Pablo Iglesiasek Espainiako Gobernua utziko du, Madrilen hautagai izateko

Ez du segituko presidenteorde karguan, eta gobernuak baieztatu du Yolanda Diaz ministroak ordezkatuko duela. Mas Madridi eskua luzatu dio Iglesiasek

Pablo Iglesias Espainiako presidenteordea eta Yolanda Diaz Enplegu ministroa Diputatuen Kongresuan, iazko apirilean. MARISCAL / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Egun gutxitan hankaz gora jarri da Madrilgo egoera politikoa. PPren eta Ciudadanosen gobernu akordioa hautsi eta bozetara deitu izanak begirada guztiak Isabel Diaz Ayuso erkidegoko presidentearengan jarri zituen, baina, Espainiako hedabideak artean jokaldia aztertzen ari zirela, haren lehiakide izango dela iragarri zuen atzo Pablo Iglesias Espainiako presidenteordeak. Horrenbestez, kargu hori eta Giza Eskubideen ministro postua utziko ditu, eta estatu mailako politikagintzatik autonomia erkidegokora joango da.

«Non den baliagarriena, hantxe egon behar du militante batek oraintxe bertan», adierazi zuen Iglesiasek, bideo batean, ulertaraziz premisa horretan oinarritu dela maiatzaren 4ko hauteskundeetan Unidas Podemosen hautagaia izateko.

Iazko urtarriletik Espainiako presidenteorde izan da Iglesias, baina, aurreratu zuenez, kargu hori utziko du apiril amaieran, hauteskunde kanpaina hasten denean. Nork ordezkatzea nahiko lukeen ere esan zuen: Yolanda Diaz egungo Enplegu ministroak. Espainiako hauteskunde orokorretan Unidas Podemosen hautagai izatea nahi lukeela ere iradoki zuen: «Uste dut Espainiako Gobernuko hurrengo presidentea izan daitekeela, eta ezkerrekoak diren milioika lagunek ere hala pentsatuko dute».

Diaz presidenteorde izango dela baieztatu zuen Pedro Sanchez presidenteak arratsaldean. Aurrez ere hala iradoki zuen,argudiatuta Unidas Podemosekin egindako gobernu akordioak alderdi horrek presidenteordetza izatea jasotzen duela, eta hori errespetatuko duela. Sanchezek adierazi zuen ere Iglesiasi zorte ona opatu ziola, eta esker ona eman ziola gobernuan egindako lanagatik.

Halaber, Giza Eskubideen ministro kargua ere utziko du Iglesiasek, eta Ione Belarra proposatu zuen postu horretarako, zeina gaur arte 2030 Agendaren Estatu idazkari izan baita.

Podemosen hasieratik gaur arte alderdiak izan duen bilakaeraz hitz eginez hasi zuen bere erabakiaren berri emateko bideoa Iglesiasek. «Bipartidismoa amaitu genuen, eta gobernura iristea lortu genuen, ezker eraldatzaileak 80 urtean osatu duen lehen koalizio gobernua eratuz», adierazi zuen. Madrilgo egoerari erreparatu zion ondoren, eta parez pare jarri zituen haren hautagaitza eta Ayusorena, bi eredu kontrajarri irudikatzeko: «Maiatzaren 4an erabakiko da ea eskuin muturrak Madril bereganatzen duen. Eragotzi beharra dago delitugile horiek hori lortzea».

Hautagaitzarako aurkeztu izana proiektu hori gidatzeko arrazoi nagusia dela azaldu zuen presidenteordeak. «Ezker eraldatzailea» fronte berean batzeaz hitz egin zuen, azken urteetan bere alderdi barruan izan diren zatiketak zuzenki lotuta ikusten baititu «eskuin trumpista hori Madrilen gobernatzen egotearekin». Mas Madridekoei mintzatu zitzaien, eta proiektura batzeko eskatu, haren arabera hori baita «ezkerreko jendea eskatzen ari zaiguna».

Proposamen hori gauzatuko balitz, Podemosen sorreran kide izan zuen Iñigo Errejonekin elkartuko litzateke Iglesias, berriz. Bien arteko harremana okertu egin zen, alderdiaren lidergoa lortzeko borrokan, eta alderdia utzi zuen Errejonek. Batera aurkezteko p roposamena aztertuko duela iragarri zuen Monica Garcia Mas Madrideko hautagaiak, Iglesiasi erantzunez, baina «errespetua» eskatu zion. Alde horretatik, hautagaitzak bateratzearen inguruan publikoki mintzatu aurretik haiekin kontakturik egin ez izana leporatu zion.

Diaz Ayuso, komunismoaz

Lehiakide berriaren iragarpena komunismoaren mehatxuarekin parekatu zuen Diaz Ayusok, baina, aurrez, adierazi zuen Espainia berekin «zorretan» dagoela, «Pablo Iglesias Moncloatik ateratzeagatik». Unidas Podemos Mas Madridekin batzeak interesik ez diola sorrarazten gaineratu zuen, baina ohartarazi zuen «zentro-eskuinekoak» diren guztiak batu egin beharko direla, «erakusteko Madrilgo politika eta bizitzeko modua komunismoaren kontrako norabidean doala».

Eskuineko botoa beregan zentratzeko deia egin zuen Madrilgo presidenteak, eta espero daiteke ezkerraren mehatxua bere burua are gehiago indartzeko erabiliko duela; besteak beste, Madrilen autonomia mantentzeko berme moduan bere burua aurkeztuz. Aurkako posizioa polarizatzeko asmoa du Iglesiasek ere, eta, Ayusok irabaziko balu ere, PSOE, Unidas Podemos eta Mas Madrid batzen dituen ardatzaren bueltan gehiengoa kentzekoa, nahiz eta inkestek, oraingoz, garaipena iragartzen dioten PPri.

Espainiako Gobernutik gobernu autonomiko batera joateko erabakia goitik beherakoa da, lehen begi kolpean, baina Iglesiasek atzo azaldu zuen «ondo pentsatutako erabakia» izan zela. Pedro Sanchezen gobernu barruan izan ez duen ikusgarritasuna eman diezaioke hautagaitzak eta balizko presidentetzak, eta, era berean, bere alderdia bultza dezake. Botoen %5 eskuratzea beharrezkoa da erkidegoko legebiltzarrean ordezkaritza lortzeko, eta kopuru horren azpitik kokatu zuten zenbait inkestak Unidas Podemos, Iglesiasen iragarpenaren aurretik. Beheranzko joera iraultzeko eta lidergoa lortzeko lehian sartzeko aukera izango du alderdiak, haren sorlekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.