Emmanuel Macron Frantziako presidenteak aro berri bati ekin dio nazioarteko diplomazian; agintera iritsi zenetik sei hilabete eskas pasatu diren honetan, haren agenda diplomatiko biziari erreparatuta, agerian da geopolitikaren epizentroan kokatu nahi duela Frantzia. Eliseoan Vladimir Putin, Donald Trump eta Benjamin Netanyahuri egina die harrera, nazioarteko panoraman zeresana ematen duten mandatari polemikoak hirurak, eta, topaketa horiek urtemuga historikoen testuinguruan kokatu eta, bide batez, justifikatu baditu ere, garai bateko potentzien ahultasuna baliatu nahi du, atzerri politikan giltzarri bilakatzeko. Txinara astelehenean abiatuko duen bidaia ere estrategia horretan ulertzen da.
Macron doktrina izenarekinezaguna egiten ari da jada haren diplomazia. Keinu leun eta irmoen bidez, zentralitatetik, batzuk eta besteak limurtzen saiatu da, horretarako alfonbra gorria zabalduz. Recep Tayyip Erdogan izan da tapiz gorri hori zapaltzen azken mandataria. Macron ultraliberalak atzo eman zion ongietorria, kritika artean, bisitaren atarian azalpenak eman behar izateraino: «Ikuspuntu moral batetik, erosoa izan daiteke tarte batez isiltasunaren atzean babestea, baina horrek ez du uzten ezinbestekoak diren emaitza zehatzak erdiesten».
Macronek bazekien tapiz gorriak orbanak zituela. Le Point aldizkariari emandako elkarrizketan bere lanaren alderik ilunenaz mintzatu zen; Erdoganekin hamar egunetik behin hitz egin behar izatea.
Prentsa askatasuna
Turkiako presidentea, izan ere, gero eta bakartuago dago nazioartean giza eskubideen kontrako praktikengatik. Prentsa askatasuna galaraztea, kurduen jazarpena gogortzea, estatu-kolpe saiakeratik oposizioa isilarazteko politikak garatzea eta muturreko islamistak ustez babestea dira mandatariaren kontra nazioartean egiten diren kritika sutsuenak.
Macronek, bada, prentsa askatasunaren aldeko hitzak egin zizkion atzo Erdogani: «Zuzenbide estatu batean urratu ezin daitekeen blokea da adierazpen askatasuna». Turkian kartzelatuta dauden kazetarien zerrenda ere eman zion eskura —Turkia da kartzelan kazetari gehien dituen estatua; 81 eta 151 kazetari artean daude preso—.
Erdoganek, baina, zehaztapen bat egin nahi izan zuen, Turkian justizia independentea dela esanez: «Terrorea ez da bakarrik sortzen. Terrorismoaren lorezainak daude, pentsalaritzat hartzen direnak, egunkarietan idazten dutenak. Ideologoak dira, ura errotara eramaten dutenak».
Turkia Europako Batasunean sartzeko eskaera ere izan zuten hizpide bi agintariek. Macronek muga gorriak ezarri zituen, estatu kide izateko proposamena baztertuz, baina elkarlanerako esparru bat eskainiz. Turkian «berriki gertatutakoak» bide horretan aurrera egitea oztopatzen duela uste du Macronek: «Gezurra esango nuke atal berriak zabalduko direla esango banu; nahiago dut arreta alde biko harremanean jarri. Prozesu bat abiatzea merezi ez badu, susta dezagun elkarlana, Turkiak Europan duen aingura sendotzeko». EBren hipokrisiaz eta zinismoaz ere mintzatu zen Macron.
Erdoganek, berriz, «nekea» adierazi zuen «54 urte» daramatzatelako atarian: «Ezin dugu etengabe erregutu onar gaitzaten». Bruselarentzat beste kritika bat ere izan zuen mandatariak. Siriatik ihes egindako errefuxiatuak artatzearen truke hitzemandako dirua jaso ez izana; 3.000 milioi eurotatik 900 milio baino ez ditu jaso Ankarak.
Protestak
Erdoganen bisitak, bada, protestak eragin zituen. Turkiako enbaxadaren aurrean elkarretaratutakoak sakabanatu zituzten poliziek, eta atxiloturen bat ere izan zen. Femen mugimenduko ekintzaileek ere protesta egin zuten: hala nola ekintzaile kurduek.
Ezkerreko mugimenduak izan dira mandatariaren bisita gogorren kritikatu dutenak. Jean-Luc Melenchonek txio baten bidez azaldu zuen mandataria ez zela ongi etorria. Anne Hidalgo Parisko alkate sozialistak ere ohar bat kaleratu zuen alkateak «apetaren arabera» atxilotzen dituztela salatzeko.
2016ko uztailaren 15eko estatu-kolpe saiakeratik 50.000 lagun atxilotu dituzte Turkian. Beste 100.000 lagun ikertzen ari dira eta beste 150.000 euren lan publikoetatik kanporatu dituzte.
Amnesty Internationalek ere «aurrekaririk gabeko errepresioa» sala zezala eta giza eskubideen defentsa irmoa egin zezala eskatu zion Macroni. Cecile Coudiou AIko Frantziako presidenteordearen hitzetan, «terrorismoaren kontrako borrokak» ez du izan behar «ahots disidenteak isilarazteko» aitzakia.
Siriako gerra ere hizpide izan zuten agintariek. Frantzia egiteko nabarmena betetzen ari da gerran, eta «ezinbesteko aliatutzat» du Turkia. Erdogan bitartekari lanetan ari da Errusia eta Iranekin; Baxar al-Assad erretiratzea defendatzen du Ankarak. Macronek, berriz, gerra bukatzeko ahalegin diplomatikoa egingo duela esan zuen mandatuaren hasieran. Iranen eta Saudi Arabiaren arteko gatazkan ez duela alderik babestuko ziurtatu du. «Alde guztiekin hitz egitea da gure diplomaziaren indarra». Hori da bere doktrina.
Orbanez betetako tapiz gorria
Emmanuel Macronek ongietorria egin dio, kritika artean, Recep Tayyip Erdogani. Turkia EBko estatu kide izateko aukera baztertu badu ere, elkarlanerako esparrua eskaini dio Macronek Erdogani
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu