Ospakizunik gabeko urtemuga

Ukraina egunkarien azalera ekarri zuten protestek goia jo eta urtebetera, tentsioa ez da baretu

Debaltseve hiri estrategikoa menderatuta, baretu egin da matxinoen jardun militarra. Herritarrak sotoetatik ateratzen hasi dira berriz. ALEXANDER ERMOTXENKO / EFE.
Samara Velte.
2015eko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Estatu kolpea eman ziotenetik urtebetera, adierazpen ofizialak egin ditu Viktor Janukovitx Ukrainako presidente ohiak. «Erregimen batek ere ez ditu merezi Ukrainak 2014ko otsailetik sufritu dituen gertakariak», esan du Errusiako bere bizilekutik, Euromaidango protestei eta estatu kolpearen ondorengo gatazkari erreferentzia eginez: «Herrialdea suntsituta dago, lurralde galerak ikusten ari gara, heriotzak, eskualde osoak birrinduta. Gertakari haietatik sortutako erregimenak ez du gizalegez agintzen».

Ukraina egunkari guztien azalera ekarri duten istiluek duela urtebete jo zuten goia. Kieveko Independentzia Plazako protestek estututa, trantsizio nazionalerako ituna sinatu zuen Janukovitxek 2014ko otsailaren 21ean. Biharamunerako, desagertuta zegoen presidentea, eta oposizioko alderdi nagusiek —Mendebaldearen babesarekin eta eskuin muturreko sektoreaktartean zirela— euren kabuz ekin zioten «Ukraina berria» diseinatzeari: Konstituzio berria prestatu zuten, eta maiatzerako deitu zuten bozetara.

Orduz geroztiko gertakariek urteurren mingotsa ekarri dute herrialde osora. Kiev erabateko krisian dago: indar politikoak etsaituta; ekonomia ahul; eta gobernua, Maidanean sortutako espektatibak ase ezinik. Ekialdean su-eten herrena adostu dute Ukrainako armadak eta matxino errusiazaleek. Debaltseve hiria kontrolpean dutenetik bareago daude azkenok, eta joan den astean hitzartutako menia zorroztasun gehixeagorekin betetzen ari direla onartu du armadak, nahiz eta bi aldeek egotzi dioten elkarri hura urratzea. Debaltseve gune estrategikoa da ekialdeko eskualdeen autonomia nahi duten Herri Errepublikentzat, Donetsk eta Luhansk eskualde errusiazaleak lotzen baititu.

Hiru astez tiroketak eta bonbardaketak aditu ostean, sotoetatik ateratzen hasi dira Debaltseveko herritarrak, eta ESLA Europako Segurtasunerako Lankidetza Agentziaren misio berezia ere hirira heldu da. Interneteko erabiltzaileek partekatutako argazkietan antzeman daitekeenez, etxebizitza batzuek kalte handiak jaso dituzte; Ukrainako Gobernuak emandako datuen arabera, hilabetean 179 soldadu inguru hil dira Debaltseveko istiluetan. Beste 110 preso hartu dituzte matxinoek, eta 81en berririk ez dute. Miliziek 3.000 kide inguru galdu omen dituzte urte hasieratik.

Egoeraren larritasunak estututa, bake akordioa egin zuten Errusiako, Ukrainako, Frantziako eta Alemaniako gobernuetako ordezkariek hilaren 12an, Minsken (Bielorrusia) egindako bileran. Harrezkero indarrean da bi aldeko su-etena; bai, behintzat, ofizialki. Praktikan, armadak eta matxinoek ia egunero egotzi diote elkarri erasoak egitea. «Azken 24 orduotan, miliziek gerra lerro osoan egin diete tiro indar armatuei», kexu zen atzo goizaldean Andrei Lisenko, Ukrainako Segurtasun Nazionalerako eta Defentsarako Kontseiluko burua. Errusiazaleek, berriz, Donetsk inguruan hamabost eraso egitea leporatu diote armadari.

Presoen truke adostua

Minskeko laukoteak ez ditu aintzat hartu azken egunotako istiluak, eta bake akordioa indarrean sartzen segitzeko eskatu die bi aldeei. Donetsk eta Luhanskeko Herri Errepublikak hasiak dira arma astunak hirietatik ateratzen, eta atzo hainbat preso askatu zituzten bi aldeek, su-etena indarrean sartu eta ia astebetera. Luhansk eskualdeko Zhelobok herrian egin zuten trukea: matxinoen DAN agentziak hasieran jakinarazi zuenez, errusiazaleek 35 soldadu ukrainar utzi zituzten libre, eta armadak 37 matxino itzuli zizkien. Gero, ordea, besterik adierazi zuen Petro Poroxenko presidenteak: «Gure soldaduetatik 139 jada aske daude», idatzi zuen Twitterren. Bake ituna sinatu zutenetik, lehenbiziko aldia da halako urrats bat egiten dutena; aurretik zerrenda zehatzak adostu dituzte.

Bihar NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkari gorenarekin elkartuko dira Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa eta Pavel Klimkin Ukrainakoa, nor bere aldetik. Ban Ki-Moon NBEren idazkari nagusiak New Yorkeko egoitzan hartuko ditu, su-etenaren osteko urratsei buruz hitz egiteko. Klimkinek ekialderako bake behatzaileak eskatu ditu, gero Europako Batasunak ezarritako Poliziaren misio batek funtzio hori har dezan: «Erasoak bertan behera geratzen direnean deituko dugu Polizia ordena mantentzeko. Baina orain Ukrainak bake behatzaileak behar ditu, haien presentziak bermatuko baitu Minskeko ituna betetzea».

Baina ekialdean bakea aipatzea azkarregi hitz egitea da ziurrenik, eta Kievek ere ez du baretzeko itxurarik. Hiriburua astindu zuten istiluetatik urtebetera, protestak gero eta ozenago aditzen dira berriro. Sergei Arbuzov lehen ministro ohiak Itar-Tass agentziari azaldu dionez, gobernu berriak «izu eta errepresiozko giroa» sortu du, eta beste estatu kolpe bat ere gerta liteke oraindik: «Erabakiak hartzen dituztenak hanka sartzen ari dira, eta emozioak aurrea hartzen ari zaizkio zentzu onari».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.