Atef Abu Saif.

Palestinarrak ez dira sobran dagoen nazio bat

2025eko otsailaren 10a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Trump presidenteak adierazi duenean plana prestatu dutela Gazako zerrenda husteko eta hango biztanleak beste herrialde batzuetara —batik bat Egiptora eta Jordaniara— bidaltzeko, atsekabe handia hartu dute, mundu guztiko jendeak ez ezik, baita Israelgo alderdi ultraeskuindarrek ere. Ezin dute sinetsi Etxe Zuriko gizon zahar hori hain erradikala izatea eta beraiek baino are urrunago joatea. Haiek baino eskuinerago jarri da Trump, eta edozeinek epela dirudi haren aldean, ia ezkerrekoa. AEBetako presidenteak adierazitako ideiek aurrez aurre jotzen dute nazioarteko komunitateak lortu nahi duen guztiaren kontra. Urte asko eta asko dira proposamen bakarra dagoela mahai gainean: palestinarrei onartzea autodeterminazio eskubidea, 76 okupazio urte hauetan galdua baitute. Bada, Etxe Zuriko buruzagiak bota egin nahi ditu handik.

Plana logika guztiaren eta gizalegearen kontrakoa da guztiz, eta gerra krimena eta gizateriaren kontrako krimena da planteatzea bera ere, baina okerrena da segida eman nahi diola Gazan joan deneko hamabost hilabetean Israelek egindako genozidioari. Israelek, era berean, hilabeteotan segida eman die Nakban egin zuen genozidioari eta garbiketa etnikoari. Trumpek, hain zuzen, aurrera atera nahi du Nakbako garbiketa etniko hori, eta bururaino eraman Israelek bukatu ezin izan duena. Agidanean, prest dago berriz Nabka egiteko, baina nazioarteko eta eskualdeko potentzien adostasunez oraingo honetan. Joan deneko hamabost hilabetean Israelek lortu ez duena egiten ari da Trump bere planaren bidez. Laguntza ematen ari zaio Israeli, militarki lortu behar zuena lor dezan. Beraz, uste dut Trump zigortu egin beharko luketela horregatik. Ez da harritzekoa auzitegian 30 akusazio baino gehiago dituen gizon batek legea haustea. Baina, orain ere, nazioarteko komunitateak ez luke onartu beharko halako gizon batek azken duintasun hondarra kentzea nazioarteko legeari.

Trumpek ez daki zer den arbasoen aberria, ez ditu gogoan atxiki mila urteko oroitzapenak bere herrialdeari eta lurrari buruz, eta horregatik ulertzen da zein erraz eskatzen dien besteei beren herritik alde egin dezatela. Trumpek ez daki zer den oinordetzan hartzea herrialde bat, historiaren hasiera-hasieratik zure arbasoen etxea izandakoa. Ez zaio iruditzen zerikusirik daukanik herrialde horretako harri eta zuhaitz bakoitzarekin. Ez daki zehatz-mehatz zer den herrialde bat izatea eta hura salbu gorde nahi izatea hurrengo belaunaldientzat, ez daki zer den zure herrialdean aspaldi-aspaldikoak izatea orain zu bizi zaren herri eta hiriak, zer den halako herrialde bateko kide izatea, baina gizon-emakume palestinarrak ibiltzen diren kale horiexetan ibili ziren haien arbasoak kanaandarren garaian. Historia duen herrialde bat da. Arnasten duten aire hori bera arnastu zuen haien herrikide Jesusek bi mila urte lehenago. Igeri egiten duten itsaso horretatik bertatik abiatu ziren marinel feniziarren ontziak Europarantz. Batzuetan, Trump desenkusatu beharra dago, harentzat enpresa baten parekoa da herrialdea, eta edozein saltzen da merkatuan. Ulertu beharra dago historiaz ezertxo ere ez dakienez zentzugabekerian erortzen dela.

Palestinarrek Trumpen logika onartu eta uko egin baliote beren aberriari, akaso ez ziren kanporatuak eta sarraskituak izango ia 80 urtean. Bizirik aterako ziren, beren herrialdea deuseztaturik. Herrialdetik alde egin nahi izan balute, lehenago egin zezaketen, zain egon gabe Trumpek esan arte zer komeni zaien. Ondotxo dakite, ordea, hobe dutela beren herrialdean geratzea, kosta ahala kosta. Ez dute Trump bezalako baten aholkurik behar.

Palestinarren auzia nahita sortu zuten, nazioarteko komunitatearen ebazpen burugabe batzuen bitartez. Nazioarteak egositako auzi bat da.

