IRAN-PAKISTAN

Krisi diplomatiko bat piztu da Pakistanen eta Iranen artean

Matxino balutxen aurkako eraso bat dela argudiatuz, Pakistango armadak bonbardaketa bat egin du Iran hego-ekialdean. Gutxienez bederatzi lagun hil dira; tartean, lau adingabe.

PAKISTAN. BALUTXISTAN.
Polizia indarren kontrolak, gaur, Balutxistan eskualdeko Quetta hirian (Pakistan). EFE
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 18a
12:30
Entzun

Historikoki, ia beti onak izan dira Iranen eta Pakistanen arteko harreman diplomatikoak, baina azken egunetan gaiztotu egin dira. Iranek, orain arte egin ez bezala, Pakistango lurrak bonbardatu zituen asteartean, matxino balutx batzuen posizioak hain zuzen, eta Pakistanek etnia horretako beste matxino batzuen kontrako aire eraso bat egin du gaur goizaldean, Iran hego-ekialdean, Sistan eta Balutxistan eskualdean, Pakistango mugan. Teheranen arabera, bederatzi lagun hil dira; tartean lau adingabe. Matxinoek adierazi dute zendutakoen artean ez dagoela beren kiderik; Sistan eta Balutxistango gobernadoreak esan du hildakoetako bakar bat ere ez dela irandarra.

Gertatutakoa aintzat hartuta, Pakistanek Teheranen duen negozioetarako arduraduna deitu du Iranek, azalpenak eman ditzan. Aldi berean, Munduko Ekonomia Foroan, Davosen (Suitza), aurreikusia zuen parte hartzea laburtzea, eta etxera bueltatzea erabaki du Pakistango lehen ministro Anwaarul Haq Kakarrek, Iranekin piztutako krisi diplomatikoa dela eta. Eta Irango Gobernuak iragarri du «dozenaka» gerra hegazkinekin eta dronerekin maniobra militarrak egiten hasi direla gaur. Armadaren iturri batek eman dio horren berri Tasnim berri agentziari, baina ez du zehaztu ea aurreikusita zeuden.

Horiek horrela, eta kezkatuta azken hilabeteetan Ekialde Hurbilean areagotu den tentsioa ekialderantz hedatu daitekeelako, Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Mao Ningek azaldu du, agerraldi batean, prest daudela «rol eraikitzaile bat» jokatzeko, bi herrialdeen arteko tentsioa baretze aldera. Hain zuzen, biekin ditu harreman onak Pekinek. Talibanek, Errusiak eta Turkiak ere, besteak beste, baretzeko eskatu diete bi aldeei.

Ekialde Hurbilean Israelek —eta AEBek— duten eraginari kontrapisua egiten dio Iranek, eta asteartean bonbardatu zituen, haren esanetan, Israelen posizioak Irakeko Kurdistanen, EI Estatu Islamikoarenak Sirian, eta matxino balutxenak ere bai, ezustean, Pakistanen. Islamabadek erreakzionatu zuen esanez «onartezina» izan zela azken eraso hori. Teheranek justifikatu egin zuen erasoa, ordea, Jaish ul-Adl talde sunitari egotzita —Iran da eskualdeko potentzia xiita nagusia, eta esan izan du Israelek matxino horiek babesten dituela— abenduan Sistan eta Balutxistan eskualdeko Rask hirian gertatutako eta 11 hildako eragindako erasoa.

Estaturik gabekoak

Eta ordu batzuk geroago iritsi da Pakistanen erantzuna, gaur goizaldean. Atzerri Ministerioak aire erasoa justifikatu du ohar batean, nabarmenduz «terroristen ezkutalekuei» eraso egin diela, eta erabaki dutela hala jokatzea Iranek ez duelako «ekinbidea» hartu matxino horien kontra. Irango Atzerri ministro Hosein Amirabdollahianek bere homologo Jalil Abbas Jilanirekin telefonoz hitz egin zuen atzo, eta esan zion Pakistanen subiranotasuna eta lurralde batasuna «oso garrantzitsuak» direla Iranentzat. Pakistanek gaur azpimarratu du baietz, haiek ere errespetatzen dutela Iranen lurralde batasuna, eta erasoaren «helburu bakarra» zela Pakistanen «segurtasuna» bilatzea.

Iranek Jaish ul-Adl taldeari eraso egin zion asteartean; Pakistanen helburua, berriz, Balutxistan Askatzeko Armada eta Askapenerako Fronte Balutxa izan dira. Biek ala biek Balutxistanen independentzia dute helburu, eta, hain justu horregatik, Iranek eta Pakistanek operazio bateratuak egin izan dituzte matxino horien aurka. Balutxak 15 milioi inguru dira, hizkuntza propioa dute, eta Iran hego-ekialdean, Pakistan mendebaldean eta Afganistan hegoaldean bizi dira. Eremu hori lehorra da, menditsua, baina mineral asko ditu.

AEBen eraso gehiago

Huthiak «talde terrorista» izendatu zituen AEBek atzo, eta, horren ondoren, gaur goizaldean, azken astean laugarren aldiz eraso egin die milizia xiita horrek Yemenen dituen posizioei. Pentagonoak X sare sozialaren bidez adierazi duenez, bonbardaketa horien helburua izan da milizia horrek jaurtitzeko prest zituen hamalau misilen kontra egitea. AEBen arabera, huthien erasorako gaitasuna murrizten ari dira azken asteko bonbardaketekin. Gaurko erasoa gertatu baino ordu batzuk lehenago, hain zuzen, Washingtonek jakinarazi du Mashall Uharteen komenentziazko bandera zuen AEBetako zamaontzi bati eraso egin ziotela atzo Adengo golkoan, Itsaso Gorriaren hegoaldeko sarreran. Huthiek bere gain hartu dute eraso hori.

Horren harira, huthiek atzo azpimarratu zuten, AEBek haiek «terroristak» deitzea deliberatu ondoren, segituko dutela Israelerantz doazen zamaontziei eraso egiten. Washingtonek hartutako erabakia otsailaren 16an sartuko da indarrean, eta helburu du, nagusiki, huthien finantzaketa etetea. Iranek armaz hornitzen ditu huthiak, Teheranek hori ukatzen duen arren. Yemengo Gobernuak txalotu egin du AEBen erabakia; Hamasek «irmoki» gaitzetsi du, eta Teheranentzat «probokazio bat» da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.