Pakistanen 70 lagun hil eta 120 zauritu dituzte ospitale baten kontrako atentatuan

Balutxistango Abokatuen Elkarteko presidentea tiroketa batean hil ostean izan da erasoa; hura agurtzera joandako abokatu balutxeak dira hildako gehienak

Quettako Ospitale Zibileko sarrera, atzo, erasoaren ostean. Balutxistan eskualdeko hiriburua da Quetta. FAYYAZ AHMED / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2016ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Balutxeak behinolatik izan dira baztertuak, zokoratuak eta jazartuak, paxtuen esaera zahar batek dioenez munduaren sorreratik, eta historia zahar eta ilun horretan beste pasarte beltz bat idatzi da. Bilal Anwar Kasi Balutxistango Abokatuen Elkarteko presidentea tirokatuta hil zuten atzo goizaldean, eta, artean ospitalean zela, ekintzaile suizida batek aldean zeraman zortzi kiloko lehergailua zartarazi zuen erietxeko sarreran, itzal handiko abokatua bisitatzera joandako senide, lagun, lankide eta kazetarien aurrean. Atentatuan, 70 lagun hil ziren, eta beste 120 zauritu. Quettako ospitalean 600 abokatu inguru zeuden erasoa gertatu zenean, eta tiroketa bat ere izan zela jakinarazi zuten hainbat iturrik.

Jamaat-ul-Ahrar taldeak hartu zuen bere gain bi erasoen erantzukizuna, arratsaldean. TTP Pakistango Al Tehrik-e-Taliban erakundetik bereizitako talde horrek, mezu elektronikozzabaldutako ohar batean, ez zituen azaldu erasoen arrazoiak; bai iragarri, ordea, atentatuak egiten jarraituko duela. Martxoan Lahoren egindako eraso batean, beste 73 lagun hil zituen talde horrek.

Independentistak jomugan

Sanaullah Zehri Balutxistango Gobernuko buruak salatu du erasoa aurrez aldetik prestatuta zegoela: «Bazekiten abokatuari tiro egingo ziotela, eta ondoren beste abokatuak erietxera joango zirela. Ekintzaileak orduantxe leherrarazi zuen bonba». Buruzagiaren hitzetan, «errazak» diren jomugen bila dabiltza azkenaldian talde matxinoak.

Balutxistanen, bada, hainbat abokatu hil dituzte azkenaldian. Aurreko astean, Jahanzeb Alvi abokatuta hil zuten, eta ekainean, Amanullah Achakzai, Balutxistango Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko zuzendaria. Mugimendu independentistekin lotutako ikasle, irakasle, abokatu eta kazetarien kontrako jazarpena areagotzen ari da. Desagertutako Balutxeen Nazioarteko Ahotsa giza eskubideen erakundearen arabera, azken hamabost urtean 25.000 balutxe desagerrarazi dituzte. Human Rights Watch eta Amnesty International erakundeek, ildo horretan, bahiketa eta desagertze kanpainak bertan behera uzteko eskatu diote Islamabadi.

Pakistan, Afganistan eta Iranen mugen artean dago zatituta Balutxistan. Egun, hamar eta hamabost milioi balutxe artean daude. Pakistango aldean bizi dira gehienak, zortzi milioi inguru, eta, eskualde zabalena bada ere, soilena ere bada, zeren 190 milioi lagun bizi baitira Pakistanen. Balutxistan eskualde pobreena ere bada, jaiotzako heriotza tasa altuena eta analfabetismo handiena dituena. Pakistanek Erresuma Batuaren independentzia eskuratu ostean, zazpi hilabetez estatu propioa izan zuten balutxeek. 70eko hamarkadan bozak irabazi, eta orain jazarrita dago mugimendu independentista. Kartzeletan 12.000 preso balutxe daude.

Pakistanen punjabiak dira nagusi, eta, balutxeen eskubideak urratzeaz gain, haien baliabide naturalak kontrolatzen eta ustiatzen dituzte, mineralak eta gasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.