Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Ortzadarraren hortz zorrotzak

2024ko ekainaren 23a
05:05
Entzun

Ekaina da munduan harrotasunaren hilabetea. Askatasunaren oihartzun ei diren ortzadarraren koloreak nonahi aurkituko ditugu, eta Mexiko ez da salbuespena. Hiriburuan, Reforma etorbideko banketxeetako eraikin ia guztietan eskegi zituzten, hil hasieran, LGBTIQ+ deritzon mugimenduaren bandera erraldoiak. Banketxeak bakarrik ez, ekaina bitartean koloretsuak izango dira merkatuko marka ezagun guzti-guztien ikurrak. Eta ekaineko azken larunbatean dozenaka mila lagunek Mexiko Hiriko kalerik esanguratsuenak hartuko dituzte, Zocalo plaza lepo beteko dute, eta izatez borrokarako gune sortutako agerraldian, Walmart, ETT, Starbucks, McDonalds eta enparauen kamioien artean lekurik aurkituko dute agian, maitasuna maitasun dela aldarrikatzeko. Shangay Lily zenak ondo aitortu bezala, «gay ez zara jaio, gaytasuna erosi egin duzu»-eta. 

2016ko ekainaren 25ean, orduko presidente Peña Nietok sexu aniztasuna ospatu zuen, eta LGBTI gizon eta emakumeak aintzatetsi zituen bere gobernuaren izenean. Mugarria izan zen adierazpena Mexikon. Mexikon, herrialdean. Mexiko Hirian bizi diren gay, lesbiana, transexual eta enparauek aspaldi lortu zuten-eta Mendebalde deitzen dugun ingurumariko herrialdeetan dituzten parekideen eskubide bertsuak.

Mexikoko hiriburua oasi baten antzekoa izan da halako auzietan; bai, behintzat, 1994an Ipar Amerikako hiru herrialdeek merkataritza ituna sinatu zutenetik, eta, batez ere, 1997an, ezkerreko Cuauhtemoc Cardenas Mexiko Hiriko lehenengo gobernuburu hautatu zutenetik. Horren adibiderik argiena garai latz haietan, 1999an, herri mugimenduarekin eskuz esku ireki zuten Condesa klinika espezializatua dugu, hiesaren pandemiari aurre egiteko herrialdean sortu zen lehen osasun zentroa, oraindik irekita dagoena, eta eredugarri dena kontinente osoan.

Hiriak atzean utzi zituen pixkana lehenagoko giro herdoildu eta itogarriak: Poliziaren jazarpena, Eliza katolikoaren kontrol zurruna eta, batez ere, gizarte sexista, misogino eta matxista baten pentsamoldeak. Pixkana izan bada ere, sendoa izan da egindako bidea: 2006ko azaroaren 16an hiriburuko legebiltzarrak Izatezko Bikoteen Legea onartu zuen. Araudia sei hilabetez geratu zen lozorroan hiriko gobernuburuaren tiraderan, hark, Lopez Obradorrek, 2007ko martxoaren 16an kargua utzi zuen arte, 2008ko hauteskundeetan presidentegai izango zelako. Agintariak legea sinatu behar zuen indarrean sar zedin. Bere oinordekoak kargua hartutakoan egin zuen lehenengo gauza horixe izan zen, legea sinatzea, alegia. 2009ko abenduaren 21ean, gainera, aurrerapauso bikaina egin zuen Mexiko Hiriko Legebiltzarrak, sexu berekoen arteko ezkontza onartu baitzuen. Eta 2015etik aurrera, jaiotza aktan generoa eta izena aldatzeko nahikoa dute hiritarrek tramite xume bat egitea erregistro zibilean.

Izan ere, talaia honetan inoiz aipatu bezala, urrian presidente ohi izango denaren pentsamendu ideologikoak badu alde oso kontserbadorea, ingurumenari eta genero edo sexu aniztasunari dagozkien gaietan atzematen dena, batez ere.

Hori guztia hiriburuko agintariek sustatu zuten, gizarte eragileak bidaide zituztela. Arestian iradoki dugunez, zangotrabak izan zituzten bidean, egungo presidente Lopez Obradorren aurreiritzi erlijiosoak tarteko. Izan ere, talaia honetan inoiz aipatu bezala, urrian presidente ohi izango denaren pentsamendu ideologikoak badu alde oso kontserbadorea, ingurumenari eta genero edo sexu aniztasunari dagozkien gaietan atzematen dena, batez ere.

Araudietan lehen munduko eremua da Mexiko Hiria, eta horietatik kanpo, berton bizi direnen egunerokoan, oraindik gehiago. Mexiko Hiria aipatzen da behin eta berriro, hiriburutik kanpo aurkitzen diren beste Mexiko horietan guztietan errealitate askoz ere zuhurragoak bizi dituztelako. Iraganaren eta etorkizunaren arteko lehian, Mexiko Hiria borroka zelai paregabea da. Hilaren 4an Infonavit langileentzako etxebizitza funts nazionalaren institutuaren egoitzan jazotakoa horren lekuko.

Carlos Martinez institutuko zuzendariak lotsarik gabe esan izan du bera gay dela, eta kargua berari eman izanak argi erakusten duela Mexikon egindako ziaboga zenbatekoa den. Ekainaren 3an, hauteskundeen biharamunean, ortzadarraren bandera erraldoia ipini zuen erakundearen egoitza nagusian. Ipini zuen ez bera gay delako, ekaina heltzearekin batera hiriburuko erakunde publikoetako egoitza gehienetan LGBTI+ mugimenduaren ikurra jartzen dutelako baizik. Bandera koloretsu horiek ez dute harrabotsik eragin, ez orain arte. Ikurra ikusi eta hurrengo egunean, institutuko sindikatuak elkarretaratzea egin zuen egoitzaren atarian euren protesta adierazi eta bandera txikitzeko.

Rafael Riva Palacio buruzagi sindikalak bultzatu zuen protesta: «Nik, bereziki, eta lankide zenbaitek ezin dugu hau onartu, eta jartzen duten bezainbestetan kenduko dugu». Orainak iraganarekin egin zuen tupust, eta etorkizunak hortzak erakutsi zizkion biharamunean: LGBTI+ mugimenduko zenbait kidek aipatu sindikatuko egoitza nagusiari eraso egin zioten, eta aldarrikatu homofobia ez dela eskubide sindikala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.