantza baliabideak lortzea bere garapenerako, eta baliabide teknologikoak eskuratzea Asiako potentzia handietatik. Bestela esanda: Mendebaldea ezdeus bilakatuko da.
BRICS taldeko herrialdeek duten garrantzi eta eragin gero eta handiagoaz ari zara?
Hori zen funtsean Hegoalde Handiaren ideia: Mendebaldeari ez ikusiarena egin diezaiokeen mundu bat lortzea. Aski da jakitea aurten BRICSeko herrialdeek mundu osoko aberastasunaren %37 ekoitzi dutela, eta G7koek, %29. Aurrea hartuta daude dagoeneko.
Herrialde horiek modurik asmatzen badute elkarlanean aritzeko eta antzinako gatazka nazionalistak gainditzeko, orduan munduak beste toki batean izango du grabitate zentroa. Arrazoizkoa litzateke aukera hori. Eta Errusia ez da haren parte izango. Brasil, berriz, taldeko liderra izango da ziur asko. Espero izatekoa da lidergo demokratikoari eutsiko diola. Dudarik gabe, Brasil zazpigarrena edo zortzigarrena da munduko ekonomiarik garrantzitsuenetan, eta Nigeria ere nagusi izango da Afrikan: ezinbestekoa izango da, Hegoafrika baino garrantzitsuagoa.
Arretaz begiratu behar diegu oreka berri horiei, gero eta zabalduago baitaude. Bestetik, joan den mendean potentzia izan arren gain behera doazenei ere erreparatu behar diegu, hala nola Mendebaldeari. Espero dezagun gainbehera horrek ez eragitea hainbesteko minik, potentziek halakoetan gerrara jo ohi dute eta. Eta horrek berdin balio du AEBentzat eta Errusiarentzat, horretan ez baitago alde handirik bien artean.