Medikua

Ru'a Rimawi: «Oso zaila da traumari aurre egitea, pasarte traumatikoek ez baitute etenik Palestinan»

Urriaren 7tik hona, 13.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelgo armadak. Baina, heriotzez harago, Gazan etengabe egiten ari diren bonbardaketek eta Zisjordaniako erasoek zuzeneko eragina dute palestinarren buru osasunean.

Ru'a Rimawi
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
maddi iztueta olano
Bilbo
2023ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Neurozientzian, pediatrian eta buru osasunean aditua da Ru’a Rimawi (Beit Rima, Zisjordania, 1998) mediku eta ekintzaile palestinarra. Bilbon izan zen joan den astean, Kolonialismoa eta zigorgabetasuna Palestinan konferentzian, Mundubat erakundeak antolatutako topaketan. Urrutitik erreparatzen dio han gertatzen ari denari, baina, hoteleko mahaiaren bueltan, «etengabeko Nakbaren» oroitzapenek bete dute egongela: «Palestinar guztiek jasaten ditugu okupazioaren menpe haztearen ondorioak».

Etengabeko sarekadak Zisjordanian, ospitaleen eta eskolen aurkako bonbardaketak Gazan... Tamaina horretako erasoek zer eragin dute palestinarren buru osasunean?

Norbaitek pasarte traumatiko bat bizitzen duenean, horri aurre egiteko mekanismo bat abian jartzen du garunak: gertatu den hori erreprimitzea, ezkutatzea eta blokeatzea. Baina, pixkanaka, zauriak irekitzen hasten diren heinean, oroitzapen horiek azalera irteten dira berriz. Trauma horiek sekulako eragina izaten dute pertsona bakoitzaren izaeran.

Eta traumak azalera irteten direnean, nola aurre egin?

Ez da erraza. Palestinar gehienek dute trauma osteko estresaren nahasmendua, eta oso ohikoak dira antsietateak eragindako izualdiak eta depresioa. Kontua da oso zaila dela traumari aurre egitea, pasarte traumatikoek ez baitute etenik Palestinan. Ezin dituzu inoiz zauri guztiak itxi.

«Traumak ez du etenik»; zer esan nahi duzu horrekin?

Palestinan egunero sortzen dira trauma berriak. Adibidez, [soldadu edo okupatzaile israeldarrek] hil duten senide, lagun edo ezagun batekin oroitzean, kontrolgune batean soldadu israeldar bat ikustean, bonba hotsak entzutean...

Mediku gisa, orduan, ez da erraza izango pazienteei laguntzea...

Arazoa oso handia da. Nik behin eta berriz galdetzen diot neure buruari: nola hobetu dezaket euren buru osasuna, ezin badut eten trauma sortzen duen erasoa? Erronka zaila da, ia ezinezkoa. Eta oso etsigarria da hori. Mediku gisa, bene-benetan saiatzen naiz laguntzen, baina, aldi berean, ezin dut egoera kontrolatu.

Zer gertatu den ulertzeak lagundu dezake zauria ixten?

Tira, horixe da kontua. Ezinezkoa da Palestinan gertatzen dena ulertzea. Ez dago Israelen indarkeria justifikatu dezakeen azalpenik. Nola ulertu daiteke soldaduek haurrei tiro egitea? Nola ulertu daiteke munduko armadarik indartsuenetako batek etengabe zibilak eta haurrak hiltzea? Zerk justifikatzen du hori? Zerk justifikatu dezake milaka palestinarren etxeak erretzea eta bonbardatzea? Ez dago balio duen azalpenik. Palestinarrek ez dute inoiz ulertuko. Ez haurrak edo adinekoak direlako; helduek ere ez dute ulertzen. Nik neuk ez nuen ulertzen 3 urte nituenean, eta orain ere ezin dut ulertu.

Bostonen (AEB) zinen urriaren 7an, azken oldarraldia hasi zenean. Zaila da gatazkari hain urrutitik erreparatzea?

Oso zaila izaten ari da. Zenbat palestinar hain krudelki hiltzen ari diren ikustea, eta hori gelditzeko ezer egin ahal ez izatea... Egin dezakedan gauza bakarra hauxe da, baina ez da nahikoa.

Dena den, hau ez da Israelek Gazari eta Zisjordaniari eraso egiten dien lehen aldia.

Hain zuzen. Gazteagoa nintzenean, uste nuen beste herrialdeetan ez zutela ideiarik ere Palestinan gertatzen zenaren inguruan. Baina gerora ohartu naiz baietz, nazioartean ere jendeak badakiela Israel Palestinan zer egiten ari den, eta, besterik gabe, ez jakinarena egiten dutela. Bihotza erdibitu zitzaidan orduan. Genozidio bat eta garbiketa etniko bat egiten ari dira gure begien aurrean, eta inor ez da ezer egiten ari hori gelditzeko.

Nahiz eta orain urruti egon, Ramallahn hazi eta bizi izan zara orain arte. Zer-nolako haurtzaroa duzu gogoan?

Haurra nintzela galdera hauxe bera egingo bazenit, esango nizuke haurtzaro zoragarria izan nuela, onena. Haurra zarenean ez dakizu zer den normala eta zer ez; zer dagoen ondo eta zer ez. Baina, hazi naizen heinean, beste herrialde batzuk bisitatu ditut, beste istorio eta esperientzia batzuen berri izan dut, eta nire haurtzaroa eta esperientziak besteenekin alderatzen hasi nintzen. Orduan ohartu nintzen nire haurtzaroa ez zela uste bezain zoragarria izan.

Jakingo zenuke horretaz ohartu zinen une jakin bat aipatzen?

Ez dago une jakin bat bakarrik. Zahartu ahala gertatzen da. Zenbat eta gehiago bidaiatu, zenbat eta esperientzia gehiago izan, zenbat eta jende gehiago ezagutu, orduan eta gehiago hausnartu dut izan ditudan esperientzien inguruan.

Eta nora eraman zaituzte hausnarketa horiek?

Orain, nire haurtzaroaren inguruan pentsatzen dudanean, Israelgo armadaren sarekaden eta operazioen ingurukoak dira burura etortzen zaizkidan oroitzapen ia guztiak.

Zergatik betetzen dute hainbesteko tokia?

Zisjordanian oso ohikoak direlako. Ia egunero egiten dituzte.

Nolakoak dira?

Aurretik abisatu gabe egiten dituzte. Leporaino armatutako soldaduak bat-batean etortzen dira, eta, besterik gabe, eremua bonbardatzen dute. Gehienetan gauerdian egiten dituzte erasoak, bereziki gustukoa dute tarte hori; ohean goxo-goxo eta erdi lo zaudela, bonba hotsekin esnatzen zaituzte.

Adinekoak, gizonak, emakumeak, haurrak… edonor izan liteke hildakoa...

Sarekadak egiten dituztenean, bost axola zaie nor hiltzen duten.

Utziko dio Israelek, noizbait, Palestinari eta palestinarrei etengabe eraso egiteari?

Ez dut oso baikorra izan nahi, baina uste dut baietz. Sistema kolonialek ez dute inoiz betirako iraun; hori argi erakutsi du historiak. Palestinako okupazioa noiz bukatu zain nago, eta espero dut hori bizi naizen bitartean gertatzea. Bizirik egon nahi dut, eta hau esan: Palestina aske da azkenean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.