Lehen Mundu Gerraren ondotik, Italiak Ipar Adriatikoa bereganatu zuen, italiarrak eta eslaviarrak bizi ziren eremu bat, eta bortxazko italiartze politika bat inposatu zuen.
Mussolini boterean zela, gogortu egin ziren gutxiengoen kontrako erasoak eta umiliazioak. Faxismoak italiera erabiltzea inposatu zuen, abizenak eta toponimoak italiartu, eta esloveniarren eta kroaziarren elkarteak, egunkariak eta eskolak itxi. Kontra aritutako asko erail edo espetxeratu egin zituzten, eta ehun mila pertsonak Jugoslaviara emigratu zuten, jazarpen nazionalistatik eta diskriminazio ekonomikotik ihesi.
1941ean, berriz, Italiak Jugoslavia inbaditu zuen, eta Dalmazia eta Eslovenia okupatu. Soldaduek eta alkandora-beltzek sarraskiak egin zituzten, herriak erre, eta dozenaka mila pertsona itxi Rabeko kontzentrazio esparruan eta haren antzekoetan, emakumeak eta haurrak batez ere. Triesten, San Sabbako deuseztatze esparruan, hainbat partisano jugoslaviar eta italiar hil zituzten naziek eta faxistek.
1943ko irailaren 8an, Italia errenditu egin zitzaien anglo-amerikarrei; Istrian, zenbait herritarrek eta partisanok ehunka faxista eta kolaboratzaile hil zituzten, eta gorpuak foibe-etara bota, hobi komun gisa erabiltzen ziren zulo natural sakon batzuetara. Alemaniako tropek, ordea, Hirugarren Reichari anexionatu zioten Ipar Adriatikoa; eskura zuten faxista italiarren talde militarren laguntza. Orduan, izugarri ugaritu ziren partisanoen eta herritarren kontrako sarraskiak. 1945eko udaberrian, berriz, jugoslaviarren erresistentziak —tartean 30.000 partisano italiar— Trieste, Gorizia, Fiume eta Pola askatu zituen. Berrogei egunen ondoren, eskualde hura aliatuen kontrolpean geratu zen, baina, bien bitartean, jugoslaviarrek atxilo hartu zituzten milaka faxista eta nazi —soldaduak, poliziak, administrariak— eta kolaborazionista: italiarrak ziren asko, eta esloveniarrak eta kroaziarrak batzuk. Haietatik mila kondenatu eta fusilatu egin zituzten, eta gorpuak foibe-etara bota; beste batzuk preso esparruetan hil ziren. 1947ko Parisko Hitzarmenaren eraginez, aliatuek Italiaren esku utzi zuten Gorizia, eta Pola eta Istria, berriz, Jugoslaviaren mende geratu ziren. 1954ko Londresko Hitzarmenaren ondoren, bestalde, Trieste Italia bihurtu zen berriz. Muga aldatzearen ondorioz, 300.000 lagunek Italiara emigratu behar izan zuten: 50.000 eslaviar, 190.000 italiar natibo eta 60.000 kolono italiar, 1918aren ondoren hara iritsiak. Belgradek alemanen komunitate osoa kanporatu zuen, baina italiarrenari bertan eusten saiatu zen; gaur egun, hortaz, dozenaka mila italiar bizi dira Istrian eta Dalmazian.
Horra hor egia historikoa. 2004an, ordea, Italiako Parlamentuak erabaki zuen otsailaren 10ean Oroimenaren Eguna ospatuko zela aurrerantzean. Egun horrek, hain zuzen, «estatuaren egia bat» inposatzen dio herrialdeari, gertatu zenaren bertsio estandarizatu eta estereotipoz josi bat, historia hankaz gora jartzen duena. Klixeetan oinarritutako historiaren bertsio manipulatu horren arabera, izan ere, italiarren komunitate osoa deuseztatzea izan omen zen partisanoen helburua.
Bide horretan, 2007an, errepublikako presidente Giorgio Napolitanok hizpidera ekarri zuen «garbiketa etniko baten itxura hartu zuen amorru odoltsu bat». Mattarella presidenteak horixe bera esan zuen 2020an. Italiak 1918an anexionatutako eskualdeak «betitik Italia» izan balira bezala hitz egiten dute; propagandak dio dozenaka edo, are, ehunka mila italiar erail zituela «ankerkeria eslaviar-komunistak», italiar izate hutsagatik. Biktimen kopurua ere etengabe puzten dute. 2019ko otsailaren 10ean, Matteo Salvini Barne ministroak zera esan zuen: «Berdin-berdinak dira foibe-etan hildako umeak eta Auschwitzeko umeak». Baina foibe-etako biktimen zerrendan, egiaz, ez da umerik.
Urteroko irudia
Datu gehiago ere faltsutu dituzte. Urtero, telebistaren edo egunkariren batek argitara ateratzen du argazki bat, 1942ko uztailaren 31n Dane herrian aterea, non soldadu italiarren pelotoi bat ageri baita bost partisano esloveniar fusilatzen, eta jugoslaviarrek italiarrei egindako jazarpenaren erakusgarri erabiltzen dute irudia. Gainera, Foiba di Basovizza delakoa, zeina Triestetik gertu baitago, ez da benetako foiba bat, baizik eta meatze hobi abandonatu bat, eta han barruan sekula ez dute aurkitu partisanoek eraildako italiarren arrastorik; bai, aitzitik, soldadu alemaniar batzuen gorpuak.
Bertsio ofizialetik aldentzen diren historialariei «negazionismoa» leporatzen diete orain; haiek finantzatzeari utzi, eta hedabideetatik kanporatzen dituzte. Hori gutxi ez, eta telebista publikoak propaganda hutsa diren filmak ematen ditu: halakoetan, italiar faxistak —hots, tokiko biztanleei jazarri eta Jugoslaviara gerra eraman zutenak, milioi bat lagun hil zituen gerra hura— eslaviarren gorroto etnikoaren biktima gisa agertu ohi dira.
Gaur egun, italiar askok uste dute bizirik botatzen zutela jendea foibe-etara. Eta, bien bitartean, Italiako Errepublika «erresistentziatik jaioak» heroitzat jotzen ditu gerra kriminal faxista batzuk.
Italia
Oroimenaren Eguna: historia ukatua
Italian, Bigarren Mundu Gerraren bukaeran jugoslaviarrek hildako italiarrak oroitzen dituzte otsailaren 10ean. Egun horrek, ordea, gertatutakoaren bertsio estandarizatu eta estereotipoz josi bat inposatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu