Espainia

Pablo Casadok karguan jarraituko du apirileko kongresura arte

PPk apirilaren 2an eta 3an egingo du ezohiko kongresua alderdiko presidentea hautatzeko. Alberto Nuñez Feijoo da hautagai nagusia, baina kongresura deitu arte ez du esango bozketara aurkeztuko den ala ez.

Pablo Casado atzo Diputatuen Kongresutik irteten. EFE/MARISCAL
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko otsailaren 24a
12:21
Entzun

Pablo Casadok PPko liderra izateri utziko dio apirilean. Atzo lurraldeetako buruzagiekin bildu zen PPko presidentea alderdiaren egoitza nagusian, Madrilen. Han erabaki zuten apirilaren 2an eta 3an egingo dutela ezohiko kongresua alderdiaren buruzagia zein izango den erabakitzeko. Casadok adierazi zuen ez dela hautagaitzara aurkeztuko, eta, alderdiko baroiekin batera, eskatu zion Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidenteari primarioetara aurkezteko. Feijoo «eskertuta» agertu zen denek eman dioten babesagatik, baina azpimarratu zuen kongresura deitu arte ez duela erabakirik hartuko.

Ikusi gehiago: Casadoren euskal lagunak eta lagun ohiak

Gauzak horrela, atzo egin zuten bileran aho batez erabaki zuten Cuca Gamarra alderdiko bozeramaileak hartuko zuela PPren koordinatzaile orokorra izateko kargua, kongresua egin arte, eta Esteban Gonzalez Pons batzorde antolatzaileko presidente izango zela.

Genovako egoitzan ziren batzartzekoak Casado eta lurraldeetako buruzagiak 20:00etan, baina ordu bat atzeratu zen bilera, Casado Feijoorekin bildu zelako lehenago. Bilerak lau ordu baino gehiago iraun zuen, eta gaur goizeko ordu txikietan bukatu dute. Bilera baino lehen, lurraldeetako buruzagi gehienek Casadoren dimisioa eskatzen zuten, eta Feijooren hautagaitza babestu.

Bileraren ostean, Casadok ez zuen adierazpenik egin. Bai, ordea, Feijook, eta argi utzi nahi izan zuen kongresura deitu arte ez duela esango primarioetara aurkeztuko den ala ez: «Eskertzen dut alderdikideen babesa, baina hautagaitzara aurkezteko erabakia hartu behar duena ni neu naiz». Horrez gain, gaineratu zuen kongresura deitu baino lehen balorazioak egitea politikaren «arinkerian» sakontzea dela. Bukatu zuen azpimarratuz biltzarra iragarri arte ez duela ezer adieraziko.

Lurraldeetako presidenteen artean, Juan Manuel Moreno Bonilla Andaluziako Juntako presidenteak adierazi zuen Casadok ez zuela dimisioa eman beharrik: «Casado biltzar batean izan zen hautatua alderdiko presidente, eta hala dagokio ateratzea». Feijooren hautagaitza babestu zuen Bonillak, kudeaketa oso ona egin duelako Galizian, eta alderdiaren barruan zein kanpoan adostasuna bultzatu duelako.

Ikusteko dago zer gertatuko den etorkizunean. Litekeena den arren Feijoo primarioetara aurkeztea, ikusteko dago zeinek aurkeztuko duen hautagaitza. Izan ere, datorren asteartean, martxoaren 1ean, alderdiaren zuzendaritza nazionala bilduko da, eta kongresu batera deituko dute, hautagaitza berriak aurkezteko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.