Pakistanek urrats bat egin du

Pakistango Gobernuak Indiarekin zituen harreman diplomatikoak murrizteko erabakia hartu du. Manifestazio ugari egin dituzte Kaxmirko kaleetan, eta horietako batean gazte bat hil da

Soldadu indiar bat Indiaren menpeko Kaxmirko kaleak zaintzen, atzo, Srinagarren. FAROOQ KHAN / EFE.
2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Indiarekin zituen harreman diplomatikoak «murriztea», bi nazioen arteko komertzioa etetea eta bien arteko akordioak berrikustea erabaki zuen Pakistanek, atzo, Segurtasun Kontseilu Nazionalak egindako bilera batean. Bertan Pakistango zenbait goi kargu zeuden: Imran Khan lehen ministroa, Qamar Javed Bajwa armadaren buruzagia eta Shah Mahmood Atzerri ministroa, besteak beste. «Indiako erregimen faxista agerian uzteko balioko lukeen edozein bide diplomatiko erabiltzeko eskatu du lehen ministroak», azaldu zuen ministroaren bulegoak, komunikatu batean.

Segurtasun Kontseilu Nazionalak harreman diplomatikoak murriztea adostu zuen, baina ez zuen erabaki hori aurrera eraman ahal izateko hartu beharko dituen neurriei buruzko informaziorik eman. Qamar Javed Bajwa Pakistango Atzerri ministroak, ordea, adierazi zuen neurri horietako bat izan dela beren ordezkari diplomatikoa New Delhitik bueltan ekartzea, eta Indiako enbaxadorea lurraldetik kanporatzea.

Pakistanek, gainera, erabaki du NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura joko duela, Indiak Kaxmirko autonomia baliogabetzeko hartutako erabakiaren aurka egiteko. Izan ere, Pakistanen ustez, Kaxmirko estatusa erreferendum baten bidez erabaki behar da, NBEk horrela agindu baitzuen behinola.

Indiak oposizioko buruak atxilotu ditu, azken egun hauetan. Horretaz gain, lau pertsona baino gehiagoko bilerak debekatu ditu, eta etxeratze agindua ezarri du. Pakistan neurri horien guztien kontra agertu da, hasiera-hasieratik.

Indian ere, kontra

Asko izan dira azken egun hauetan Pakistanen egin diren manifestazioak. Pakistandarrek Indiako Gobernuak hartutako erabakiaren aurka egin dute, zenbait hiritan: besteak beste, Quettan, Muzaffarabad eta Faisalabaden. Kaxmirren ere kalera atera dira manifestariak, eta protestetan hildako bat eta sei zauritu izan dira, AFP berri agentziak azaldu duenez. Hildakoa Poliziarengandik ihesean zebilen, eta «Jhelum ibaira salto egin zuelako hil zen». Hori azaldu zuen polizia batek.

India protesta horietara batu da. Bizitza luzea borroka espirituari eta 370. artikuluaren alde gaude irakur zitekeen hango manifestarien pankartetan. Protestari horien arabera, «Indiako Gobernuak beren iritzia emateko eskubidea kendu die kaxmirtarrei». Dipankar Bhattacharya Indiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusiak gobernuaren erabakia salatu zuen: «Kaxmir ez da lur zati bat. Herri bat da, bere historia propioa duena».

Bestalde, kaxmirtarren kontra dauden eta Indiako Gobernuaren erabakia defendatzen duten herritarrak daude. Haien ustetan, estatus berezi hori baliogabetzeazen Kaxmir Indiaren parte zela erakusteko «modu bakarra».

Kaxmirrek inkomunikatuta jarraitzen du, Indiako Gobernuak Internet eta telefono haria eten baitzituen joan den igandean. Indiar agintariak bertako biztanleria lasaitzen saiatu dira, gobernuaren arabera, Pakistan eta Indiaren arteko mugan giroa «baretu» baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.