Palestinarrak ez dira sobran dagoen nazio bat. Ez dira zama bat. Inor ez dago sobran: estatu bat falta da, Palestina. Gazako eta beste tokietako palestinarrak ez dira inora joango. Leku bakar bat izan nahi dute bizileku. Haien lekua da, haien arbasoen lekua, haien ondorengoen lekua. Palestinarrentzat, kontua ez da bizi kalitatea, ez da bizi maila ona izatea, ez da bizimodu oparoa izatea, ez da ekonomia. Haientzat, kontua etxean egotea da. Berena berreskuratzea.
Trumpen astakeriek ez dute bakerik ekarriko Palestinara. Tirabira eta gatazka gehiago ekarriko dituzte. Badirudi Trumpek ez dakiela eskualdeko herrialdeen harremanak zertan diren, eta ez duela arrastorik ere gatazka honen historia zein den. Palestinarrei boterea eman eta haien estatua onartzea proposatu beharrean, handik bidali nahi ditu. Asmo horrek porrot egingo du berriz ere, palestinarrek beren herrialdean geratzea baitute premia bakar, baina plan ergel horrek arriskuan jarriko ditu eskualde guztiaren egonkortasuna eta etorkizuna.

(ID_14664896) MIDEAST PALESTINIANS ISRAEL GAZA CONFLICT
Desplazatutako palestinar batzuk Gaza iparraldera bidean, atzo. MOHAMMED SABER  / EFE

Palestinaren auzia nahita sortu zuten, nazioarteko komunitatearen ebazpen burugabe batzuen bitartez. Nazioarteak egositako auzi bat da. Palestinarrak bakean bizi ziren sorterrian harik eta Europako potentzia nagusiek erabaki zuten arte Israelgo Estatua sortzea palestinarren lurrean, bazter batean utzirik palestinarren independentzia nahia eta estatua izateko asmoa. Bi herriei estatu bana egiteko promesa ere ez zuten bete. Europar kolono juduentzako estatu bat jarri zuten herrialdean —1950eko urteetan, herrialde arabiarretako juduak batu zitzaizkien—, eta lur haien jabeak erbesteratu egin zituzten, beren hiri eta herrietatik kanporatu, nire familia barne. 1948an halako bidegabekeria eta injustizia egin zuten arren, oraindik ez dute sortu beste estatua, arabiarren estatua. Gaur egun, Nakba izan eta 76 urtera, Trumpek berriro erbesteratu nahi ditu palestinarrak, konturatu gabe palestinarrek aukera bat bakarra dutela: beren herrialdean geratzea, hura ez galtzeko borrokatzea eta beren estatua sortzea bertan.

Trumpek zentzuzko akordio bat bultzatu nahi badu, badaki nolakoa behar lukeen. Kontuan hartu behar luke palestinarren nazio eskakizuna, eta lagungarria behar luke 1917az geroztik egin dieten bidegabekeria nolabait zuzentzeko bidean.

Trumpek zentzuzko akordio bat bultzatu nahi badu, badaki nolakoa behar lukeen. Kontuan hartu behar luke palestinarren nazio eskakizuna, eta lagungarria izan behar luke 1917az geroztik egin dieten bidegabekeria nolabait zuzentzeko bidean — Europako potentziek urte hartan erabaki zuten palestinarrak erbesteratzea—. Esango nuke badakiela zer egin behar duen, baina ez duela egin nahi. Ideia guztiz zoroak bultzatu nahi ditu. Uste du mundua bere enpresa dela eta nahieran erabil dezakeela. Politika tratu bat da harentzat.

Sinatu berri dituen dozenaka neurri horiek agerian utzi dute zentzu onik gabeko gizona dela eta ez dituela errespetatzen besteen sentimenduak eta interesak. Egokitzat daukan edozer egin dezakeen bakarra balitz bezala jokatzen du, besteek kontra egiteko eskubiderik ez balute bezala. Horrenbestez, arrunt arriskutsua da gure zibilizazioaren etorkizunerako. Uste dut AEBetako demokrazia arriskuan dagoela haren pentsaeraren ondorioz, eta jokoan dagoela AEBetako sistema politikoaren etorkizuna.

Trump auzoari su eman nahi dion mafiosoaren tankerakoa da. Bidea itxi behar zaio. Mundu zibilizatuko jende zentzudunek esku hartu eta erabaki behar dute halako pertsona batek ez duela tokirik munduko liderren artean. Orain, Trumpek erabaki du palestinarrak Gazatik kanporatzea dela palestinarren nazio auzia konpontzeko modua; bihar, are konponbide arriskutsuagoak proposatuko ditu beste gai batzuetan, Europa barne. Inor ez da libratuko haren erokeriatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.