Viktor Orban Hungariako lehen ministroa da EB Europako Batasuneko buruzagiei buruko min gehien ematen dizkien liderra. Dela zuzenbide estatua ez errespetatzea egozten diotelako; dela, esaterako, Ukrainari militarki emandako laguntza oztopatzen ahalegindu delako. Talde komunitarioan sorrarazi ohi duen ezinegona areagotu du haren azken erabakiak. Izan ere, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batzartu da gaur, Moskun. EBren kontseiluaren txandakako presidentetza hartu zuen Hungariak joan den astelehenean, eta, estatuburu gisa, Orban kargu horretan egongo da urtea amaitu arte. Bruselak segituan erreakzionatu du, eta nabarmendu du Hungariako estatuburua bere kabuz joan dela Moskura, ez EB ordezkatuz. Orban da klubeko liderren artean Putinekin harremanik onena duena, baina leporatu die ezin dela «bakea egin» Bruselan «besaulki eroso batean» egonda.
Zeren Orbanen beraren esanetan, «bake misio bat» hasi du hil honetan, txandakako presidentetza hartzearekin batera. Aurreko asteartean Kievera joan zen, eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin bildu zen. Gaur, Moskura iritsi aurretik, sare sozialetan argazki bat argitaratu du, eta nabarmendu Errusiako hiriburua zela misioaren «bigarren geltokia».
Hungariako hedabide batek atzo arratsaldean aurreratu zuen Orban Kremlineko buruarekin biltzekoa dela. Bruselan ez zuten horren berri, eta, iturri komunitarioak aipatuz zenbait hedabidek kaleratu dutenez, klubeko hainbat lider eta Charles Michel Europar Kontseiluko presidentea Hungariako lehen ministroarekin hitz egiten ahalegindu ziren. Alferrik. Josep Borrell EBren diplomaziaburuak txio bat idatzi du gaur X-en, eta esan Orban ez dela Putinekin bildu EBren ordezkari gisa. Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere, besteak beste, Borrellek esandakoa berretsi dute.
11Zenbat aldiz bildu diren Putin eta Orban azken hamarkadan. Viktor Orban Hungariako lehen ministroak gaur esan duenez, azken hamarkadan bakarkako 11 bilera eduki ditu Vladimir Putin Errusiako presidentearekin. Lehena 2010az geroztik da estatuburua —1998tik 2002ra ere kargu hori eduki zuen—, eta bigarrena 1999tik da Kremlineko burua.
Dena den, Putinek abagunea baliatu du talde komunitarioko buruzagiak xaxatzeko, Orban bozeramaile moduan aurkeztu baitu bileraren hasieran: «Ulertzen dut zu hona etorri zarela ez soilik gure aspaldiko bazkide gisa, baizik eta Europako Batasunaren kontseiluaren presidente moduan». 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi eta gutxira, apirilean, Karl Nehammer Austriako kantzilerra Putinekin Moskun batzartu zen, eta ordutik Orbanena da EBko lider batek Kremlinera egiten duen lehen bisita.
Ukrainaren eskaera
«Gatazkan dauden bi aldeekin hitz egiteko prest dauden herrialdeak geroz eta gutxiago dira», adierazi du Orbanek bileran. Hori esanez azpimarratu nahi zuen Zelenskirekin ere bildu dela; EB buruzagiek Ukrainari armak ematen jarraitzea beste planteamendurik ez dute egiten. Ukrainako estatuburuari «su eten azkar bat» eskatu zion, modu horretan konponbide baterako elkarrizketak «azkartu» ahal izateko.
Putinek, berriz, ekain erdialdean egindako planteamenduari eusten diola adierazi dio Orbani, nahiz eta prest agertu den horren «xehetasunez» hitz egiteko. Kremlineko buruaren iritziz, gerra konponbidean jartzeko, Ukrainak uko egin beharko lieke Errusiak inbasioa hasi eta hilabete batzuetara anexionatu zituen lurraldeei —Zaporizhia, Kherson, Donetsk eta Lugansk—; tropak atera beharko lituzke horietatik, eta, gainera, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko duen asmoa ere baztertu beharko luke. Orduan, Zelenskik adierazi zuen «ez sinesteko modukoa» iruditzen zaiola proposamen hori.
Eta gaur, Putinen eta Orbanen bileraren berri eduki orduko, Ukrainako Gobernuak ohar bat kaleratu du, eta azaldu Hungariako lehen ministroa Kremlineko buruarekin batzartu dela, baina Kievekin «koordinatu» gabe. «Herrialdeei eskatzen diegu ez edukitzeko Ukrainari buruzko elkarrizketarik Ukrainaren beraren parte hartzerik gabe», eskatu zuen Dmitro Kuleba Atzerri ministroak bere sare sozialetan.