«Palestina film bat izango balitz, hau azken kapitulua besterik ez litzateke izango»

Farajallah eta Alhossary hurbiletik jarraitzen ari dira Gazan eta Zisjordanian gertatzen ari dena. Senideak eta lagunak dituzte bertan. Zaila da haiekin harremanetan jartzea. Egoera ez dela «batere ona» helarazi diete.

Mahmud Alhossary eta Mohammad Farajallah
Bizkaian bizi dira Gazako Mahmud Alhossary eta Zisjordaniako Mohammad Farajallah palestinarrak. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko abenduaren 8a
05:05
Entzun

«Hemen aukera asko dituzu: kafesnea, ebakia, laktosarik gabeko esnea... Palestinan, berriz, bi aukera besterik ez: bizitza ala heriotza». Mezu irmoa bota du Mohammad Farajallah ekintzaile palestinarrak. Eta alboan eserita duenak, Mahmud Alhossaryk, borobildu egin du: «Ez dizute ezta bizitzeko aukerarik ere ematen; zoriaren esku dago». Farajallah Zisjordanian dagoen Hebron hirikoa da; Alhossary, berriz, Gazan jaio zen. Gaur egun, Euskal Herrian bizi dira biak. Milaka kilometrora egonda ere, hurbiletik ari dira jarraitzen Palestinan gertatzen ari den guztia. Izan ere, bi lagunek argi utzi dute urriaren 7an ez zela ezer hasi. «80 urte baino gehiago daramatzagu horrela; sarraski eta gerra ugari egon dira», ohartarazi du Alhossaryk.

Palestinan gertatzen ari dena «gatazka» izendatzea okertzat jo du Farajallahk. «Okupazio bat da». Azaldu duenez, senide guztiek bizi izan dute «garai gogorren» bat: «Nik, gurasoek, aitonak... bakoitzak bere momentuan». Hain zuzen, lehenengo intifadan jaio zen bera. «Harriak tankeen kontra, horrela deitu zuten». Umea zenean, galderak egiten zizkion bere buruari: «Zer ari da gertatzen? Zergatik zarata hori?». Txikitatik egoera hori bizi izan zuenez, Farajallahk uste zuen mundu guztian berdin gertatzen zela. 2014an, Palestina utzi eta Zornotzara (Bizkaia) joan zenean, konturatu zen hori ez zela horrela: «Hori ez da bizitza».

Lehenengo intifadak 1995era arte iraun zuen. Handik 2000ra bitartean, «lasaitasunez» bizi ahal izan ziren Palestinan, baina «baliabiderik gabe». Urte hartan, bigarren intifada hasi zen: «Gogorragoa izan zen hori: lurretik ez ezik, airetik ere egiten zuten eraso». Zazpi urte iraun zuen. Segituan, baina, Gazaren aurkako gerra hasi zen. «2000. urtetik ez dugu lasaitasunik izan: Gazan amaitzen dutenean, Zisjordanian hasten dira, eta gero berriro buelta Gazara».

«Munduan bizi diren zortzi mila milioi herritarrek eskubidea dute portu eta aireportu horiek erabiltzeko, Palestinako pasaportea dugunok izan ezik». 

MOHAMMAD FARAJALLAHEkintzaile palestinarra

Alhossaryk ez ditu intifadak ondo gogoratzen, baina ondo gogoan du 2008ko gerra. Izan ere, urte horretatik, lau gerra izan dira Gazan, eta laurak bizi izan ditu. Are, adierazi du ez direla «gerrak» izan, «sarraskiak» baizik. Lehenengoa hasi zenean, eskolan zegoen, kurtso amaierako azterketa bat egiten. «Bonbardaketa hasi zen, eta segundo gutxitan 500 pertsona hil zituzten». 2016an utzi zuen Alhossaryk Palestina; Balearretara (Herrialde Katalanak) joan zen ikastera. Bere ametsa munduan zehar bidaiatzea zen, eta bazekien Palestinan egonda ez zuela hura bete ahal izango.

Izan ere, bere lagunak azaldu duenez, «Palestina okupatuan» bi aireportu eta hiru portu daude: «Munduan bizi diren zortzi mila milioi herritarrek eskubidea dute horiek erabiltzeko, Palestinako pasaportea dugunok izan ezik». Hori ez ezik, gainerako guztia ere Israelen kontrolpean dago. «Jendeak edaten duen ura, jaten dituen kaloriak... dena kontrolatzen dute; nik hamar urte eman nituen argirik gabe», azpimarratu du Alhossaryk. Horregatik utzi zuen bere herria. Gogorra izan zen senideak, lagunak eta tokia bera bertan uztea, baina ez zuen beste aukerarik izan. 2017ko amaieratik, Bilbon bizi da.

Palestina utzi orduko, hiru gerra bizi izan zituen Alhossaryk. Sei urte eman zituen Palestinara bueltatu eta familia ikusi gabe. Itzuli zenean, laugarren gerrak bertan harrapatu zuen: «Alde egin nezakeen arren, senideekin geratzea erabaki nuen». Esan duenez, bizitako guztiak ez dio traumarik eragin; «ohituta» dago egoera horietara. «Bonba bat edota misil bat nire ondoan erortzen bada, ez da berria niretzat».

Ohituta dagoenez, Alhossaryk ez du iltzatuta geratu zaion oroitzapenik. Farajallahk, berriz, hainbat ditu: «Istorioak kontatzen hasten banaiz, ez dut amaituko». 10 urte zituenean gertatutako bat ekarri du gogora, bi lehengusurekin aitonaren etxera zihoazenean gertatutakoa. «Bide erdian, etxeratze agindua eman zuten israeldar soldaduek; agindu hori ez da pandemian emandakoa bezalakoa: pixka bat mugitzen bazara, tiro egiten dizute». Soldaduak oihuka hasi zitzaizkien hiru haurrei, eta handik alde egiteko exijitu zieten. Oinez hasi zirenean, baina, bonba bat bota zieten: «Lehengusuei esan nien: hasi korrika, hilko garelako». Bonba jaurti eta hiru segundora, eztanda egin zuen. Soinua eragiten zuen bonba bat zen. «Bonben eta armen ezagutza handia dugu orain», dio barrez Farajallahk. Eta halaxe egin zuten momentu hartan ere: «Barrezka hasi ginen, ez barregarria zelako, baizik eta hil ez ginelako».

Itxaropenak eta fedeak mantendu dute Palestinako herria bizirik urte hauetan guztietan, Zisjordaniako lagunaren arabera: «Duela 75 urte okupatu zuten Palestina, gu baino indartsuagoak dira, baina noizbait Palestina libre izango den itxaropena daukagu; itxaropena galtzen badugu, Palestina eroriko da».

Eraso egiteko «aitzakia»

Atzo bete ziren bi hilabete milizia palestinarrek Israeli eraso egin eta Israelek Gazaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik. Ez dute berdin gogoratzen urriaren 7a bi palestinarrek, baina gauza bat argi dute: «Sarraskia» aurretik dator. «Palestinaren okupazioa film bat izango balitz, hau azken kapitulua besterik ez litzateke izango», esan du Farajallahk. «Jendeak ezin digu esan orain txarrak garenik; gizakiaren erreakzio bat da seme-alabak babestea». Erantsi du aurtengo urtarrilaren 1etik urriaren 6ra arte, Zisjordanian 100 etxe baino gehiago suntsitu, 35 urte baino gutxiago zituzten 230 gazte hil, eta 3.000 pertsona baino gehiago atxilotu zituztela.

Lehenengo momentuan «poztasuna» sentitu zuen Farajallahk: «Ikusi nuen justizia pixka bat egingo zela; egun hori baino lehen, nork galdetu zuen Palestinan gertatzen ari zenaren inguruan? Inork ez». Komunikabideetan ere ez zen ezer agertzen. «Pentsatu nuen ere aukera egongo zela 10.000 preso palestinarrak askatzeko; izan ere, urriaren 7tik, 4.000 palestinar atxilotu dituzte arrazoirik gabe, horien artean daude nire osaba eta iloba». Poztasuna sentitu bazuen ere, bazekien Israelek erantzungo zuela. Eta horrela izan zen.

Alhossaryk argi ikusi zuen zer gertatuko zen: «Mundu guztiaren aurrean Palestinarekin amaitzeko aitzakia izango zutela pentsatu nuen; eta Ameriketako Estatu Batuen, Europaren eta mundu osoaren babesa izan dute horretarako». Haren ustez, Israelen helburua da Palestinarekin, palestinarrekin eta Palestinarekin zerikusia duen ororekin amaitzea. «Egun, Google Mapsen ez da Palestina agertzen, eta adimen artifizialari galdetzen badiozu ea Palestinak eskubidea duen herrialde independente gisa bizitzeko, ezetz erantzuten du; kontrara, esaten du Israel beste edozein herrialde bezalakoa dela eta israeldarrek badutela bizitzeko eskubidea».

«Udalean, metroan eta futbol zelaietan ikusi ditut Ukrainaren aldeko banderak, eta orain Palestinaren aldekoak debekatu dituzte». 

MAHMUD ALHOSSARY Gazako palestinarra

Palestina ez da Israelen helburu bakarra, Farajallahk argitu duenez. «Sionismoa sortu zuen Theodor Herzlek, eta haren asmoa zen Israel ibaitik ibaira sortzea; hau da, Egiptoko Nilo ibaitik, Irakeko Eufrates ibaira». Horrek «bost edo sei» herrialde hartzen ditu, eta ez soilik Palestina. Israelgo banderan dauden bi lerro urdinek ibaiak irudikatzen dituzte. «Hori da Israelen helburua; Palestina erortzen bada, agur Egipto, Jordania, Libano, Siria... Palestinak ez du bakarrik Palestina defendatzen, mundu osoa defendatzen du».

Fisikoki Bilbon dagoen arren, burua Gazan du Alhossaryk: ehun senide baino gehiago ditu bertan —gurasoak, anai-arrebak, lehengusu-lehengusinak, izebak, osabak...—, eta zaila egiten zaio haiekin hitz egitea. Oraintxe, hiru egun daramatza ezer jakin gabe. «Konexioak mozten dizkiete, eta ezin dut haiekin hitz egin». Behin, bi aste eman zituen haiei buruz ezer jakin gabe. Hitz egin ahal izan dutenean, senideek esan diote ez dutela urik eta aurkitzen dutena jaten dutela. Momentu honetan, desplazatuta daude. Are, hiru lagun galdu ditu.

Senideak baino gehiago, lagun ugari ditu Farajallahk Gazan. «Whatsapp talde bat egin dugu egoeraren berri izateko; argi adierazi didate egoera ez dela batere ona, lagun batek esan dit gosez hilko dela». Ez du sekula pentsatu hain gaizki pasatuko zuenik. «Mentalki suntsituta gaude, ez dut inoiz pentsatu lo egiteko pilulak beharko nituenik».

Gaur, Gernikan

Komunikabideen jarrera kritikatu dute bi lagunek. «Alde batean bakarrik jarri dute arretagunea», esan du Alhossaryk. Eta Farajallahk gehitu du Israelen hildakoak egon direnean hasi direla horri buruz hitz egiten. Erakundeak ere interpelatu dituzte. «Udalean, metroan eta futbol zelaietan ikusi ditut Ukrainaren aldeko banderak, eta orain Palestinaren aldekoak debekatu dituzte», salatu du Alhossaryk.

«21.000 bizitzari buruz ari gara hitz egiten, sarraski bat da, Zornotzan 19.000 lagun bizi dira, herri oso bat ezabatzea litzateke», nabarmendu du Farajallahk. Horiek horrela, mobilizatzeko beharra ikusi du. Hainbat aukera eman ditu horretarako: «Manifestazioetara eta ekintzetara joan, produktuei boikota egin». Hain zuzen, gaur Gernika-Lumon (Bizkaia) antolatu duten mobilizaziora deitu du euskal gizartea. «Garrantzitsuak dira horrelako mobilizazioak, palestinarrei itxaropena helarazten diegulako». Mosaiko erraldoia egingo dute 1937an bonbardatu zuten merkatuan, eta ekitaldia egingo dute gero. Euskal Herriko eta Palestinako artista eta sortzaile ugarik parte hartuko dute, eta Ken Zazpiren Gernika kantaren moldaketa ere aurkeztuko dute: Gernikan, Gazan.

Palestinaren okupazioa amaitzeko, aukera bakarra iruditzen zaie hura babesten duten herrialdeek dirua eta armak bidaltzeari uztea. «Palestina osoa buelta dadila, Palestinako Gobernua egon dadila, juduak gera daitezela lasaitasunean eta bakean bizitzen, eta Palestinatik kanpo dauden palestinar guztiak bueltatu daitezela». Bien bitartean, isiltzeko asmorik ez dauka Farajallahk. «Urriaren 7tik, sare sozialetako kontua zazpi aldiz blokeatu didate». Izan ere, Palestinaren aldeko eduki guztia kontrolatzen ari dira sarean. Horregatik, Farajallahk argi dauka Palestinara bueltatzeko ateak itxi dituela posizio horrekin, baina hori baino garrantzitsuagoa da herria babestea: «Orain egiten ari naizena herriaren alde egiten ari naiz, eta horrek prezio bat dauka; Palestinara itzultzen banaiz, zuzenean atxilotua izateko arriskua daukat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.