Hamdan Ballal zinema zuzendari palestinarra jipoitu zuen atzo kolono israeldar talde batek, eta Israelgo armadak preso eraman zuen gero. Hala salatu zuen No Other Land dokumentalaren beste zuzendariak, Yuval Abrahamek. Biek batera zuzendu zuten okupazioaren inguruko dokumental hori, eta Oscarra irabazi zuten otsailean. Gaur goizean aske utzi dute Ballal. «Gau osoa eskuburdinak jarrita zituela igaro eta base militar batean kolpatua izan ostean, Hamdan Ballal aske da», jakinarazi du Abrahamek gaur sare sozialetan.
«Kolono talde batek Hamdan Ballal lintxatu berri du. Jo egin dute, eta zauriak ditu buruan eta sabelean. Odoletan utzi dute. Soldadu batzuk anbulantzian sartu dira, eta eraman egin dute. Ez dugu haren berririk», idatzi zuen atzo iluntzean Abrahamek. Ordu bat geroago beste mezu bat idatzi zuen, Hamdan non zegoen ez zekiela ohartarazteko.
Atzo arratsaldean gertatu zen erasoa. Dokumentalaren ekoiztetxeak jakinarazi duenez, hamar bat kolono sartu ziren Masafer Yattako Susiya herrixkan, Hebrondik gertu. Herritarrak zauritu, eta etxeei eta autoei eraso egin zieten. Erasoa pairatu zutenen artean, AEBetako bost ekintzaile judu daude. Erasoa grabatzera joan ziren, eta kolonoek haien kontra jo zuten, ekoiztetxearen arabera.
Lekukoen arabera, kolonoak zinemagilearen etxera joan ziren, eta haren autoa harrika hartu zuten.
Sari ugari jaso ditu Ballalek eta Abrahamek zuzenduriko dokumentalak, Oscarraz gain. Berlinalen bi garaikur eman zizkioten, eta, geroztik, Amsterdamgo Zinema Dokumentalaren Jaialdiko saria, New Yorkeko Zinema Kritikarien Saria, NBR AEBetako Kritikarien Elkarteko Prentsa Askatasunaren Saria eta Europako Zinemaren Sarietako dokumental onenaren saria jaso ditu.
Kolonoek Zisjordanian eginiko erasoen berri ematen du lanak, eta palestinarren apartheid egoera azaltzen du.