Pakistanen 33 lagun hil ditu ekintzaile suizida batek atentatu batean

Leherketa gogorraren ondorioz etxeak jausi, eta azpian harrapatuta hil dira hainbat lagun

2009ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Ekintzaile suizida batek izua eragin zuen Ramadaneko azken ostiralean, Kohat hiriko azokan, Pakistango ipar-mendebaldean.Erasoaren ondorioz, gutxienez 33 lagun hil ziren, eta beste hainbat ospitalera eraman zituzten.

Hiri horretako Poliziaren bozeramaile Fazal Naeemek adierazi du atentatua goizeko hamarretan izan zela, azoka jendez gainezka zegoela. Haren arabera, autoan 150 kilo lehergai zituela sartu zen ekintzaile suizida gune horretan, eta autobus geltokiaren eta hotel baten inguruan zartarazi zuen bonba-autoa. Eztandak lurrean hiru metroko zuloa utzi duela gaineratu du Naeemek, eta sekulako kaosa eragin zuela.

Baina eztanda ez zen izan hildakoak eragin dituen bakarra. Izan ere, leherketaren ondorioz, hotela eta hainbat eraikin jausi ziren, eta pertsona ugari harrapatuta gelditu ziren hondakinen artean. Horietako asko hilikzeudela baieztatu zuten segurtasun iturriek, baina beste hainbat bizirik ateratzeko lanetan ari dira oraindik salbamendu taldeak.

«Han zegoen jendeak atera ditu hildakoak harrien azpitik. Ez zegoen ez poliziarik, ez soldadurik», salatu zuen lekuko batek, haserre. Ramadaneko azken ostirala izanik, gisa horretako erasoen mehatxuaz ohartarazi zuten agintariek, bereziki ekintzaile islamiarren jarduera bizia den guneetan.

Pakistango lehen ministro Jusuf Raza Gilanik eta Asif Ali Zardarik gogor kondenatu zuten atentatua, eta elkartasuna helarazi zieten biktimen senideei. Talibanen aurkako borrokan baturik egongo direla ziurtatu zuten bi agintariek.

Azkenaldian, ekintzaile islamiarrek segurtasun indarren aurkako erasoak egin dituzte gehienbat, baina zibilen kontra ere egin zituzte, hala nola hotelen, eraikin erlijioso eta azoken aurka. Gainera, talibanen presetziak areagotu egin du Pakistango erlijio sekten arteko tentsioa. Azken erasoak tirabira horien ondorio dira, adituen ustez. Izan ere, Dawn telebista katearen arabera, Laskhar al Almi muturreko talde islamiar armatuak hartu du bere gain ekintza hori. Poliziako bozeramaile Naeemen arabera, ordea, datu hori ez da ziurra. «Indarkeria sektarioa izan daiteke, tentsio handia dagoelako», adierazi du.

Pakistango Gobernuak egindako azken operazioetan talibanen buruzagi ugari atxilotzea lortu badu ere, min egiteko duten indarra erakutsi dute behin eta berriz ekintzaile islamiarrek. Desberdintasun erlijiosoek gatazkaren larritasuna areagotu besterik ez dute egiten.

Istripu larria hiriburutik gertu

Pakistango hiriburutik 40 kilometrora Fateh Jang herrian izandako istripuan, gutxienez hamabost lagun hil, eta beste 30 zauritu dira. Islamabadeko ospitale bateko iturrien arabera, kamioi batek eta autobus batek elkar jo zuten herrialdeko ipar-mendebaldean,Kohat hiritik gertu. Iturri horiek hamabost lagun hilak direla baieztatu dute, eta beste hainbat hiriburukozenbait ospitaletara eraman dituzte.

Herenegun ere beste istripu larri bat izan zen. Kaxmir eskualdeko gune batean, autobus bat amildegi batetik erori zen, eta, ondorioz, 30 zibilek galdu zuten bizia. Ramadaneko azken ostirala zela eta, joan-etorri asko izan dira Pakistango gune ugaritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.