Oriol Junqueras izango da berriz ERCko presidente

Alderdiaren oinarrien %52k bozkatu dute Junquerasen hautagaitzaren alde. 2011tik aurtengo ekainera arte ERCko buruzagi izandakoak berriz hartuko du alderdiko presidente kargua.

Oriol Junqueras izango da berriz ere ERCko presidente, eta Elisenda Alamany idazkari nagusi. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Oriol Junqueras izango da berriz ere ERCko presidente, eta Elisenda Alamany idazkari nagusi. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abenduaren 14a
21:30
Entzun

Oriol Junquerasek berriz hartuko du ERC Esquerra Republicanako zuzendaritza. Bozen bigarren itzulian zehaztu da nor izango den alderdiko buruzagi: alderdiaren oinarrien %52,2k babestu dute Junquerasen hautagaitza, eta %42,2k bozkatu dute Xavier Godas Ezker Nazional Berria hautagaitzaren buruaren alde. Junqueras 2011tik aurtengo ekainera arte izan da ERCko presidente. Orain, botoen gehiengoa eskuratuta, Militancia Decidim hautagaitzako presidentegaiak berriz ere hartuko du alderdiaren buruzagitza, eta Elisenda Alamany izango da idazkari nagusia.

Bozek alderdiaren barneko zatiketa azaleratu dute, baina, horren harira, ERCko presidente izango dena ez da kezkatuta agertu. Emaitzak plazaratu ostean emandako prentsaurrekoan, nabarmendu du hautagaitzen garaia amaitu dela, eta guztiek «alderdi bakarra» osatzen dutela. Are, militantzia osoarentzat lan egingo duela ziurtatu ostean, azpimarratu du ERCk gai izan behar duela alderdira jende gehiago erakartzeko.

Botoen %42,2 bilduta, Godasek lehen itzulian baino hurbilago izan du Junqueras. Vilassar de Dalteko alkatea izandakoaren (2011-2019) alde egiteko eskatu dute, besteak beste, Pere Aragones Generalitateko presidente ohiak (2021-2024) eta Marta Rovira alderdiaren idazkari nagusi izandakoak (2011-2024). Baina Ezker Nazional Berriko hautagaiak ez du lortu Militancia Decidimekoak bezainbesteko babesik. Halere, Godas lanean jarraitzeko asmoz agertu da emaitzak jakinarazi osteko prentsaurrekoan: «Elkarren ondoan egin beharko dugu lan alderdia bateratzeko». Jakinarazi du ez duela asmorik Junquerasen zuzendaritzaren parte izateko, eta ziurtatu du aldaketa «saihetsezina» dela: «ERCk beste ziklo bat hasi behar du, herritarrengana berriz hurbiltzeko».

8.032 militantek zeukaten botoa emateko aukera, eta 6.585ek bozkatu dute, hau da, oinarrien %81,98k. Lehen itzulian baino militante gehiagok eman dute botoa gaur; aldi hartan, oinarrien %81,35ek eman zuen botoa. Duela bi aste egin zuten lehen itzulia, azaroaren 30ean. Hartan, Godasen hautagaitzak bozen %35 eskuratu zituen, eta Junquerasenak, %48. Hala, inork ez zuenez %50en langa gainditu, boto gehien lortutako bi hautagaitzek bigarren itzulia egin behar izan dute gaur. Bestalde, Helena Solaren Su Berria hautagaitza ERCren buruzagitzarako lehiatik kanpo geratu zen.

Sozialisten gaineko jarrera

Gaurtik aurrera, zuzendaritza berriak erabaki beharko du alderdiak zer norabide hartuko duen. Argitzeko dago ERCk zer jarrera izango duen alderdi sozialistaren inguruan. Batetik, ERCren botoei esker izendatu zuten abuztuan Salvador Illa (PSC) Kataluniako presidente. Bestetik, Espainiako Diputatuen Kongresuan alderdiak dituen zazpi diputatuak funtsezkoak dira Pedro Sanchez (PSOE) Espainiako presidentearen gobernuak aurrera egin ahal izateko.

Hain justu, Jordi Turull JxC Junts Per Catalunyako idazkari nagusiak gaur ohartarazi du alderdi sozialista agintean egoteak «arriskuan» jartzen duela Katalunia. ERCk buruzagitza hautatzeko bozketa egin duen egun berean, JxCk Kontseilu Nazionala egin du. Hartan mintzatu da Turull, eta adierazi du nazio katalanarentzat «suntsitzailea» izan daitekeela sozialistak gobernuan egotea Bartzelonan, Katalunian eta Espainian. Alderdiko presidente Carles Puigdemontek ere hitz egin du kontseiluan, telematikoki, eta PSOEri abisatu dio prest daudela beren gain hartzeko Sanchezen gobernuarekin dituzten harremanak hausteak eragingo lituzkeen «kalte politiko eta pertsonalak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.