Palestina

Palestinar bat hil dute tiroz Nablusen, astebetean seigarrena

Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, bularrean egin diote tiro 29 urteko Junis Ghasan Tayehri.

Mohamed Saba'neren hileta, atzo, Jeninen. Saba'ne Jeniinen hil zuten atzo tiroz. ALAA BADARNEH, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko irailaren 7a
10:48
Entzun

Israelgo armadak beste palestinar bat hil du Zisjordanian, astebetean seigarrena. 21 urteko Junis Ghasan Tayehri tiro egin diote bularrean, eta tokian bertan hil da, Palestinako Osasun Ministerioak zabaldu duenez. Al-Fara'a herrian izan da tiroketa, Nablustik gertu, Zisjordanian. Armadako iturrien arabera, borrokak izan ziren miliziano palestinarren eta militarren artean, eta lehenengoek lehergailuak jaurti zizkieten soldaduei.

Operazio berean, eta Wafa albiste agentziaren arabera, soinu bonbak eta negar gasa jaurti zizkieten militarrek palestinarrei, eta preso palestinar ohi baten etxea miatu zuten Al-Fara'an. Orotara 27 palestinar atxilotu dituzte azken orduetan Zisjordanian eginiko operazioetan.

Apiriletik, 90etik gora palestinar hil ditu Israelek Nablusen eta Jeninen, eta 1.500 atxilotu ditu, Olatua hautsi izeneko operazioan. Hildakoen artean zibilak, adingabeak eta kazetariak daude, Shireen Abu Akleh besteak beste. Hura ere Jeninen hil zuten, errefuxiatu kanpalekuan, buruan tiro bat jota.

Hain zuzen, Israelek herenegun aitortu zuen litekeena dela soldadu batek hil izana Al-Jazeerako kazetaria, baina gaineratu zuen ez duela ikerketarik hasiko, soldaduek ondo jokatu zutelako «palestinar armatuen aurrean». Israelgo armadak esan zuen akats bat izan zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.