Israelgo funtzionarioek kartzeletan egiten duten errepresioa salatzeko asmoz, Palestinako Presoen Elkartea gose greba masibo bat hastekoa da. Hori jakinarazi du Addameer giza eskubideen alde lan egiten duen GKE gobernuz kanpoko erakundeak. Horren arabera, gose grebarekin «beste pauso bat» emango dute, eta jarraipena eman azkeneko bi asteetan preso palestinarrek egindako desobedientzia zibileko ekintzei —eserialdiak, janaria kolektiboki itzultzea eta, besteak beste, eguneroko zenbaketaren prozesuan ez parte hartzea—. Horrekin lotuta, Khalil Awawdeh Palestinako presoak 182 egun daramatza gose greban.
Bestalde, zenbait hedabidek jakinarazi duenez, Israelek bi gazte palestinar hil ditu bart Zisjordanian. Horietako batek Samer Khaled zuen izena, eta 25 urte zituen. Balatako errefuxiatu kanpalekuan bizi zen, Nablus ondoan. Maan News egunkariaren arabera, lepoan egin diote tiro Israelgo soldaduek. Besteak Jazan Afana zuen izena, eta 26 urte zituen. Beit Ilmako errefuxiatu kanpalekutik gertu hil dute, The Times of Israel egunkariaren arabera. Buruan tiro eginda hil dute.
Palestinako segurtasun iturrien arabera, Israelgo soldadu eta polizia ugari sartu da gauean Balatako errefuxiatu kanpalekuan atxiloketak egiteko, eta palestinarrak protesta egitera atera dira kalera, soldaduen bidea oztopatzera. Iturri horien arabera, teilatu batean zegoela jo diote tiroa Afanari.
Azken egunetan, liskarrak areagotu egin dira Zisjordanian. Israelgo soldaduek eta poliziek sarekadak ugaritu dituzte palestinarrak atxilotzeko.