Hondurasko presidente ohi Juan Orlando Hernandez bere herrialdetik AEB Amerikako Estatu Batuetara estraditatzeko eskaera onartu du Edwin Ortez lehen instantziako epaileak, New York Hegoaldeko Barrutiko Fiskaltzak Hondurasko agintari ohia epaitu dezan, narkotrafikoa egotzita.
Justizia Auzitegi Goreneko bozeramaile Melvin Duartek azaldu duenez, Hernandez ezin izango dute epaitu aurkeztutako akusazioaz bestelako delituengatik, eta ezingo diote leporatu 2012 baino lehenagoko kargurik ere, urte horretan baimendu zutelako Hondurasko herritarrak narkotrafikoagatik eta «terrorismoagatik» AEBetara estraditatzea.
Bozeramaileak gaineratu du defentsak orain aukera izango duela Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko, eta hark «berretsi edo aldatu» ahal izango duela lehen instantziako epailearen erabakia. Beraz, presidente ohiaren estradizioa beste bi aste inguru atzeratzea espero da, Gorenak hari bide ematen badio. Horretarako, tramiteak egingo dituzte beste erakunde batzuekin; hala nola Hondurasko Atzerri Ministerioarekin eta Washingtonek Tegucigalpan duen enbaxadarekin.
Auzipetuaren defentsak adierazi duenez, AEBek ez zuten Hernandez narkotrafikoan inplikatuko zuen «froga argirik eta nahikorik» bidali Hondurasko presidente ohia estraditatzeko eskaera egiteko. «AEBetako Fiskaltzak ez zuen inolako froga agiririk bidali, ez argazkirik, ez audiorik, ez bideorik, ez transakziorik, ezta akusazioa babesten duen beste edozein froga elementurik ere», zehaztu du.
Hondurasko agintari ohia otsailaren 15ean atxilotu zuen Poliziak, Xiomara Castrok presidente kargua hartu (urtarrilaren 27an) eta aste gutxira. Castroren aurretik izan zen Hernandez presidente, zortzi urtez. Hiru delitu leporatu dizkio Washingtonek Hondurasko hiriburuan duen enbaxadak: droga AEBetara inportatzea, arma trafikoa eta ustelkeria.
New Yorkeko Fiskaltzaren arabera, Hernandezek narkotrafiko sare batean parte hartu zuen, Kolonbiatik eta Venezuelatik Hondurasera bidalitako hainbat kokaina tonako kargamentuak jasotzeko, besteak beste. Droga airez eta itsasoz garraiatzen zuten Hondurastik Guatemalara, azkenik AEBetara eramateko. Orotara, 500.000 kilo kokaina garraiatu zituzten 2004tik. Presidente ohiari «milioika dolar eman zizkioten Hondurasko, Mexikoko eta beste herrialde batzuetako narkotrafikatzaileek haiek babestearen truke, eroskeria tarteko».
Hernandez da AEBek estradizio eskaera egin dioten Hondurasko lehen presidente ohia. 2021eko martxoan, New Yorkeko auzitegi federal batek bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion haren anaia eta diputatu ohi Juan Antonio Tony Hernandezi, eta 118 milioi euro ordaintzera zigortu zuen, narkotrafikoagatik, armak edukitzeagatik eta testigantza faltsuagatik.