Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra presiopean zegoen joan den astean gobernu koalizioa hautsi zenetik. Alemaniako kantzilerrak konfiantza mozio batera deitu zuen urtarrilaren 15erako, baina oposizioko alderdi nagusia, CDU Batasun Kristau-Demokrata kontserbadorea, aritu da eskatzen aurreratzeko hauteskunde federalak, beranduenez datorren urteko irailean egitekoak direnak. Eta bai, Alemanian boz aurreratuak egitekoak dira otsailaren 23an. Horretarako akordioa egin dute gaur CDUren eta SDP Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren —Scholzen alderdia— Bundestageko, behe ganberako, talde parlamentarioek.
Bada, herrialdeko presidente Frank-Walter Steinmeierrek begi onez ikusi du CDUk eta SDPk proposatutako data. Haren bulegoak argitaratutako komunikatu baten bidez eman du bere onespenaren berri: «Hauteskunde prozesuaren gardentasuna ezinbestekoa da demokrazian konfiantza izateko».
Der Spiegel astekariak eta herrialdeko telebista publikoaren lehen kateak jakinarazi dute akordioaren inguruan, horren berri duten iturriak aipatuz. Scholz bihar da Bundestagen mintzatzekoa —agerraldi hori lehenagotik zegoen iragarrita—, eta, iturri horien beraien arabera, konfiantza mozioaren eguna aurreratuko duela esango du; abenduaren 16rako deituko du.
Mozio hori galtzekoa da Scholz. Izan ere, behin FDP Alemaniako Alderdi Liberala koaliziotik irtenda, SDPk eta Berdeek ez dute gehiengorik Bundestagen. Kantzilerrak bozketa hori ez badu irabazten, Steinmeierrek behe ganbera desegingo du, eta ondoren bozetara deituko du. Hori da prozesua.
Kale itsu batean zegoen Scholz aurreko astetik. Christian Lindner Finantza ministroa, FDP gobernuko bazkidearen burua, kaleratu egin zuen, argudiatuz ez zuela «borondaterik» erakutsi SDPren «proposamenetako bat bera ere ezartzeko». Orduan, automatikoki hautsi zuten 2021eko hauteskundeen ondoren osatutako aliantza. Aurrekontuaren eta administrazioaren lehentasun ekonomikoen bueltan zituzten desadostasunek bultzatu zuten Scholz erabaki hori hartzera.
Koalizioa hautsita ere, konfiantza moziora arteko jardun parlamentarioan CDUren babesa izango zuela espero zuen SDPk; itxaropen hori zeukan. Baina Friedrich Merz buru duen alderdiari emaitzak onak aurreikusten dizkiote inkestek, eta, orduan, bozak aurreratzeko presionatu du azken egunetan. Scholzi ohartarazi izan dio, gainera, aurreratu ezean, Bundestag blokeatuko zuela. Are, Berdeek ara agudo jokatzeko, aste honetan erabaki bat hartzeko, eskatu zioten atzo bertan kantzilerrari.