Alderaketak egitea saihetsezina da. Eric Garnerren eta Michael Brownen hiltzaileak auzitara eramango ez dituztela jakitean, askok atzera begiratu dute. Mende erdi atzera. Izan ere, zailak dira baztertzen Brown gaztearen eta Etmett Tillen arteko konparazioak. 1955ean bahitu eta hil zuten Till, ustez neska zuri batekin hitz egiteagatik. 14 urte zituen. Hiltzaileak errugabetu egin zituzten. Orduko sentipen berbera airean dago orain ere: beltzen bizitzak zurienak baino gutxiago balio du. Desobedientzia zibileko mugimendu luze eta baketsu batekin eskuratu zituzten euren eskubideak.
Nahiz eta AEBetako gerra zibiletik (1861-1865) esklabotza legez kanporatu eta herritar guztiei eskubide politikoak eman, beltz askok zapalketa politikoa eta ekonomikoa sufritu zuten gerora ere. Lege sistemek bigarren mailako herritartzat hartzen zituzten beltzak. Hamarkada haietako borrokak Washingtongo martxan irudikatu ziren, 1963ko abuztuaren 28an. 250.000 lagun inguru bildu ziren lanpostuen eta askatasunaren aldeko martxan. 1964ko segregazioaren kontrako legeak dira eskubide zibilen aldeko mugimenduaren lorpenik esanguratsuena. Hala eta guztiz ere, protesta ekintzak ez ziren lege horrekin baretu.
Soilik urtebete geroago egin zituzten hurrengo ekintza esanguratsuenak. Alabama estatuan, Selmatik Montgomeryra hiru martxa egiten saiatu ziren 1965eko martxoan, beltzen bozkatzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Lehenengoari Bloody Sunday (igande odoltsua) deitzen diote, estatuko Polizia seiehun manifestari ingururi jazarri baitzitzaion. Bigarrenean, epaileek ez zuten martxa baimendu, eta liskarrak izan ziren. Hirugarrenean, lortu zuten. Gobernu federalak eskuhartu zuen, eta ekintzaileak lau egunez ibili ziren. 25.000 lagun bildu ziren azken egunetan.
Jimmie Lee Jackson ekintzailea eta James Reeb apaiza hil zituzten ekintza horietan, baina aurrerapausoak lortu zituzten. 1965ean, Lyndon B. Johnson presidenteak boto eskubideen legea onartu zuen, hauteskundeetan arrazakeria debekatzeko.
Aste Santuko iraultza
Baina ekintzak ez dira beti baketsuak izan. Martin Luther Kingen hilketak aspaldian izandako liskarrik larrienak sortu zituen herrialde osoan. 1968ko apirilaren 4an hil zuten, eta Aste Santuko iraultza deitzen zaion istilu uholdea eragin zuen. Eskubide zibilen aldeko ekintzaile sutsua izateaz gain, protesta baketsuen defendatzailea ere bazen King. Washington, Baltimore, Louisville, Kansas eta Chicagon jazo ziren ezbeharrik handienak, eta gobernuak armada hedatu behar izan zuen. 46 lagun hil ziren guztira.
Eskubide zibilen mugimenduaz geroztik ere arrazagatiko istilu ugari izan dira. Horietako asko eta asko, inguru txiroetan polizia zuriek beltzak hiltzean, eta epaileek horiek absolbitzean.
1980. urtean, gazte beltz bat hil zuten lau polizia zigorgabetu zituzten Miamin. Overtown eta Liberty City auzo beltzetan istiluak piztu ziren hainbat egunez. Guztira, hemezortzi lagun hil ziren, eta 350 inguru zauritu.
1992. urteko liskarretan, Los Angelesen sei egunean 59 hildako izan ziren. Rodney King jipoitu zuten poliziak absolbitu egin zituzten, nahiz eta krimena izan zela frogatzen zuen grabazioa egon. Kaliforniako Guardia Nazionala hedatu zuten manifestarien aurka egiteko.
Orain mende erdiko ispilua
Eskubide zibilen aldeko borrokak ibilbide luzea du. Ugariak izan dira bazterkeriaren aurka eginiko ekintzak. 1963ko abuztuko Washingtongo martxa da esanguratsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu