Osloko Akordioak hasieratik bideraezinak zirela uste du Lubnah Shomalik (Beit Sahour, Palestina, 1972). Badil Palestinako errefuxiatuen elkarteko kidearen iritziz, akordioek ez zieten heldu gatazkaren «erroko kausei», eta nabarmendu du Oslok ez zituela aitortu Palestinaren autodeterminazio eskubidea eta errefuxiatuen itzulera eskubidea. Hala ere, palestinarrek printzipio horiei eusten dietela ziurtatu du.
Ikusi gehiago: Osloko Akordioak: gainditu beharreko porrot eredu bat
Osloko Akordioak bakea lortzeko mugarri gisa iragarri ziren. Hiru hamarkadaren ostean, zein interpretazio egiten duzu?
Zalantzarik gabe, mugarri bat izan zen, baina ez bake iraunkor bat ezartzeko. Gehiago izan da estalki bat Israelen kolonizazio politikentzat eta apartheid sistema sendotzeko. Ez soilik 1967tik okupatuta duen eremuetan, baita gaur egun Israel deitzen den eremuan ere. Itunak Israelen alde desorekatu zuen balantza modu nabarmenean. Erabili zuen hizkuntzan ikus daiteke hori. Ez dira behin ere aipatzen palestinarren eskubideak.
Badilen iritziz, akordioak hasieratik zeuden porrot egitera kondenatuta. Zergatik?
Errefuxiatu eta barne desplazatu palestinarren komunitatea oso atsekabetuta zegoen Oslorekin; besteak beste, errefuxiatuen auzia negoziazioen azken fasera atzeratu zuelako. Arrazoi horrengatik eskatu zuten erakunde bat sortzea beraien eskubideak defendatuko zituena, nazioarteko zuzenbidearen arabera. Eta hemen gaude. Badil hitzak arabieraz alternatiba esan nahi du.
Oslok ez zien heldu Palestinako egoeraren erroko kausei: palestinarren desplazamendu behartuei eta lekualdatzeei, kolonizazioari eta apartheidari. Kontrara, eremu handiagoa aitortu zion Israeli bere politikak hedatzeko, bake prozesuaren esparruaren babesean.
Akordioek PAN Palestinako Aginte Nazionala eratu zuten. Zer ekarpen egin dio erakundeak Palestinaren askapenari?
Kalte egin zion PAE Palestina Askatzeko Erakundearen posizioari. Ikuspuntua aldatu zuen: askapen prozesua bazter utzi, eta kudeaketa soiltzat jo zuen. Israelek eta nazioarteko komunitateak beti nahi izan dute Palestinako auzia kudeaketa ikuspuntu batera mugatu, baina PAEk, Osloren aurretik, askapen estrategia bat zuen, eta PAEren Gutunean mamitu zituen haren printzipioak [1964an]. Oslok PAE zokoratu zuen, PANen bidez. PAN euskarri bat da Israelen eta nazioarteko komunitatearen estrategiarentzat. Erakundea normalizazioaren konplize da, funtsean; bereziki, segurtasun kooperazioari dagokionez. Israelen segurtasun politikak ezartzeko erakunde sarearen parte bihurtu da PAN. Gutxienez, Zisjordanian [Gazan, Hamasek du agintea].
Israelen, zenbait gizarte sektorek gobernuari eskatu diote PANi finantzaketa eteteko. Arriskuan al dago erakundea?
PANek Israelengandik jasotzen duen finantzaketa palestinarren eskuetatik dator, zergetatik. Israelek funts horiek erabili ohi ditu PAN kontrolatzeko, Osloko Akordioetatik ateratzen saiatzen baldin bada, edo kudeaketa ikuspuntutik harago joaten ahalegintzen bada. Eta ongi funtzionatzen du. Modu horretara, Israelek onartzen du PAN zenbateraino zaion baliagarri, eta ez dut uste arriskuan jarriko duenik.
Galdera izango litzateke nork hartuko lukeen lekukoa PANek existitzeari utziko balio. Israelek oraindik ez du erabaki nork ordezkatuko duen Mahmud Abbas [PANeko presidentea]. Hautagai egoki bat izan arte, ez dut uste aldaketa esanguratsurik egingo duenik PANenganako jarreran.
Osloko Akordioak bi estatuen konponbiderako oinarri gisa aurkeztu ziren, baina aukera horrek ia ezinezkoa dirudi egun.
Irtenbiderik egokiena al da? Ez dut uste. Baina, bi estatuen konponbidea egokiena irudituko balitzait ere, Oslo ez zen saiatu bi estatu independente eta subirano ezartzen. Uste dut Olso nahita egin zutela bideraezin. Bi estatuen konponbidea posible izan zitekeen akordioa giza eskubideen defentsan oinarritu balitz. Orduan, beste egoera batean egongo ginateke. Oslok bazterrean utzi zituen Palestinako herriaren eskubide besterezinak. Ez zuen soilik errefuxiatuen auzia alboratu, baita horien itzultzeko eskubidea ere; kontua ez da soilik Israelek palestinarren giza eskubideak urratzen jarraitu zuela, baizik eta akordioak ez zuela jaso Palestinaren autodeterminazio eskubidea. Ez dago palestinarren oinarrizko eskubideei buruzko aipamen bakar bat ere. Nola espero daiteke aitortzea autodeterminazioa eta itzultzeko eskubidea?
Badilen 2021eko inkesta baten emaitzen arabera, Palestinako gazteek —18-35 urte— ez dute bi estatuen konponbidea lehenesten (%26), estatu bakarrean oinarritutakoa baizik (%74). Paradigma aldaketa bat al da?
Ez da paradigma aldaketa bat, Palestinako herritarrei buruz ari bagara eta ez Palestinako lidergo politikoari buruz. Jendearekin hitz egiterakoan, beti dago askapenaren borrokaren ideia, eta ez kudeaketarena. Askapen borrokak Palestinako Mandatuari egiten dio erreferentzia [Erresuma Batuaren kolonia izandakoa], ez 1967an Israelek okupatutako lurraldeei [Gaza eta Zisjordania]. Palestinarren autodeterminazio eskubideaz ari garenean, palestinar guztiei buruz ari gara. Eta itzultzeko eskubideaz ari garenean, jatorrizko bizitokietara itzultzeko eskubideaz ari gara, eta horrek barnean hartzen ditu gaur egun Israel deitzen den eremuko lurrak. Oinarri horiek PAEren Gutunean jasota zeuden, eta estrategia nazionalaren gidalerro ziren Osloren aurretik.Bizirik segitzen dute Palestinako herritarren artean, Palestinako lidergo politikoak, nazioarteko komunitateak edo Israelek berak beste edozein norabide hartuta ere.
Zein izan da eta izaten ari da nazioarteko komunitatearen jokabidea Osloren inguruan?
Konpromiso irmo bat ikusten dut Osloko Akordioen gainean eta bi estatuen konponbidearen gainean. PANek hainbatetan ohartarazi du Oslon oinarritutako konpromisoa etengo duela, baina badakigu hori ez dela gertatzen ari. Oslo gorpu bat dela ikusten dugun aldi berean, oraindik auziari heltzeko ikuspuntu ofizialen parte da, eta, nazioarteko komunitatearen apustua den artean, oso zaila izango da bestelako hurbilketa bat, askapen prozesu batean oinarrituko dena, eta ez zapalkuntzarekin jarraituko duen kudeaketa hutsean.
Zein aukera aztertu behar lirateke, zure ustez, Palestinan bake iraunkorra lortzeko?
Gure ustez, eskubideetan oinarritutako deskolonizazio prozesu bat garatzea da irtenbiderik onena. Horrek esan nahi du Israelgo erregimenaren apartheid sistema osoa desegin behar dugula, maila politikoan, legalean, sozialean, kulturalean eta ekonomikoan. Hasi behar genuke, lehenik eta behin, modu berritzaileak eta irudimentsuak bilatzen palestinarren eskubideak ezartzeko.Eskubide urraketak eta krimenak eten beharra dago, eta Israel horien erantzule egin. Krimenen egileek kontu eman behar dute justiziaren aurrean.
Osloko Akordioak. 30. urteurrena. Lubnah Shomali. Badil errefutxiatuen elkarteko kidea
«Oslo estalki bat izan da kolonizazio politikentzat»
Israelek palestinarren kontrako «apartheid sistema» sendotzeko baliatu zituen bake akordioak, ekintzailearen iritziz. Askapenaren ikuspuntua alde batera utzi, eta «kudeaketatzat» jo zuen gatazka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu