Mitzpe Kramim Israelen Zisjordaniako kokaguneetako bat da. Israelgo herritarrak eremu hartan ezarri ziren 1990eko hamarkadan. Han bizi diren berrogei familia inguruk diote Israelgo agintariek onartu zutela lur horietan kokatzea. Dena den, 2011n hainbat palestinarrek salaketa jarri zuten; lur horien jabe zirela argudiatu zuten. Palestinako Jerusalemgo Ikerketa Aplikatuko Institutuaren arabera, Israelgo herritarrek «indarrez erauzi» zizkieten Deir Jarir eta Kafr Malik herrietako lurrak, horien ordez Mitzpe Kramim eraikitzeko.
Jerusalemgo Barruti Epaitegiak erabaki zuen 2018an palestinarrek jarritako salaketaren inguruan: kokatzea legezkoa zela erabaki zuen. Argudiatu zuen Israelgo agintariek ez zekitela lurrak jabetza pribatukoak zirenik kokapena ezarri zutenean. Argudio horren oinarria zera zen: «asmo onez» egindako tratuak legez kontrakoak badira ere onartu daitezkeela esaten duen Israelgo «merkatu arau bat».
Erantzun horrekin ase gabe, palestinarrek Israelgo Auzitegi Gorenera eraman zuten salaketa, eta erantzuna kontrakoa izan da han. Gorenaren arabera, Israelek ez zuen asmo ona izan, eta «ezikusiarena» egin zien «urte askoan» lurrak palestinarren jabetzakoak zirela erakusten zuten zantzuei. Hala, herenegun erabaki zuen kokagunea legez kanpokoa dela. Han bizi direnei hiru urteko epea eman zien eremua uzteko, kokagunea eraitsi baino lehen. Gorenaren erabakiaren arabera, Israelek hango bizilagunei ordezko etxebizitza bat bilatu beharko die epe horren barruan, eraikinak eraitsi baino lehen.
Erabakiak eztabaida sortu du Israelgo eskuineko politikarien artean, Zisjordania anexionatzearenaldekoak baitira. «Familia juduen etxebizitzak eraisteko, Auzitegi Gorenak ez du denborarik galtzen», esan du Miki Zohar Likud alderdiko diputatuak; Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren alderdikidea da Zohar. Netanyahuk berak ere ez du erabakia modu onez hartu, eta Gorenak hartutako ebazpena aurrera eramatea eragozteko lan egingo duela esan du. «[Mitzpe Kramimgo] Bizilagunek bertan bizitzen jarraitu ahal izateko behar den guztia egingo dugu; horretarako eskura dauden prozedura guztiak aztertuko ditugu, eta garaile aterako gara», esan du lehen ministroak. Netanyahuren ustez, Auzitegi Gorenak hartutako erabakia «akats bat» da.
Dena den, nazioarteak —Ameriketako Estatu Batuek eta Brasilek izan ezik— ez ditu onartzen Israelek Zisjordanian ezarritako kokaguneak, legez kontrakoak baitira. Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren arabera, Israelek kokaguneen kontrola izan du 1967tik eremu okupatuetan, eta hala izaten jarrai dezan lan egiten du. Jokaera horrekin, anexiorako bidea zabaltzen da, eta, kontseiluaren hitzetan, «bideragarria den Palestinako estatu bat sortzea eragozten du; hau da, Palestinako herritarren autodeterminazio eskubidea urratzen du».
Israelgo Estatistika Institutuaren arabera, Zisjordanian kokatutako Israelgo juduen kopurua Israelgo populazioa baino lau bider azkarrago handitu da 1995etik. Israelgo juduen %10 inguru bizi dira Jerusalem ekialdean eta Zisjordanian; bi estatuen konponbidea gertatuz gero, eremu horiek Palestinako Estatuaren barne izan daitezen nahi dute palestinarrek.
Oztopo bat Israelgo kolonoei
Zisjordania anexionatzea helburu, Israelek kokaguneak ezarri ditu Palestinako eremu okupatuetan 1967tik. Herrialdeko Auzitegi Gorenak haietako bat eraistea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu