Artikoa

Ozeano Artikoa erabat urtuko da datozen hamarkadetan

Ikerketa baten arabera, Ozeano Artikoaren urtzea ezingo da eragotzi isuriak murriztuta ere. Ondorioz, areagotu egingo dira muturreko klima fenomenoak eta hondamendiak.

Ozeano Artikoaren irudi bat, 2018an ateratakoa. STEFAN HENDRIKS / EFE
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 7a
16:10
Entzun

«Beranduegi» da Ozeano Artikoaren urtzea eragozteko. Horixe ohartarazi dute zenbait zientzialarik, atzo argitaratutako ikerketa batean. Berotegi efektuko gasen isuriak asko murriztuta ere, 2030-2050 bitartean ez da izotzik izango Ozeano Artikoan. Ikerketaren arabera, gizakiak eragindako berotze globalaren ondorio da urtzearen %90.

Ozeano Artikoak irailean izan ohi du urteko izotz gutxien. Orain arteko datuen arabera —1979an hasi zen NASA sateliteko irudien bidez irudiak erregistratzen—, 2013koa izan zen izotz gutxieneko uda, eta, ondoren, 2021ekoa. Ikertzaileen arabera, 1979tik %12,6 murriztu da Ozeano Artikoko udako izotza hamarkada bakoitzean. Eta klima krisiaren adierazgarri «argigarrienetakoa» da hori.

Izan ere, Ozeano Artikoko izotza udan erabat urtzeko arriskua 2040. eta 2050. urteen artean zehaztu zuen IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak 2021ean zabaldutako txostenean. Baina atzo argitaratutako ikerketak hamar urte aurreratzen du epe hori. Eta, urte batzuk aurrera begiratuta ere, goibela da panorama. Egun isurtzen den emisio kopuruari eutsiz gero, baita horiek zertxobait murriztuta ere, abuztua eta urria izotzik gabeko hilabeteak bihurtuko dira 2080. urterako.

Ikerketan parte hartu duen Dirk Notz zientzialariaren esanetan, gizakiona da errua. «Zientzialariok hamarkadak eman ditugu udan Artikoko izotza urtzearen inguruan ohartarazten. Berotze globalaren lehenengo ondorio larria da hau. Jendeak ez die kasurik egin gure abisuei».

Muturreko fenomenoak, gora

Ozeano Artikoko izotza urtzen denean, agerian geratzen da itsasoa, eta bero handiagoa xurgatzen du eguzkitik. Ondorioz, nabarmen berotzen dira itsas zabaleko ur korronteak. Berotze horrek muturreko hondamendiak eragin ditzake, batez ere Ipar Amerikan, Europan eta Asian. Eta Groenlandiako izotza urtzea ere eragin dezake. Bi izotz geruza horiek urtzen badira, nabarmen egingo du gora itsas mailak.

Udan Ozeano Artikoko izotza urtzea eragoztea dagoeneko «ezinezkoa» izan arren, posible da horrek eragingo dituen muturreko fenomenoei aurre egiteko prebentziozko neurriak hartzea, eta horretarako deia egin dute, hain justu, ikerketaren egileek.

Klima hondamendien lehenengo zantzuak Ipar Hemisferioan nozituko dira lehenbizi, baina «mundu osora hedatuko dira». Halaber, arriskuan egongo dira, gizakiak ez ezik, Lurreko ekosistema eta izaki bizidun guztiak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.