Mexiko osotik iritsitako 500 ordezkari indigena egon dira bilduta aste honetan San Cristobal de Las Casas hirian (Chiapas), CNI Indigenen Kongresu Nazionalaren 20. urteurrenean. Egungo egoera politikoa aztertu ostean, «behetik» antolatzeko deia egin dute, Mexiko «oker gobernatzen dutenen oldarraldiei» aurre egiteko. Bide horretan, 2018. urteak zeresana emango du. Izan ere, 22 urtez herrialdeko sistema politikoari uko egin ostean, EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatista Mexikoko presidentetzarako bozetara aurkeztuko da. Hautagaiak, gainera, badu profila: indigena jaio eta hizkuntza indigenan mintzo den emakumea izango da.
Gerrillak proposatuta, CNIk bi puntu esanguratsu onartu ditu: alde batetik, Gobernurako Indigenen Batzordea eratzea, eta, bestetik, CNI eta EZLN ordezkatuko dituen emakumezko hautagai independentea babestea. Lehendabizi, baina, herri indigena guztietan eztabaidatuko dute proposamena, «behetik suntsitzeko goitik ezarritako boterea, heriotza eta indarkeria dakarrena». Azkenik, egitasmoa galdeketa bidez onartu beharko dute.
1994ko urtarrilaren 1ean, armak eskutan hartuta, Lacandonako oihanetik atera eta San Cristobal de Las Casasen eta Chiapasko beste hainbat hiritan sartu ziren zapatistak. 22 urte geroago, EZLNk orain arte esploratu gabeko bidea hartuko du. Aurrenekoz, Caracol-etako oskoletatik atera eta kargu publiko bat okupatzen saiatuko dira —Caracolak zapatisten erkidego autonomoen antolaketa erakundeak dira—. «Iritsi da garaia erasora jotzeko», aldarrikatu dute kongresuan.
2015. urtera arte, bozketa bidez hautatua izan nahi zuenak ezinbestekoa zuen bozetara alderdi baten izenean aurkeztea. Urte hartako hauteskundeez geroztik, ordea, atea zabalik dute hautagai independenteek. Hain zuzen ere, zirrikitu hori aprobetxatu nahi du gerrillak Los Pinoserako lasterketan lehiatzeko. «Berresten dugu gure borroka ez dela boterea lortzeko, ez gabiltza horren bila; horren ordez, dei egingo diegu jatorrizko herriei eta gizarte zibilari antolatzeko, suntsipen hau geldiarazteko. Indartu egin behar dugu gure erresistentzia eta errebeldia», diote zapatistek publiko egindako komunikatuan. Askotan nabarmendu duten ideia izan da hori: helburua boterea suntsitzea izan behar da, ez lortzea. Horrela jaso nahi izan dute Dardara egin dezala lurrak barrenetik izenburupean zabaldutako komunikatuan. Eta, hala, Mexikoko ereserki nazionalaren bertso bati egin diote aipua, berresteko proposamena ez dela soilik mugatzen herri indigenetara. «Mexikarrok, gerra hotsarekin batera/ prestatu altzairua eta [zaldien] brida/ eta dardara egin dezala lurrak barrenetik/ kanoiaren orro ozenarekin batera», dio ereserkiak.
27 urraketa
Kongresuan dozenaka etnia ezberdinetako taldeak elkartu dira, eta beren baliabide naturalen eta bizimoduaren defentsarako ekintza komunak adostu dituzte. «Konturatzen ari gara lurren desjabetzea gero eta larriagoa dela. 524 urtetan ez da gelditu errepresioa, lurraren semeak garenon kontra hasitakoa, kapitalismoaren handinahien mesedetan. Bizitza sortzen jarraitzeko erresistentzia, gaur egun, hitza bihurtzen da. Ikastea esan nahi du. Akordioa bihurtzen da». Bertan izan dira Galeano komandanteordea —Marcos izenaz ezaguna lehenago—, Moises komandanteordea, Tacho komandantea eta EZLNko hainbat buru. Hitzaldietan behin eta berriz nabarmendu dute akzio plan bat antolatzeko beharra. «Jatorrizko herriek inoiz baino gehiago egin behar diote aurre lurren okupazioari eta baliabide naturalen pribatizazioari, meategien ustiapenari, urtegi hidroelektrikoen eraikuntzari eta errepideak sortzeko proiektuei».
Komunikatuan, gainera, zapatistek Mexikoko komunitate indigenen aurka egindako 27 urraketa salatu dituzte. Hala amaitu dute gutuna: «Duintasun errebeldearen garaia da, nazio berri bat eraikitzeko garaia, guztion artean eta guztiontzat. Beheko boterea eta ezker antikapitalista indartzeko momentua da. Heldu da garaia kolore anitzeko Mexiko honetako herriei mina eragin dien errudunek ordain dezaten».
Oskoletik aterako da EZLN
Hogeita bi urtez Mexikoko sistema politikotik at egon ostean, gerrilla 2018ko presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztuko da. Emakume indigena independente bat izango da hautagaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu