PAEk nazioarteko legedia gutxiestea leporatu dio Israeli

Israelgo Parlamentuak ebatzi du Palestinako Estatuaren aitorpena «printzipio gisa» ukatzea. PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusiaren ustez, erabaki horrek berresten du Israel «arrazista» dela eta «okupazio politikari» eusteko asmoa duela.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, Knesset Israelgo Parlamentuan, atzo. ABIR SULTAN / EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, Knesset Israelgo Parlamentuan, atzo. ABIR SULTAN / EFE
2024ko uztailaren 18a
15:28
Entzun

PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusi Husein al-Xeikhek «arrazista» izatea eta nazioarteko legedia «gutxiestea» leporatu dio Israeli. Gaur salatu du, X sare sozialaren bidez, Knesset Israelgo Parlamentuak atzo iluntzean onartutako ebazpena —aldeko 68 boto bildu zituen, eta aurkako bederatzi: Palestinako Estatua aitortzeari «printzipio gisa» uko egitea, «mehatxu» izan daitekeelako Israelgo Estatuarentzat eta haren herritarrentzat.

«Ebazpenak berresten du estatu okupatzailea arrazista dela eta nazioarteko legedia mespretxatzen duela, baita okupazio politikekin betiko jarraitzeko asmoa duela ere», idatzi du bere kontuan PAEko idazkari nagusiak. 2008tik Al-Fatahren Komite Zentraleko kide da Al-Xeik, eta oraindik Palestina estatu gisa onartzeko zalantzak dituzten munduko herrialdeei mintzatu zaie mezuaren bidez, Palestinako Estatua aitortu dezaten, eta, hala, bi estatuen soluzioa «babestu».

NBE Nazio Batuen Erakundea osatzen duten 193 herrialdeetatik 145ek aitortzen dute Palestina estatu gisa. 2024an zortzik hartu dute erabaki hori, iazko urritik Gaza jasaten ari den bonbardaketak kontuan hartuta. Tartean daude Europako Batasuneko hiru herrialde: Espainia, Irlandako Errepublika eta Norvegia. Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari egotzi zion «herri judua hiltzera bultzatzea».

Mustafa Barguti Palestinako Ekimen Nazionala mugimenduko buruak ere gaitzetsi du Knesseten adosturiko ebazpena: «Ebazpen horrek oztopatu egiten du palestinarrekin bakea lortzea, eta Osloko Itunaren heriotza dakar». 1993an sinatu zuten itun hori Israelgo eta Palestinako buruek, eta Palestinako Estatua ezartzea adostu zuten hartan.

Bestalde, Israelgo Parlamentuak ere onartu du Al-Jazeera legea azarora arte luzatzea. Iragan apirilean ezarri zuten lehen aldiz, Qatargo hedabidea ixteko asmoz, Israelen segurtasun nazionalari «kalte egitea» helburu zuten mezuak zabaltzea egotzita. Al-Jazeera daGazako bonbardaketetan kazetari gehien duen hedabideetako bat. Horrekin lotuta, zerrendaren aurkako erasoak hasi zirenetik 160 baino gehiago dira Israelen erasoetan hildako kazetariak, Hamasek dioenez.

Israelek «torturatu» egiten ditu preso palestinarrak

AI Amnesty Internationalek gaur argitaratu duen txosten baten arabera, Israelek «inkomunikatuta» edukitzen ditu «modu arbitrarioan» atxilotutako palestinarrak. Atxilo egon eta ondoren aske gelditu ziren 27 palestinar elkarrizketatu ditu AIk ikerketa osatzeko, eta denek salatu dute «torturak» eta beste hainbat tratu txar jasan zituztela.

AIk, hain zuzen, Israeli eskatu dio modu arbitrarioan atxilotutakoak askatzeko, eta kartzelan ezartzen dieten «inkomunikazioa» eteteko. Gainera, txostenean zehazten denez, presoek ez dituzte jasotzen euren atxiloketen frogak, eta batzuek hilabeteak ere igarotzen dituzte zergatik kartzelatu dituzten jakin gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.