Elikadura

Osasuna, gain beheran

SNAP programa ezabatzeak egun onuradunak diren herritarrei eragingo dien kaltea aztertu dute elkarlanean fundazio batek eta GKE batek.

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2013ko irailaren 15a
13:59
Entzun

Kongresuko bi ganberen arteko negoziazioen emaitza zein izango den argi ez badago ere, krisiaren ondorioz aurreikusten da elikagai bonuen SNAP egitasmoak murrizketak behintzat jasango dituela. Aldatu egingo lituzkete onuradun izateko irizpideak, eta horren ondorioz, 5,1 milioi herritar programatik at geratuko lirateke. Horrek herritarren osasunean izango duen eragina elkarlanean aztertu dute Robert Wood Johnson fundazioak eta Pew Charitable Trusts gobernuz kanpoko erakundeak.

Bi elkarteek kaleratu duten txostenaren arabera, SNAP egitasmoaren aurrekontuan egin asmo diren murrizketek diru sarrera gutxiko familiei kalte egiteaz gain, pobrezia areagotuko dute osasunean ere arazo larriak eraginez. Diru eta elikagai faltak helduen artean diabetesa, presio arteriala eta bihotzeko bestelako gaixotasunen arriskua areagotuko duela iragarri dute. Umeei dagokienez, berriz, asma eta depresio kasuen kopuruak gora egingo luke. Izan ere, ikerketaren egileek adierazi dute gaur egun diru sarrera txikiak izan arren janari kupoien bidez elikatzen diren haurrek joera gutxiago dutela heldutakoan gizentasuna, diabetesa edo bihotzeko gaixotasunak izateko.

Txostenak biltzen dituen ondorio nagusien artean SNAP egitasmoak osasunean duen epe luzeko eragina positiboa nabarmentzen dute. Aaron Wernham azterketaren zuzendariaren hitzetan, "SNAP programak eragin handia du osasunean, eta osasuna bera eztabaidaren erdigunean kokatzea du helburu". Wernhamen arabera, elikagai bonuen onuradun askok "hautatu egin behar dute alokairua, sendagaiak edo janaria ordainduko duten, eta politikariek kontuan izan behar dute SNAP programaren aurrekontua murriztuz gero, osasunari egingo dioten kaltea".

Programa behar bezala garatzeak elikadura segurtasuna bermatu dezake, baina hala egiten ez bada, elikatzeko behar adina janari lortzeko zailtasunak eragingo dizkie herritarrei. Hala, aurreikusitako aldaketak ezarriz gero, 160.000tik 305.000ra bitarteko herritar gehiagok jasango lukete elikadura segurtasunik eza. Aurrekontuen eta Lehentasun Politikoen Zentroko ordezkariek ere baieztatu egiten dute "pobreziari aurre egiteko programarik eraginkorrena" dela SNAP.

Programa ezabatuko balitz, nolabaiteko zirkulu itxi bat osatuko litzateke. Pobreziak gora egiteak gaixotasun arriskua areagotuko luke, eta horrek osasun gastu gehiago ekarriko lizkioke Washingtoni. Robert Wood Johnson fundazioaren eta Pew Charitable Trusts GKEren azterketan aurreikusi dutenez, ehuneko puntu bat igo daiteke pobrezia tasa AEBetan, eta horrek datozen hamar urteetan gastu medikoetarako orain baino 11.300 milioi euro inguru gehiago bideratzera behartuko luke gobernua. Gainera, kontuan izan behar da diru sarrera gutxiko herritar gehienak osasun zentroetatik urrun dauden eremuetan bizi direla.

Aipatu murrizketak ezarriz gero, elikagai bonuak eskuratzeko aukera galduko luketen 5,1 milioi herritarretatik 1,4 milioi izango lirateke haurrak, eta 900.000 inguru adinekoak. Horrez gain, onuradun izan arren laguntza gutxiago jasoko luketenak 500.000 lagun dira, eta horietatik bi herenak umeak, ezintasunak dituzten pertsonak edo adinekoak lirateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.