Pablo Casado babesik gabe geratu da, eta PP ezohiko kongresu bat egitekoa da

Alderdiaren zuzendaritza nazionala martxoaren 1ean biltzekoa da. Baroi gehienen iritzia gailendu da. Teodoro Garcia Egea idazkari nagusiak dimisioa eman du

Pablo Casado PPren presidentea, joan den urtarrilaren 25ean, ekitaldi batean. CHEMA MOYA / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Pablo Casado PPren presidentea babesik gabe, ia bakarrik, geratzen ari da alderdi barruan, azken egunetan piztutako krisia dela eta. Orduak pasatu ahala, geroz eta nabariagoa da. Lurraldeetako buruzagiek, baroi deitutakoek, bizkarra eman diote, baita talde parlamentarioaren zuzendaritza kontseiluak ere. Horrenbestez, alderdiaren liderrak zuzendaritza nazionala bilduko du hurrengo asteartean, martxoaren 1ean, eta, alderdiaren ahots nabarmenek eskatu bezala, kongresu batera deituko dute horren ondoren, agintari berriak aukeratzeko. Ez dago argi Casadok bere burua aurkeztuko duen karguan jarraitzeko. Teodoro Garcia Egea, behintzat, ez du alboan edukiko: Casadok 2018ko uztailean kargua hartu zuenetik idazkari nagusia izan da, eta dimisioa eman du, baroiek exijitu moduan.

Espainiako zenbait hedabidek alderdiaren iturriak aipatuz atzo kaleratu dutenez, Casadok ere prest dauka dimisioa. Bere gertukoek beste komunikabide batzuei adierazi zieten, ordea, ez dela egia. El País egunkariaren arabera, PPren presidenteak adierazi zion babesa ematen dioten buruzagi bakanetako bati ez duela ulertzen zergatik alde egin behar duen, ez duela «ezer» egin. Gaur lurraldeetako buruzagiekin biltzekoa da alderdiaren egoitza nagusian, Madrilen (20:00). Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen anaiak kontratu publiko batzuen truke kobratutako komisioak direla-eta PP barruan sortutako gatazkak aurrean eraman du Casado.

Presiopean dago, eta, herenegun, zuzendaritza batzordearekin bildu eta gero, erabaki zuten datorren astelehenerako zuzendaritza nazionalera deitzea. Azkenean, baina, asteartean izango da. Bada alderik, gainera, zuzendaritza nazionalaren bileraren berri emateko PPk herenegun eta atzo kaleratutako oharren artean. Herenegungoan ez zion aipamenik egiten ezohiko kongresu posible bati; atzokoan, ordea, bai. Alderdiaren estatutuek diotenez, zuzendaritza nazionalak du kongresu batera deitzeko eskumena, eta badago modurik hori deitu eta hilabete bateko epean egiteko. Casadok denbora irabazi nahi izan du sostengua bilatze aldera, baina alferrikakoa izan da ahalegina.

Buruzagiez gain, Espainiako Kongresuko PPren talde parlamentarioaren zuzendaritza kontseilua ere kongresu batera deitzearen alde agertu da. Atzo, organo horretako hamahiru kideetatik zazpik ohar bat kaleratu zuten kongresua eta Garcia Egea alderdiaren idazkari nagusiaren dimisioa eskatuz, iruditzen baitzaie alderdia egoera «oso larrian» dagoela eta «berehalako erantzun eraginkorrak» behar dituela. Azken astean eztanda egin duen auzitik haratago, aintzat hartu behar da, era berean, Casado alderdiaren lidergora heldu zenetik ez dituela emaitza onak lortu hauteskundeetan, eta ez dela gai izan Voxen gorakada kudeatzeko.

Orain ikusteko dago ezohiko kongresuan zein aurkeztuko den primarioetara. Pertsona batek, baroi batek hain zuzen, erakarri ditu begirada guztiak: Alberto Nuñez Feijook, 2009tik Galiziako Xuntako presidente denak. Azken egunetan ia egunero mintzatu da hedabideen aurrean, baina urgentziazko erabakiak eskatzetik haratago, ez du argitu Casadoren lekukoa hartu nahi ote duen. Atzo, ordea, ekitaldi publiko batean, horretarako prest dagoela iradoki zuen: «Denok gara egoera honen erantzuleak. Maila eman behar dugu, eta erabakiak hartu behar ditugu; neuk barne». PPren Kantabriako presidente Maria Jose Saenz de Buruagak, esaterako, nabarmendu zuen Nuñez Feijoo alderdiaren «lider naturala» dela, eta «denak» atzetik dituela.

2018an ere, Espainiako Kongresuak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen (2011-2018) eta PPko buruaren (2004-2018) aurkako zentsura mozioa onartu eta gero, ematen zuen Nuñez Feijoo hautagai egokia izan zitekeela hura ordezkatzeko. Azkenean, baina, ez zen aurkeztu. Casado eta Soraya Saenz de Santamaria izan ziren hautagaiak —Jose Maria Aznarrek eta Rajoyk babestuta, hurrenez hurren— primarioetan, eta Casado nagusitu egin zen botoen %57 inguru lortuta. 2011tik da diputatua kongresuan, eta 2015etik 2018ra PPren Komunikazio idazkariordea izan zen.

Ikerketa hasi da

Ustelkeriaren Aurkako Espainiako Fiskaltzak jakinarazi du ikertuko duela ea delitu zantzurik dagoen Ayusoren anaiarekin lotutako enpresa batek pandemiaren hasieran maskarak erosteko sinatutako kontratuan. Fiskaltzak atzo kaleraturako dekretuan nabarmendu zuen salaketa jarri dutenek, Mas Madridek, PSOEk, eta UP Unidas Podemosek, «hainbat hipotesi» planteatzen dituztela, Diaz Ayusok «prebarikazioa, dirua bidegabe erabiltzea eta influentzia trafikoa» delituetan izan dezakeen parte hartze posiblea azpimarratuz.

Horrez gainera, atzo, Jose Luis Martinez Almeida Madrilgo alkateak iragarri zuen PPren bozeramaile nazionalaren kargua utziko duela. Agerraldi publiko batean jakinarazi duenez, Casadorekin adostuta hartu du erabakia, alkatetzan «zentratu» nahi duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.