Atzo eguerdian atera ziren espetxetik indultua eman berri dieten bederatzi independentista katalanak, Espainiako Auzitegi Gorenak «berehala askatzeko» agindu ostean. Ideia argi batekin irten ziren, gainera: Freedom for Catalonia (Katalunia aske) zioen Lledonersetik atera berri ziren kideek zeramaten pankartak. Erreferendum berri bat egiteko eta amnistia ezartzeko helburuen alde mintzatu da Kataluniako presidente Pere Aragones ere. Hura datorren asteartean batzartuko da Espainiako bere homologo Pedro Sanchezekin, elkarrizketa mahaia abiarazteko asmoz.
Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiak; Jordi Turull, Raul Romeva, Joaquim Forn eta Josep Rull kontseilari ohiek; eta ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko buru ohi Jordi Sanchezek eta Omnium Culturaleko presidente Jordi Cuixartek jendetza zuten esperoan, espetxearen kanpoaldean. Ez zen jende faltarik Wad Ras eta Puig de les Basseko kartzelen atarian ere, hurrenez hurren, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia eta Dolors Bassa kontseilari ohia txalo eta independentzia oihu artean jasotzeko.
Denek ere ideia bera errepikatu zuten hitza hartu bezain laster: «Ez gaituzte isilduko». Izan ere, Junquerasek adierazi bezala, haiek «espetxetik aterata ez da ezer amaitzen». ERCko presidenteak «pertsona guztien askatasunaren alde» lanean jarraitzeko asmoa adierazi zuen. Bide beretik, Cuixartek eta Bassak gogoan izan zituzten erbestean diren buru politikoak, eta 2017ko erreferendumari eta ondorengo mobilizazioei lotuta auzipetutako gainerako 3.000 independentistak ere bai. Izan ere, Espainiako Justizia ministro Juan Carlos Campok adierazi zuen, besteak beste, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia epaitua izango dela Espainiara sartzen bada. «Iheslari bat da», argudiatu zuen.
Cuixarten esanetan, baina, Kataluniako herriak jada ez du beldurrik: «Errepresioak ez gaitu garaitu, ezta egingo ere». Era berean, Jordi Sanchezek adierazi zuen atzoko eguna «atzera egin» ez izanaren erakusle dela. «Berdin pentsatzen dugu oraindik ere, eta inoiz baino indartsuago gaude», gehitu zuen, berriz, Fornek. Haren arabera, «konbikzio aldaezin batzuekin» atera dira espetxetik: «independentziaren alde» eta «errepresioaren aurka» egitea.
Rullek azaldu bezala, «independentzia lortzeko borrokan» jarraituko dute bederatzi lagunek. «Askatasunaren, amnistiaren, autodeterminazioaren eta errepublikaren alde», sakondu zuen Romevak. Harentzat, independentziarako bidea «atzeraezina» da: «Espetxean giltzapetzearekin herriaren nahia etengo dutela uste badute, herriz eta garaiz nahastu dira».
Izan dira kritikak Espainiako Justiziarentzat ere. Turullek jaurti du gogorrena, Auzitegi Gorena eta Nazionala Guantanamoko espetxearekin alderatuta. Indultuak partzialak izatearen inguruan —hainbat baldintzekin daude aske, eta inhabilitatuta jarraituko dute—, berriz, Madrili zuzendu zitzaion esateko beren konpromisoa ez dela «ez partziala, ez berrikusgarria, ez baldintzatua». Finean, «garaipen txiki baten» gisara jo zuen atzokoa Forcadellek, baina amnistia eta autodeterminazioa helburutzat jarrita.
Horiek dira «Kataluniaren eta estatuaren arteko gatazkari konponbide politiko bat» emateko modua, Aragonesen esanetan. Hura datorren astean bilduko da Pedro Sanchezekin, kargua hartu zuenetik lehen aldiz, Moncloan. Ikusteko dago, ordea, nolakoa izango den bakoitzaren jarrera, baita negoziazioei hasiera emateko zer data ezarriko duten ere —Efe agentziaren arabera, lehenbailehen hasi nahi dute independentistek; Madrilek, berriz, uda ostean—.
Kataluniako presidenteak argi azaldu zuen «amnistia, erbesteratuen itzulera eta bere konpromiso politikoagatik inor gehiago ez espetxeratzea» direla landu beharreko erronka nagusiak, erreferendum hitzartu bat adostearekin batera. Kontrara, Espainiako presidenteak atzo independentistei eskatu zien autodeterminazio eskubidea gauzatzeko aukera alboratzeko, Konstituzioan kabitzen ez dela argudiatuta. Hala, «garai berri bat» hasteko asmoa adierazi bai, baina elkarrizketa oro «lege demokratikoaren» barruan eman behar dela gogorarazi zien ERCri eta JxCri.
Bide judizialean
Espainiako Gobernua eta independentistak aurrera begira jarri diren bitartean, baina, indultuei nola aurre egin pentsatzen jarraitzen du eskuin unionistak. PPko buru Pablo Casadok «historiaren okerreko aldea» aukeratzea leporatu zion Sanchezi, eta haren dimisioa eskatu zuen.
Auzitegietara jo du, berriz, Kataluniako Bizikidetza Zibikoa plataformak —hezkuntzako murgiltze ereduaren aurka sortua—. Indultuen kontrako helegitea aurkeztu zuen atzo Gorenean, argudiatuta «indultatutakoek eginiko delituak lehen pertsonan jasan zituen» herritarren elkarte bat dela. Antzeko zerbait arrazoitu zuen herenegun Casadok ere, alderdiak ere helegitea aurkeztuko duela iragartzean. CDR errepublikaren defentsarako batzordeen «helburu» zela esan zuen hark. Kontuan izan behar da indultu bati ezarritako helegitea onartua izateko beharrezkoa dela hura aurkeztu duena neurriaren balizko kalteen biktima izatea. Bestela, Fiskaltza da helegitea ezarri dezakeen bakarra.
Oriol Junqueras: «Gu espetxetik aterata ez da ezer amaitzen»
Kalean dira Espainiako Gobernuak indultua eman dien buru independentistak. Autodeterminazioaren eta amnistiaren alde lan egiteko asmoa adierazi dute. Asteartean bilduko dira Aragones eta Sanchez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu