Koronabirusa. Fatimetu Zenan. Saharako Gazte Aktiboak elkarteko sortzailea

«Osasun kezka bat sartu da jokoan, eta arazoak areagotu»

Saharar herritarrek 45 urte daramatzate Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan bizitzen. Zenanek dio behar asko dituztela, baina orain COVID-19aren pandemiaren eragina murriztea dute helburu.

BERRIA.
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Fatimetu Zenan (Tindufeko Saharako errefuxiatuen kanpamentuak, 1999) Saharako Gazte Aktiboak elkartearen sortzailea da, Bachari Laabeidekin batera. Saharako errefuxiatuen kanpamentuekin lan egiten hasi ziren Euskal Herritik, eta, egun, Kataluniako eta Espainiako Estatuko hainbat erkidegotako kideak dituzte. Zenanek dio ohiko egoera jada latza dela, baina koronabirusak nazioarteko laguntza geldiarazi du, eta bizimoduak okerrera egin du.

Nolakoa izaten da ohiko egoera Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan?

Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan saharar errefuxiatuak bizi dira orain dela 45 urte baino gehiagotik, zehazki 1975etik, eta errefuxiatuen kanpamentu batean bizitzea egoera gogorra da jada, oso latza. Azken finean, nazioarteko laguntzari esker eta horren menpe bizi gara eta dira, bai elikadura aldetik, bai osasun aldetik; behar guztiak ase ahal izateko funtsezkoa da laguntza hori.

Nolako eragina izan du koronabirusak kanpamentuetan?

Kasuak agertzen hasi direnean, mugak itxi dituzte. Horregatik, nazioartetik heltzen ziren elikagaiek eta osasunerako beharrezko baliabide horiek ezin dira iritsi, eta egoera zaildu egin da. Orduan, bizi baino gehiago, iraun egiten dute orain. Hemen egiten ditugun bilketa guztiei esker hara bidaltzen dituzten karabanak ezin dira iritsi; ezin dute hain beharrezko duten laguntza hori helarazi. Egia esan, nahiko egoera larrian daude, orain ez delako bakarrik nutrizio arazoa edo bizitza duin bat izateko arazoa. Hor jokoan sartu da osasun kezka bat, eta arazoak areagotu dira; egoera are gogorragoa bihurtu da.

Zer neurri hartu dira?

Pandemia bat dagoela entzun zutenean, bai kanpamentutik, bai Aljeriako Gobernutik hartu zuten lehenengo neurria mugak ixtea izan zen. Dena den, Aljeriako lurraldeen baitan mugitu gaitezke. Tinduf hirian —kanpamentutik hurbilen dagoen hiria— kasuak agertzen hasi direnean, kutsatzeko arrisku handiagoa egon da.

Fronte Polisarioak lan bikaina egin du prebentzio lanetan. Hain zuzen ere, horretan oinarritzen da kanpamentuetako osasun sistema: aurrez neurriak hartzean. Azken finean, ezin dute itxaron gaixotasuna agertu, diagnostikatu eta tratatu arte. Gertatzen dena da birusa ikusezina dela, eta ondoko hirian kasuak agertu badira, eta mugek zabalik jarraitzen badute, nahitaez kasuak agertuko direla kanpamentuan ere.

Nola erantzun dute hango herritarrek egoera horren aurrean?

Nire izebak esan zidan, esaterako, kezkatuta zegoela sukarra zuelako. Nik esan nion ospitalera joateko, baina zera erantzun zidan: «Nola joango naiz ospitalera, bertan kutsatzeko aukera badut?». Edonola ere, joanez gero, bertan ez dago baliabide edo tresnarik horri aurre egiteko. Orduan, zuzenean bideratzen dituzte kasuak Tinduf hirira PCR proba egiteko; gero, hamar egun inguru itxaron behar dute.

Zer baliabide dituzte kanpamentuko osasun profesionalek lan egiteko?

Maskara kirurgiko bat gehienez lau orduz erabiltzea gomendatzen da. Kanpamentuan horrelako maskara batekin ibiltzen dira 24 orduan, eta izerdiarekin, zikinkeriarekin eta ospitaleko egoera orokorrarekin, ez dute ganorazko baliabiderik. Guk Saharako Mediku Eskolako zuzendariarekin hitz egiten dugu, eta esaten digu haren lankideak paziente bihurtuko zaizkion beldur dela. Eta kezka hori nabarmena da.

Babesteko baliabideak bidali nahi dituzue zuek bertara.

Gazte sahararrak, euskaldunak, katalanak, Espainiako Estatuko erkidegoetakoak, denok batu gara, kezka bateratu baten inguruan. Badakigu beharrak asko direla, baina orain, batez ere, prebentziorako material bilketa egiten ari gara: maskarak, eskularruak, gel hidroalkoholikoa eta parazetamola. Probintzia bakoitzean lortutakoa biltegi batera eramaten dugu, eta ahal den momentuan hara bidaliko dugu lortutako material guztia.

Benetan eskerrak eman nahiko nizkieke euskal herritarrei, betidanik izan dugulako harreman sendoa eta erantzun ona hemen. Eta, orain, berriro ere haien laguntza eskatzen dugu; gure sare sozialetan azaltzen dugu horretarako egin beharrekoa.

Zenbaterainoko garrantzia du laguntza hori bidaltzeak?

Kanpamentuetako egoera oso latza da; duela 45 urteko gatazka bat da. Eta orain birus bati egin behar diote aurre. Guk ere hala egin behar dugu, baina behintzat bizimodu duin bat dugu. Edonola ere, guk zailtasunak baditugu honi aurre egiteko, han askoz ere okerrago daude, baliabide eskasekin bizi direlako. Ondorioz, premiazkoa da prebentzio material hau bildu eta haiei helaraztea.

Zabaltzen al da birusaren inguruko informazioa han?

Materiala eramatea zentzugabea izango litzateke hango herritarrek ez balekite baliabide horiek nola erabiltzen diren, edo hala egitearen zergatia ulertzen ez badute. Gure elkartetik hori lantzen ari gara haiekin, bideo eta tailerrak antolatuta. Kanpamentuetan ere osasun arloko langileak horretan dabiltza, sentsibilizazio maila handitzeko helburuarekin. Tamalez, ez da lan erraza pertsona bati esatea haiman geratzeko, eskuak garbitzeko, lagun askorekin ez elkartzeko eta maskara erabiltzeko, maskararik ez dagoenean. Distantzia mantentzea ere zaila da, gehienbat familia ugariak direlako. Hortaz, tresna funtsezkoa da sentsibilizazioa.

Luzera begira, zer ondorio izan ditzake pandemiak?

Orain arte, oker ez banago, 25 kasu agertu dira. Baina horiek PCR probak egin zaizkien pertsonak dira, eta ez dago baliabiderik gehiago egiteko. Gutxi direla esan daiteke, baina, 200.000 lagunen artean, zenbateko altua da jada, eta kezka dago luzera begira, are gehiago horren kutsakorra den gaitz batekin, batez ere saharar biztanleak gutxi garelako. Ezin dugu onartu birus batek gure nortasuna, herrialdea eta herritarrak ezabatzea. Birusari aurre egiteko batzen ez bagara, ondorioak latzak izan daitezke. Dena den, Fronte Polisarioa, gure ordezkari bakarra, gau eta egun ari da lan egiten, dituen baliabideekin, ahalik eta kasu gutxien izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.