Libanoko menia akordioa otsailaren 18ra arte luzatu dute. AEBak ari dira bitartekari Hezbollah milizia xiitaren eta Israelen artean, eta Etxe Zuriak atzo gauean jakinarazi zuen tregoa beste hiru astez egongo dela indarrean. Ohar batean, iragarri zuen Israelgo eta Libanoko gobernuak negoziatzen hasi direla 2023ko urriaren 7az geroztik kartzelatutako preso libanoarrak itzul daitezen.
Bi aldeen arteko su etena duela bi hilabete sartu zen indarrean, azaroaren 27an, eta atzo bukatzekoa zen. Itunean jasota dago Israelen tropek Libano hegoaldetik atera behar zutela hilaren 26rako, eta Hezbollahk, berriz, Litani ibaitik iparraldera egin behar duela atzera; hau da, Israelgo mugatik 30 kilometro ingurura.
Nolanahi ere, oraindik ere ez dira atera Israelen indar guztiak. Horren ondorioz, 22 pertsona hil eta 124 zauritu ziren atzo, herrialdearen hegoaldean. Hango herritarrak etxera itzultzen ahalegindu, eta Israelgo soldaduek tiro egin zieten. Libanoko Osasun Ministerioak eman zuen horren berri.
Hildako gehienak eremu horretako ekialdekoak ziren. Izan ere, Israelgo armada aterea da eremu horretako mendebaldetik, erdialdetik eta hegoaldetik; ez, ordea, ekialdetik. Aintzat hartu behar da Israelek iragarri zuela, aurreko ostiralean, «oraingoz» ez dituela Libano hegoaldetik aterako tropak, argudiatuta Hezbollahk ez duela «guztiz» bete akordioa, eta horregatik hartu duela erabakia.
Israelen erabakia gaitzetsi du Hezbollahk. Talde xiitako buruzagi Naim Qassemek agerraldi bat egin du gaur. Bertan esan duenez, ez dute onartuko «ezein aitzakiarik» Tel Aviven soldaduek Libanotik alde ez egiteko. Gainera, Israeli aurpegiratu dio menia ez betetzea: Qassemek esan duenez, 1.350 aldiz urratu du su eten akordioa Tel Avivek.
Eskaera nazioarteari
Israelek Libanoko armadari egotzi zion, gainera, «oso mantso» ari dela hedatzen hegoaldean, eta horrek aukera ematen diola milizia xiitari berriro antolatzeko. Atzo hildakoen artean armadako soldadu batzuk daude, iturri ofizialek adierazi dutenez. Izan ere, beren herrira itzuli nahi zutenei laguntzen ari zitzaizkien.
Israelek okupatutako eremuetako herritar gehienak duela urtebete baino gehiagotik daude desplazatuta; hain justu, 2023ko urriaren 7az geroztik. Izan ere, menia indarrean sartu arte, areagotu egin ziren Hezbollahk eta Israelek elkarri egindako erasoak.
Hezbollahk hegoaldeko herritarrei eskatu die defendatu ditzatela beren lurrak. Era berean, nazioarteari eskatu dio arduraz jokatzeko. «Nazioarteak, akordioaren babesleak buru dituela, erantzukizuna hartu behar du, kontuan hartuz Israel etsaiak egindako urraketak», azpimarratu du, ohar batean. AEBei, Erresuma Batuari, Alemaniari eta Frantziari dagokie, itunean jasota dagoenez, bi aldeak adostutakoa betetzen ari direla gainbegiratzea. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo komunikatu batean adierazi zuenez, Frantziak «neurriak» hartuko ditu ituna bete dadin.