Ziurgabetasunak gutxi iraun du Thailandian: Paetongtarn Shinawatra izendatu dute herrialdeko lehen ministro, Auzitegi Konstituzionalak azken urtean lehen ministro izandakoa, hau da, Srettha Thavisin kargutik kendu eta bi egunera —izan ere, kode etikoa «urratzea» leporatzen diote, espetxean izandako alderdikide bat Finantza ministro izendatzeagatik—. Srettharen alderdi berekoa da Paetongtarn, Pheu Thai taldekoa, eta Thaksin Shinawatraren alabarik gazteena da, 2001etik 2006ra lehen ministro izandakoarena alegia; hala, segida emango dio Shinawatra klanaren aginteari, kargu hori eskuratu duen hirugarren kidea baita familian.
Goizean egin du lehen agerraldia lehen ministro gisa: «Ahalik eta ondoena egiten saiatuko naiz, nire herrialdeak aurrera egin dezan. Ohore bat da, eta pozik nago». Agintaldirako asmoak hizpide hartuta, esan du «aukerak sortu» nahi dituela Thailandiako herritarrentzat, eta haien «bizi kalitatea hobetu». Duela bi egun kargugabetutako lehen ministroaren inguruan ere mintzatu da: «Albistearen berri izan nuenean, Sretthari deitu nion, eta erabaki nuen nire herrialdearengatik zerbait egiteko garaia zela».
Beste hamar talderekin koalizioan agintzen du Pheu Thai alderdiak. Bilera egin zuten atzo gauean, Sretthari erreleboa hartzeko hautagaiak proposatzeko, baina Paetongtarnena izan zen aurkeztutako hautagaitza bakarra. Hala, gaur goizean egin dute hura lehen ministro izendatzeko bozketa Thailandiako Parlamentuan. Ordezkarien Ganbera 493 diputatuk osatzen dute, eta gutxienez 247ren babesa behar zuen aurrera egiteko —koalizioak 314 eserleku ditu ganberan—: aldeko 319 boto bildu ditu.
«Albistearen berri izan nuenean, Sretthari deitu nion, eta erabaki nuen nire herrialdearengatik zerbait egiteko garaia zela»
PAETONGTARN SHINAWATRAThailandiako lehen ministroa
Espero zen moduan, oposizioak ez du babestu haren hautagaitza: 145 diputatuk aurka bozkatu dute, eta 27 abstenitu egin dira. Duela bi aste arte Mugitu Aurrera deitzen zen eta orain Herritarren Alderdia izena duen alderdiak osatzen du oposizioa. Herrialdeko Auzitegi Konstituzionalak abuztuaren 7an hartutako erabaki batek eragin du izena aldatzea: Mugitu Aurrera desegiteko agindua eman zuen, alderdiak monarkiaren aurkako kritikak kartzelarekin zigortzen dituen legea aldatzeko dituen asmoen harira.
Nolanahi ere, ordukoa ez zen izan oposizioak azken urteetan hartu duen lehen kolpea. Iazko bozetan, boz gehien lortu zuen alderdia izan zen, baina Thailandiako Senatuak gobernua osatzea eragotzi zion, garai hartan militarrek osatzen baitzuten, eta ahalmena baitzuten lehen ministroaren hautagaitzari betoa jartzeko.
Auzi horiek izan ditu hizpide oposizioko buru Natthaphong Ruengpanyawutek gaur, bozketaren aurretik egindako hitzaldian. Argitu du ez duela Paetongtarnen izendapena babesten, baina «elkarlanean aritzeko» deia egin dio agintean dagoen koalizioari, helburu jakin bat betetzeko: Auzitegi Konstituzionalak dituen «gehiegizko eskumenak eta boterea» erreformatzea. «Denok egin behar dugu lan Auzitegi Konstituzionalari buruzko arauak hobetzeko, erakunde independenteek eta herriak aukeratutako politikariek praktikan jarri ahal dezaten egiaz herriarena den boterea», esan du.
Lehen aldi bat
Paetongtarnek kargu politiko bat izango duen lehen aldia da. Joan den urteko boz orokorretan agertu zen Thailandiako paisaia politikoan aurrenekoz, lehen ministro izateko hautagaitza aurkeztu zuenean. Orduan Sretthak hartu zion aurrea, eta, azkenean, hura izan zen Pheu Thairen ordezkaria.
Orain, 38 urte betetzear den honetan, herrialdeak inoiz izan duen lehen ministrorik gazteena bihurtu da, eta kargu hori eskuratu duen bigarren emakumea: haren izeba Yingluck Shinawatra izan zen lehena, 2011 eta 2014 bitartean. Hala, Thailandiako lehen ministro izendatu duten Shinawatra klaneko hirugarren kidea bihurtu da Paetongtarn, haren aita Thaksinen eta izeba Yinglucken ondoren.
Thaksin bost urtez izan zen lehen ministro: 2006an kendu zuten kargutik, estatu kolpe militar baten bidez. Handik bi urtera, 2008an, hura atxilotzeko agindua eman zuen Thailandiako Auzitegi Gorenak, ustelkeria, monarkia iraintzea eta botere abusua egotzita, eta Erresuma Batura ihes egin zuen. Erbestean hamabost urte igaro ondoren, iazko abuztuan itzuli zen herrialdera. Zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten orduan, baina hango errege Maha Vajiralongkornek urtebetera jaitsi zuen.