Floridan bizi da Pedro Pablo Barrientos Nuñez, Victor Jara kantari txiletarra ustez torturatu eta hil zuena. Hilketa gertatu eta 43 urtera eseriko da epailearen aurrean, 1973an Txileko Santiagoko estadio nazionalean «atxiloketa arbitrarioak, tortura basatiak eta legez kanpoko exekuzioa» egiteaz akusatuta, 2013an Jararen alargun Joan Turnerrek eta bi alabak AEBetako CJA Justiziaren eta Arduraren Zentroaren bidez jarritako salaketari bide emanda.
Salaketaren arabera, Barrientos izan zen Augusto Pinocheten diktadurapean (1973-1990) estadioko atxilotuen zaintzaz arduratu zena eta Jara aldageletara eramateko agindua eman zuena. «Soldaduek, Barrientosen agindupean, begiak estali zizkioten Jarari, eskuburdinak jarri, galdekatu, bortizki jo eta torturatu. Barrientosek agindu zien jo eta tortura zezatela, haren sinesmen politikoengatik eta [Salvador] Allende presidentea babesteagatik».
Torturatu ostean, Barrientosek pistola bat jarri zion buru atzean, eta erruleta errusiarrera jolastu zela dio salaketak, aleatorioki jarrita hainbat bala armaren danborrean. «Joko horretan zela egin zion tiro lepo hezurrean, eta, gero, bere agindupean zeuzkan bost soldaduri agindu zien behin eta berriz tiroka zezatela». Militar ohiak agindu zuen haren gorpua estadiotik ateratzeko ere, eta inguruko auzo bateko hilerrian aurkitu zuten, identifikatu gabeko beste exekutatu batzuen artean.
Ikonoa zen ordurako
600 bat ikasle, irakasle eta funtzionario eraman zituzten militarrek Estadio Nacional-era —egun Victor Jara du izena—.Diktadoreak estatu kolpea eman eta biharamunetik preso zegoen han Jara. Abeslariak irakasle gisa ziharduen. Ikonoa zen ordurako, eta bereizi egin zuten gainontzeko presoetatik; lau egunez torturatu zuten, hezurrak hausteraino joz eta elikagairik gabe utziz. 1973ko irailaren 16an hil zuten, 44 tiroz.
Joan Turnerrek, Jararen alargunak, uste du milaka biktimaren mina arintzeko balioko duela atzo abiatutako epaiketak: «Pinocheten gobernuaren bortizkeriak eta Barrientosek egindako krimen izugarriek eragin dieten familia askoren artean bakar bat gara gu.Giza eskubideen urraketa salatu nahi dugu, erantzuleak zein diren erakutsarazi, eta isilean sufritzen duten milaka biktimak lagundu».
Jararekin izan zuen azken eguna gogoratu du alargunak: «Senarra eta biok egongelan eserita geunden irratiz entzuten Txile osoa diktadura basati bat hartzen ari zela». 43 urte igaro dira harrez gero, baina kexu da berak eta bi alabek «oraindik justizia bila» jarraitzen dutelako.
Barrientos Txilera estraditatzeko eskaera eginda dago, baina oraindik ez dute lortu. Turnerrek ez du horretaz hitz egin nahi izan. «Orain, garrantzitsuena epaiketa da».
Epaiketa, AEBetan
Epaiketa atzo abiatu zen, Floridako epaitegi federalean, eta hiru aste inguru iraungo du. Txileko Egiaren eta Baketzearen Batzordeak 1990ean ebatzi zuen Jara estadioan tirokatu zutela —diktaduran, kontrako bertsioak zabaldu zituzten lehenik—. Ordutik, astiro baino ez du aurrera egin ikerketak. 2009ko ekainean, Santiagoko auzitegi batek Jose Paredes Marquez soldadu ohia zigortu zuen, hilketan parte hartzeagatik. Paredes Marquezen adierazpenean atera zen Barrientosen izena. «Albo-albotik» kantariari tiro egin ziola baieztatu zuen, baina Barrientosek gertaeretan parte hartu izana ukatuzuen AEBetatik, Chilevision telebista katearen bidez.
Handik hilabete batzuetara, gorpua lurpetik ateratzeko agindua eman zuten, nola hil zen aztertzeko. Berriz lurperatzean, hiru eguneko omenaldi jendetsu bat egin zioten jarraitzaileek, aurrenekoan eman ezin izan zioten agurra emateko.
Azken hiru urteotan egindako ikerketei esker, Miguel Vazquez epaileak hamabi militar ohi prozesatu zituen, kantariaren hilketa eta bahiketagatik. Horietatik guztietatik Barrientosena da, ordea, geldituta egon den kausa bakarra. Izan ere, 1989an joan zen AEBetara, eta hango herritartasuna lortu zuen. Tramiteetan zela, ez zuen aipatu Pinocheten diktaduran militarra izan zenik, horrekAEBetatik kanporatua izatea eragin baitzezakeen. CJA egoitza Kalifornian duen erakundeari esker lortu dute auzipetzea, AEBetan bada ere. Hilketagatik eta torturengatik epaituko dute, baina ez gizateriaren kontrako krimenengatik.
Hego Amerika. Memoria historikoa
«Oraindik justizia bila»
Pedro Pablo Barrientos militar txiletarra epaitzen hasi dira, AEBetan. Victor Jara kantaria torturatzeaz eta tirokatzeaz akusatuta dago. Txilen epaitzeko estradizio eskaera egina dago, baina ez onartua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu