Ekialde Hurbila

Palestinako Al-Fatahk eta Hamasek adiskidetze akordioa sinatu dute

Bederatzi puntu jasotzen dituen itun bat adostu dute, Aljerren, 15 urteko zatiketari amaiera emateko helburuarekin. Dokumentuaren arabera, urtebeteko epean bozak antolatuko dituzte Israelek okupatuta dauzkan lurraldetan, eta PAE «herri palestinarraren ordezkari legitimo bakar» aitortzea dute xede.

jarraia219457.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 14a
13:01
Entzun

Palestinako Al-Fatahk eta Hamasek —PAHF Palestina Askatzeko Herri Frontearekin eta herrialdeko beste hamabi talderekin batera— bederatzi puntu jasotzen dituen akordio bat sinatu zuten atzo, Aljerren, bi aldeen arteko zatiketari amaiera emateko eta herrialdearen «batasuna» lortzeko. Hain zuzen, bozak egitea adostu dute, hainbat hilabetez hitz egin ondoren, Aljeria bitartekari zela. Hamasek 2006an hauteskunde legegileak irabazi ostean, Gazako zerrendaren kontrola hartu zuen 2007an, eta, ordutik, Palestinako organizazio politiko islamista eta Palestina Askatzeko Erakundeko talde nagusia elkarrengandik aldenduta egon dira.

Aljerko Adierazpena deituriko adostasunen artean nabarmentzen dira, besteak beste, Gazako –Hamasek kontrolatzen du–, Zisjordaniako –Fatahk gobernatzen du– eta Jerusalem ekialdeko –Israelek okupatua du– hauteskunde legegileak eta presidentetzarakoak urtebeteko epean antolatzea. Hori da, hain zuzen, aurreko adiskidetze akordioetan porrot egin duten asmoetako bat. Horrez gain, dokumentuaren lehen puntuak jasotzen duenez, Mahmud Abbas buru duen PAE Palestina Askatzeko Erakundea «herri palestinarraren ordezkari legitimo bakar» aitortzea da xedea.

Halaber, itunak Palestinako diaspora «integratzeko» eskatzen du, eta zatiketa amaiarazteko neurri praktikoak hartzeko, baita PAEren eginkizuna «indartzeko» ere. Bosgarren puntuak, berriz, dio alderdiek erabaki dutela urtebeteko epean hautatzea Palestinako Kontseilu Nazionala —PAEren barneko organo gorena—, eta kontseilu hori «ordezkaritza proportzional integralaren sisteman oinarrituta» egongo dela. Palestinar erakunde nazionalak «federatzea» ere jasotzen du hitzarmenak, «Israelen okupazioari aurre egiteko». Bederatzigarrenak, azken puntuak, dio Aljerko Adierazpenaren aplikazioa gainbegiratzeaz eta arduratuko den lantalde aljeriar-arabiar bat sortuko dutela.

Hori bai, Hazem Qassem Hamaseko bozeramailearen arabera, akordioak ez du biltzen batasuneko gobernu bat eratzeari buruzko atalik, baina bai PAEren egituren garapenari, kontseilu nazionalaren eraketari eta hauteskunde legegileei eta presidentetzarakoei buruzko alderdiak.

«Egun tristea okupatzailearentzat»

Sinadura ekitaldiaren ondoren, Al-Fatahko goi funtzionarioak, Azzam al-Ahmadek, esan zuen akordioa «bete» egingo dutela, zatiketa atzean utzita. Hamaseko buru Ismail Haniyehk, berriz, adierazi zuen itunak «eguna zoriontsu» bilakatu zuela palestinarrentzat, eta «triste okupatzailearentzat [Israelentzat]». Bide beretik, Aljeriako presidente Abdelmajid Tebbuneren esanetan, bi aldeek akordio «historikoa» lortu zuten. PAHFko idazkari nagusi Ahmed Majdalaniren esanetan, helburu nazionala da «errefuxiatuen itzultzeko eskubidea lortzea eta palestinar estatu independentea ezartzea».

Palestinako antolakunde politiko islamista eta Palestina Askatzeko Erakundeko talde nagusia ados jarri dira, batez ere Palestinako egoerak «statu quo-a» bultzatzen eta «Ekialde Hurbileko bake prozesuaren porrota elikatzen» dituelako, Israelgo okupazioari «mesede» egiteaz gain.

Aljeriako presidenteak bultzatuta, Al-Fatahren eta Hamasen arteko elkarrizketa «goi mailako topaketarekin» egin zen, urtarriletik irailera bitartean. Aljerrek Palestinako alderdi guztiak hartu zituen Batasun Palestinarraren aldeko konferentziaren bileran. Uztailaren 5ean, Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek eta Hamaseko buruak egindako bilerak «bide eman zien» egunotan Aljerian egin diren negoziazioei.

Al-Fatah eta Hamas aldez aurretik saiatu ziren euren arteko krisia konpontzen hainbat elkarrizketa saiakeratan, eta, lehenago, bitarteko gobernu bat osatzea ere adostu zuten. Oraindik, ordea, adiskidetzerik ez da gauzatu erabat.

Tebbunek datorren hilabetean Aljerren egitekoa den Liga Arabiarraren goi bilera baliatu nahi du Aljeria herrialde gisa sendotzeko. Presidenteak hilabeteak eman ditu Palestinako alderdiekin solasean, akordio baterako bidea errazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.