Lille Caruso (Montevideo, 1941) Inpunitatearen Kontrako Mahai Iraunkorreko bozeramailea da, eta militante komunista duela 51 urte. 1975ean, diktadura bete-betean zela, senarra hil zioten, eta ordutik ate joka ibili da, egoerak salatzen, eta inoiz ez du amore eman.
Iraungitze Legea bertan behera geratzea izan duzue borroketako bat. Buru-belarri aritu zarete.
Gauzak lortzea asko kostatzen dira Uruguain. Diktaduratik atera berritan egin zen erreferenduma (1989) ez zen atera, oraindik jendea beldur zelako. Gainera, Julio Sanguinetti presidentearen Colorado alderdiak diktadurara itzularazteko arriskuaren mamua hedatu zuen. Bigarren erreferenduma, berriz, presidentetzarako bozekin batera egin zen (2009), eta estali egin zuten. Gainera, ez zen egoki proposatu: abstentzioak eta boto zuriak ezezkotzat jo ziren, eta, hala ere, oso gutxigatik atera zen ezezkoa. Orain, Jose Mugica presidenteari esker etorri da azkenean.
Eta orain zer?
Orain daukagun guztia aterako dugu; isildu diren kasu guztiak azaleratuko dira. Dagoeneko lagun batzuek deitu didate esanez salaketak ipini nahi dituztela. Abokatuak eskatzen hasi dira salaketa orriak. Lehenbailehen hasi behar dugu.
Zer sentitzen duzu gaur horrenbeste urtean borrokan aritu ondoren?
Itxaropen handiko eguna da. Atzo bozketaren aurretik pentsatu nuen: zein polita izango litzatekeen mundua beste begi batzuekin ikusten duen gaztearengan pentsatzen ematea botoa. Haiei zor diegu; haiek hartuko dute-eta gure lekukoa.
Lille Caruso. Alderdi Komunistako kidea
«Orain, isildu diren kasu guztiak azaleratuko dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu