Hyrbyar Marri. Balutxistango askapenerako buruzagia

«Pakistango militarrak dira talibanak, baina uniforme gabeak»

Erresistentzia balutxearen ikurretako baten semea da, eta Pakistanek luzaroan eragin duen errepresioa borrokatzen du Londrestik.

Londres
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Osama Bin Laden hil eta urtebetera, buruzagi balutxe nagusietako batekin hitz egin du BERRIAk. «Muturreko islamisten lehen biktimak izan ginen balutxeok», diosku Hyrbyar Marrik. Gordina bezain ezezaguna da haren herria pairatzen ari den jazarpena.

Zein da balutxeen egoera egun?

Iran, Pakistan eta Afganistango mugek banatuta bizi gara. Ekialdeko Balutxistan independentea izan zen bederatzi hilabetez, Pakistanek 1948an inbaditu zuen arte. Jendea ia egunero desagertzen da bertan, zerbitzu sekretuen eskuetan. Egun gutxiren buruan, euren gorpuak agertzen dira kalean; askotan, mutilatuta edota tortura arrasto nabarmenak agerian dituztelarik. Islamabadek gure herriaren askatasun garrasia mututu nahi du, terrorearen bidez. Kamera geldo erako genozidioa pairatu dugu azken 63 urteotan balutxeok.

Balutxe batzuk autodeterminazioa eskatu ohi dute; zuk, ordea, independentzia.

Okupazioa legeztatzea besterik ez da autodeterminazio aldarri hura, elkarrekin bizitzeko inoiz adostu izan bagenu bezala. Gure independentzia Pakistan sortu baino lehen aldarrikatu genuen balutxeok; huraxe, eta ez besterik, izan da beti gure nahia.

Politika parlamentarioa ukatu ohi duzu, borroka armatuaren alde lerrokatuz beti. Areago, gerlarien buruzagitzat jo zaituzte maiz. Egia al da?

Balutxistango gobernu autonomoari babesa ematea okupazioa legeztatzeko beste modu bat da. Borroka armatua dela eta, herri orok bere burua babesteko duen eskubidea defendatuko dut beti, Nazio Batuek ere onartu legez. Nazioarteko komunitateak Balutxistanen parte hartzen ez duen bitartean, inbaditzaileen kontra borrokatzeko behartuta izango gara balutxeok.

Zergatik ez du Nazioarteak deus ere egin gatazka hau konpontzeko?

Pakistanen ahotsa besterik ez dute entzun, terrorista eta muturreko islamista deitzen diguna. Hala ere, Nazioarteko komunitatea hasi da ulertzen guztiz kontrako egoera dela: balutxea herri sekularra izan da historikoki; Pakistan, ordea, integrismoaren bultzatzaile nagusietako bat. Islamabad muturreko islamaz baliatu ohi da bere interesak defenditzearren Afganistanen, Balutxistanen...

Iragan astean, esaterako, Gurutze Gorriko britainiar langile bati burua moztu zioten talibanek Quettan (Ekialdeko Balutxistango hiriburuan). Funtsean, talibanak Pakistango militarrak dira, baina uniforme gabeak. Irailaren 11tik hasi ziren mendebaldarrak akabatzen, guk urteak generamatzan jada harakin haien menpe. Nazioarteko komunitateari makina bat aldiz igorri diogu zeintzuk diren Pakistango zerbitzu sekretuen jokabideak, baina entzungor egin digu. Balutxistango askapen mugimendua babesteak islamisten oldarraldia eteten lagun lezake, alegia, Balutxistan independente bat harresi sendoa izan liteke integristen zabaltzearen kontra. Ez ahaztu Iran, Pakistan eta Afganistango mugek banatuta bizi garela.

Kanpoko interbentzioa eskatzen duzu, baina bideragarria ikusten duzu arma nuklearrak dauzkan herrialde batean?

Ginebrako Itunak gaitzesgarritzat jotzen du okupazio oro eta ez du armamentu araberako salbuespenik egiten. Gillanik —Pakistango lehen ministroa— Balutxistanen erreferendum bat egiteko aukeraz hitz egin du berriki, baina egin al zuten horrelakorik ingelesek edota frantsesek euren kolonietatik alde egin zutenean? Gu ere kolonia bat garenez, Pakistanek modu berean alde egin beharko luke, inongo aurrebaldintzarik gabe alegia. Okupazio tropa guztien baldintzarik gabeko erretiratzea da Islamabadekin negoziatu beharreko puntu bakarra.

Balutxeen jatorriko gizarte tribala herria batzeko oztopo izan ohi da,baina elkartzeko ahalegin bat egiten ari zara orain. Azalduko zenizkiguke ekimen horren nondik norakoak?

Balutxistango Askapenerako Itunak 80 artikulu jaso ditu jada, baina oraindik osatze prozesuan dago. Buruzagi balutxe nagusiengana jo dut, berriki, denon artean dokumentua osatzeko, bai eta hainbat gizarte eragilerengana ere. Helburua zera da independentzia lortu baino lehen zein motatako herria nahi dugun denon artean adostea.

Zein motatako herria nahi duzue, beraz?

Itunaren bi puntu ez dira eztabaidagarriak: Balutxistango independentzia eta Parlamentuan oinarritutako sistema. Funtsean, herrialde moderno bat nahi dugu, ez-konfesionala eta demokratikoa, herritar guztion eskubideak berdintasunean bermatuko dituena.

Balutxe klan handienaren buruzagia ere bazara. Bateragarriak al dira tribu erako sistema eta aipatu demokrazia?

Klanak balutxeen identitatearen ikur nagusietako bat izan arren, bigarren mailan utzi beharko lirateke. XXI. mendean, tribuei ezaugarri kulturalaren maila baino ez dagokielakoan nago.

Mendebaldeko balutxeekin (Iranen menpekoak) koordinatuta al zaudete ekialdean?

Bai, gero eta harreman sendoagoak dauzkagu, eta batera jokatzen ari gara Nazioartearen aurrean. Balutxistango Askapenerako Ituna eztabaidatzeko aukera izan dugu mendebaldeko bi alderdi nagusiekin, eta euren ekarpenak ere baliagarriak izan dira oso. Itzela da gure mendebaldeko senideak jasaten ari diren errepresioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.