Palestinak NBEko egoitzan bandera lehen aldiz haizatu duen egunean, aspaldi hilzorian zegoen Osloko akordioari azken kolpea eman dio Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak. «Statu quo-ak ezin du jarraitu», salatu du NBEko Batzar Nagusian emandako hitzaldian. Israel bi estatuko irtenbidea «suntsitzen» tematuta dagoenez, Abbasek ohartarazi du palestinarrak ez daudela «legez behartuta» Osloko akordioak errespetatzera, etaIsraeli exijitu dio «okupatzaile moduan» dituen ardurak bere egiteko. Egungo egoera iraultzeko,ultimatuma eman dio Israeli:«Kolonizazio ekintzei, preso palestinarren laugarren taldea askatzeari eta akordioak betetzeariuko egiten dion bitartean, beste aukerarik ez dugu: ez gara izango akordioekiko konpromisoari eutsiko diogun bakarrak». Haatik, armen bidea baztertu du; bide juridikoak erabiliko ditu Israelen politika oldarkorrei aurre egiteko.
Abbasen gertukoek aurretik iragarritako «bonba hitzaldia» bete da, hein batean behintzat. Izan ere, erabakiak Israelen eta PAE Palestina Askatzeko Erakundearen arteko segurtasun akordioak bertan behera uztea eta Palestinako Gobernuaren beraren desegitea ekar lezake. Hori gertatuz gero, Israelek hartu beharko luke Zisjordaniako hiri nagusien kontrola, eta haien segurtasuna bermatu beharko luke; Tel Aviventzako lan deserosoa. Gaur da NBEn hitz egitekoa Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa.
Abbasek salatu du Palestina «botererik gabeko» herrialdea dela, Israelek ez dituelako bete hitzartutako akordioak. Agintariaren arabera, Israelek segurtasun eta politika inguruko akordioaren oinarriak hautsi ditu, eta Palestinako Estatuaren independentzia egituratzeko trantsizioa oztopatu du.
Israelek palestinarrengan egindako sarraskiak gogoan izan ditu agintariak. «Deir Yassin eta gure herriaren aurkako beste sarraski guztiak ez dira zigortuak izan».Horrez gain, Abbasek esan du palestinarren aurkakogorrotoa sustatzen duela Israelek, eta uztailean Duma herrixkan muturreko nazionalista juduek bizirik erre zuten familia aipatu du. «Zenbat denbora gehiagoz jarraituko du Israelek legeen gainetik eta kontuak eman gabe?».
Palestinak NBEn bere tokia hartu du, bandera lehen aldiz igota. Baina herritarren egoera «jasangaitza» da, Abbasen hitzetan. Gaza bakartuta eta suntsituta dago, orain urtebeteko sarraskiko zauriak orbandu ezinik; Israelek bultzatutako legez kanpoko koloniek aurrera egiten dute etengabe; fakzio palestinarrak adiskidetu ezinik daude; azken bolada luzean kale itsuan egon da bake prozesua; eta palestinarrak pobretuta eta etsita daude. Hori gutxi balitz bezala, Siriako gerraren itzalpean nazioarteko agendatik kasik desagertu da Palestinako auzia.
Etsipen oihua
Etsipen oihua da Abassek egindakoa: «Gure pazientzia agortu da». 1993an egin zituzten Osloko akordioak,orduko PAE ko buru Yasser Arafatek eta Israelgo lehenministroYitzhak Rabinek. PAN behin-behienean sortzea adostu zuten, bost urtera Palestinako Estatua sortzeko. Baina ordutik agerikoa egin da itunaren antzutasuna, bi estatuen irtenbidean aurrerapausoak txikiak izan baitira.«Gure herriak beharrezkoa du itxaropena, ikusi behar du ahaleginak egiten direla miseria bukatzeko eta dagozkien eskubideak bermatzeko».Bake prozesuak zentzua galdu duela uste du: «Ez dugu gure denbora xahutuko negoziatzen negoziatze hutsagatik».
NBEri dei egin dio okupazioaren amaiera gainbegiratzeko eta palestinarrak babesteko. «Alde guztietatik ari dira koloniak hedatzen». Halaber, Abbasek jakinarazi du Palestinak nazioarteko erakundeetan parte hartzen jarraituko duela. «Gure herria babesten jarraituko dugu eskura ditugun legezko baliabide baketsuen bidez». PalestinaNazioarteko Zigor Auzitegiko kide dela gogorarazi du. «Nazioarteko legeari beldur diotenek krimenak egiteari utzi behar diote», adierazi du Israeli aipamen zuzena eginez.
PAEko presidenteak erakutsitako frustrazioa partekatzen dute herritar askok eta askok. Palestinako Ikerketa Politikoetarako Zentroak kaleratuta inkesta baten arabera, gehiengoak ez du bi estatuen konponbidean sinesten, eta armen alde dago. Abbas bera ere auzitan dago. PAEko presidentetza utzia du, eta atzo PANeko buruzagitza utziko zuenaren ustea zabaldu zen hitzaldiaren aurretik.
Palestinarren azken desilusioa Barack Obama AEBetako presidentearen hitzaldiarekin etorri zen, Ekialde Hurbileko gatazken artean ez baitzuen Palestinakoa aipatu. «Obamak uste al du Estatu Islamikoa eta terrorismoa garaitu dezakeela, edo bakea eta segurtasuna bermatu dezakeela Ekialde Hurbilean Israelen okupazioari, kokalekuei eta Al-Aqsa meskitaren aurkako erasoei ez ikusiarena eginez?», adierazi du Saeb Erekat PAE ko negoziazio taldeko buruak.
Argi printza iluntasunean
Etsipenaren erdian, aurrerapauso sinbolikoa eman dute palestinarrek,lehen aldiz haizatu baitzuten NBEko egoitzan haien bandera. Bakea bermatzeko helburuz sortutako erakundeko beste 193 kiderenekin batera dago dagoeneko palestinarren ikurra. «Independentzia eta askatasunerako bidean une historikoa da. Nire herriari diot: igo ezazue toki guztietan Palestinako bandera», esan du Abbasek, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak parte hartutako ekitaldian. Gaza eta Zisjordaniako toki askotan zuzenean jarraitu dute, eta banderak haizatuta koloreztatu dituzte kaleak. Irailaren 30ero banderaren eguna ospatzeko deia egin du Abbasek. «Harro egoteko eguna da. Jerusalem ekialdean, gure hiriburuan, bandera haizatuko dugun eguna iritsiko da».
NBEko estatu behatzaile estatusa du Palestinako Estatuak. Batzar Orokorrak bandera gainerako kideen antzera igotzearen alde bozkatu zuen irailaren 10ean—Vatikanoarena ere igo dute era berean—.19 herrialdek bozkatu zuten ebazpenaren alde, eta 45 abstenitu egin ziren. Aurkako zortzi boto jaso zituen, tartean AEBena.
Palestinako auziak berak islatzen du nazioarteko erakundearen ezintasuna. 70. Batzar orokorra egin dute egunotan. Gatazka,orain dela 68 urte piztu zen. Abassek berak gogoratu du: «NBEren konpondu gabeko auzirik zaharrena da Palestinakoa».
Palestinako gatazka. Abbas NBEn
Osloko itunarenak egin du
Abbasek adierazi du ez diola Osloko bide orriari eutsiko Israelek bi estatuko konponbidea errespetatu ezean.Lehen aldiz igo dute Palestinako bandera NBEeko egoitza nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu