Nerabe palestinarren atxiloketak haiengan dituen eragin fisiko eta emozionalak ikertzen dituen txosten bat argitaratu du Save The Childrenek. 2020an argitaratutakojarraipena da oraingoa, eta 228 nerabek parte hartu dute prozesuan. Galdetegia osatutako gazteen %60k makila edota arma batekin jo dituztela adierazi dute, eta %70ek, abusu fisikoak jasan dituztela.
Vicente Raimundo Espainiako Save The Childreneko nazioarteko programen eta giza ekintzen zuzendariak txostenaren jatorria azaldu du: «Unicefek 2013. urtean salatu zuen ume palestinarren egoera. Onartezina da Israelek ume palestinar atxilotuak sistema militar batean sartzea. Gaur egun, umeak sistema militarizatu baten bidez kudeatzen dituen herrialde bakarra da Israel. Harrezkeroztik, guk egindako txostenak Unicefek salatutako egoeraren eguneraketak izan dira, bai 2020koa eta bai aurten argitaratutakoa».
228 gazteetatik 117k indibidualki bete dituzte inkestak, eta 51k taldean eztabaidatu dute Save the Childreneko langileekin. «Ez da erraza gazteek beren esperientziak kontatzea. Horregatik, eguneroko lana da haiekin egiten duguna. Palestinan lanean dauden Save The Childreneko langileek zerbitzu ugari eskaintzen dizkiete gazteei. Horrela, haiekin bizikidetza partekatuz, horrelako proiektuak egiteko aukerak sortzen dira», dio Raimundok.
Parte hartzaileen %97 mutilak izan dira. 15 eta 21 urte bitarteko gazteak dira, baina 12 eta 17 urte bitarte zituzten atxilotu zituztenean. Nerabeak, gehienbat, harriak jaurtitzeagatik atxilotu zituzten. Israelgo justiziak 20 urteko kartzela zigorra aurreikusten du delitu horrentzat. Azkeneko hiru urteetako atxiloketak ikertu dira txostenean, eta gehienak (%71) aurreko urtean izan ziren.
Save the Childrenen datuen arabera, iaz batez beste hilean 137 gazte palestinar egon ziren atxilotuak Israelgo kartzeletan. Horrez gain, gobernuz kanpoko erakunde horrek ondorioztatu du gizon palestinarren %40 noizbait atxilotuak izan direla 1967. urteaz geroztik. 20.000ra iristen da azken 10 urteetan atxilotutako ume palestinarren kopurua.
Galdeketetan, gazteen erdiek pasatxok diote Israelgo armadak ez ziela janik eman, eta %40k ez ziela urik eman. Mehatxu fisikoak galdetuen erdiek sufritu zituzten, eta familiarenganako mehatxuak, berriz, %46k. Galdeketak leku ezezagunetan egin izan ohi dituzte, leku itxi eta ilunetan. Ondorioztatu dute ikertuen %73 hebreeraz idatzitako dokumentuak sinatzera behartu zituztela, haiek hizkuntza hori ulertu gabe.
Galdeketetan, ohikoak dira eraso fisikoak eta abusuak. Horrez gain, %44 beste atxilotu baten kontrako abusuak ikusi eta entzutera behartu zituzten; abusu fisiko horien barruan, sexu erasoak kontuan hartu dira. Ukituak edota genitaletan emandako kolpeak pairatu zituzten nerabe batzuek. Horrez gain, erabat biluzteko aginduak hamar umetik zazpik jaso zituzten, eta hori ere sexu abusu moduan identifikatu dute.
Atxiloketaren ondorioz, nerabeen %54k ezezagunekin kontaktua izatea erabat saihesten dute orain. Ia erdiakez dira seguru sentitzen etxetik kanpo, eta oso zaila zaie bertatik ateratzea. Etorkizunari begira, %32k ez dute aspiraziorik, ez dute itxaropenik aurrera begira. Askok eskola utzi dute kartzelagatik.
Eskakizunak Israeli
Israelen ikuspuntua zirraraz deskribatzen du Save The Childreneko ordezkariak: «Ez dugu ulertzen nola, denbora pasatzen den heinean, Israelek ez dituen aurrerapausoak ematen giza eskubideetan. 1967. urtetik luzatzen ari den egoera bat da, eta urtetik urtera datuak beldurgarriagoak dira. Harrigarria eta tristea da».
Munduko gainerako gizarteen jarrera ere nabarmendu du Raimundok: «Jende askorentzat, Israelen eta Palestinaren arteko gatazka pixkanaka ahaztuz doan zerbait da. Noizean behin misilak edota lehergailuak jaurti direla entzuten dugu, baina gatazka askoz sakonagoa da. Jendearen pasibotasunak bidea libre uzten dio Israeli».
Azkenik, Save The Childrenek ondorioen atal bat sartu du txostenean. Bertan, bi eskakizunegin dizkio Israelgo Gobernuari: alde batetik, haien sistema nazioarteko zuzenbidera egokitzeko, adingabeen justiziako neurriak betez; eta, beste aldetik, aditu batzueisartzen uzteko, haien sistema ikuska dezaten.
Israelek Save The Childrenen eskakizunak entzuteko gakoak helarazi ditu Raimundok: «Guk ez diogu ilargia eskatzen Israelgo Estatuari; begiak ireki ditzan nahi dugu. Horretarako, badakigu oso garrantzitsua dela Tel Avivekin kontaktuak dituzten erakundeek gure txostenaren berri ematea».
Palestinako gazteen ikara
12 eta 17 urte bitarteko bost nerabe palestinarretik lau jipoitu egin dituzte atxiloaldian. Hori da Save The Childrenek 228 adingaberi galdetu ondoren ateratako ondorioa. Israelgo armadak «sistema militarizatu» baten bidez kudeatzen ditu gazte atxilotuak, eta tratu txarrak ohikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu