Emakume beltz bat agertzen da irudian: eserita dago, motxila berde baten gainean dauka eskuineko besoa, eta belaunean ezkerrekoa; klima tropikaleko bero sargoria apaltzeko asmotan jantzita duen txapelaren azpian, erdi itxita dauzka begiak; haren alboan dagoen mutikoa, berriz, begira-begira dauka, ur botilari tragoxka bat ematen dion bitartean. Ilustrazio bat da, baina argazki bat izan zitekeen. Marrazkiaren gainean, letra larriz, hauxe dago idatzita: «Orain Costa Rican zaude; herrialdeari buruzko informazio orokorra daukazu hemen». Ez da gida turistiko bat, Costa Ricako Migratzaileentzako Zerbitzu Jesuitak artatzen dituen migratzaileei banatzen dien eskuorri bat baizik.
ARTIKULU ERLAZIONATUAK
Elkarteak herrialdearen hegoaldeko Paso Canoas herriko —Costa Ricaren eta Panamaren arteko mugan dago— egoitzan, Casa Arrupen, pilatzen ditu eskuorri guztiak. Migratzaileentzat sortutako gune bat da: atea ireki eta egongela txiki bat dago, hainbat mahai eta aulkirekin; atzean, sukalde txiki bat, hara joaten diren migratzaileentzat kafea eta mokadutxoak prestatzeko; eskuinetara, haurrek jolastoki gisa erabil dezaketen egongela bat, baina badaude deskantsurako pare bat ohe eta sofa txiki bat ere; ispilurik ez duen komun bat; eta banatzen dituzten elikagaiak eta ur botilak gordetzeko biltegi bat. Duela sei hilabete ireki zuten egoitza, baina, migrazioaren gorakada dela medio, txiki geratu zaie dagoeneko, eta etxe handiago bat alokatzeko asmoa dute.
Paso Canoasera iristen diren migratzaileek Hego Amerikan hasten dute ibilbidea, eta Dariengo Oihana —Kolonbiaren eta Panamaren artean dago— zeharkatuta ailegatzen dira Panamara lehenbizi, eta Costa Ricara ondoren. Panamako Migrazio Zerbitzu Nazionalak emandako datuen arabera, 520.000 papergabe inguruk zeharkatu zuten oihan hori iaz, eta, Costa Ricako iturri ofizialen arabera, ia 200.000 migratzailek gurutzatu dute aurten.
Costa Ricako Migratzaileentzako Zerbitzu Jesuitako hegoaldeko mugako koordinatzaile Roy Ariasen ustez, posible da aurten milioi baten langa gainditzea. Nondik datozen galdetuta, Ariasek hamaika herrialde aipatu ditu parrastan: Haiti, Venezuela, Kuba, Kolonbia, Ekuador (Amerika); India, Txina, Afganistan, Pakistan (Asia); Burkina Faso, Mali, Kamerun (Afrika). «Migrazio fluxua heterogeneoa eta konplexua da», azaldu du. Denera, 90 herrialdetako pertsonek egiten dute topo «munduko migrazio ibilbiderik arriskutsuenean».
Egunean batez beste 1.200 pertsona sartzen diren arren, Costa Rica hegoaldeko herri horretan apenas ikusten diren migratzaileak. Izan ere, ez dute Panamako muga oinez igarotzen, autobusez baizik. Goizeko seiak eta laurdenetan sartu da lehena, eta haren atzetik datoz beste bi, hiru, lau, bost eta sei autobus; bost minutu geroago, beste zazpi sartu dira; eta, zertxobait beranduago, konboiko azkenak. Atea irekia dutela pasatu dira gehienak. Horixe da ibilgailuak apur bat freskatzeko modu bakarra, ez baitute aire giroturik. Autobus bakoitzak 55 eserleku ditu, baina gehiago dira barruan doazen migranteak —askotan, gidariak geltokirik gabeko lekuetan gelditzen dira, eta pertsona gehiago igotzen dituzte autobusera, bakoitzari 30 dolar edo gehiago kobratuta—, eta guztiak leku berera doaz: Paso Canoastik hamar kilometrora dagoen CATEMera edo EMI Surera—izena aldatu diote berriki—; hau da, Migratzaileentzako Aldi Baterako Arreta Zentrora.
Galderen laino bat
Euskal Herriko gobernuz kanpoko erakunde batek antolatu du BERRIAk parte hartu duen bidaia, Alboan-ek hain justu, eta zentro horretara sartzeko eskaera egin zuen; Costa Ricako Gobernuak eta OIM Nazioarteko Migrazio Erakundeak, ordea, ezezkoa eman zioten eskaerari. Hain justu, Costa Ricako Gobernuak jarri zuen abian migratzaileentzako zentro hori, iragan urriaren 6an migrazio krisiaren harira larrialdi egoera ezarri ondotik. Egun, hiru organismok bakarrik daukate zentro horren barruan laguntza humanitarioa emateko baimena: OIMk, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eta Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak.
Ateak aspaldi itxi zituen aerodromo zahar bat da zentroa. Gobernuaren arabera, 300 lagunentzako tokia dago hor, eta migratzaileentzat eraikitako «eremu segurutzat» jotzen du. Edonola ere, galdera asko eta erantzun gutxi daude egiaz hor gertatzen denaren inguruan, bestelakoak baitira bertan egun edo ordu batzuk eman dituztenen bizipenak. «Oso gutxi jaten genuen, goizean burruntzali bat eta iluntzean beste bat», kexu da EMI Sur-en sei egun igaro dituen Venezuelako 13 urteko haur bat. Amarekin eta anai-arrebekin irten zen etxetik, eta beste emakume eta haur talde batekin elkartu dira migrazio ibilbidean; horiek ere Venezuelakoak. Iparraldeko mugara bidean daude orain. «Unicefek, UNHCR-k, OIM-k… horiek guztiek animalien gisan tratatu gaituzte», esan du talde horren ondoan eserita dagoen emakume batek.
Gisa horretako salaketak egiten dituenak, ordea, zentroan sartu ahal izateko aukera galtzeko arriskua dauka. Abagune horretan daude, besteak beste, migratzaileei laguntza humanitarioa ematen dieten Paso Canoasko emakume erlijiosoen sareko kideak; baina zalantza handiak dituzte. «Bertan lan egiteko baimena ematen badigute, erronka handia izango da sistemari kontra egin gabe migratzaileei laguntza eskaintzea», azaldu du sare horretako kide Claudiak —ez du abizena agertzerik nahi—.
Migrazioa ulertzeko bi modu
Casa Arrupeko egongelan bilduta daude Kathleen, Susana, Lidieth, Lucy eta Flavio; Paso Canoasen bizi dira batzuk, eta Ciudad Neilyn, alboko herrian, besteak. Hamar minutu geroago iritsi da Juana; Paso Canoasko bizilaguna da bera ere. Migrazio krisiaren inguruan galdetuta, atzera begira jarri dira, eta migratzaileen oldeak herrian izan duen eragina aztertu dute. Haien arabera, bi mugarri izan dira: 2015eko krisia, Kubako eta Haitiko herritar andanak migratu zutenekoa; eta 2023ko booma, hots, mugara egunean 3.000 eta 4.000 pertsona artean heltzen zirenekoa. «Hasieran, Migrazio Poliziak Panamara itzultzen zituen. Hortaz, beti ihesean zeuden», esan du Juanak.
Orain gutxi arte, Poliziaren parte izan da Juana bera ere. Duela zenbait hilabete erabaki zuen udaltzain kargua uztea, laguntza humanitarioa emateko denbora gehiago izateko. Irri txiki batekin kontatu ditu migratzaileei laguntzeagatik bere lankideekin izandako talkak: «Goi kargudunek errietan egiten zidaten egunero, eta liskar asko izaten nituen nire lankideekin. Migratzaileei laguntzeagatik nire egitekoak alde batera uzten nituela aurpegiratzen zidaten, eta ez zuten pertsona horiek gure komunak erabiltzerik nahi». Herriko sare humanitarioko kideek elkarrekin egiten dute lan orain, baina nor bere kabuz hasi ziren. «Janaria, ura, arropa… ahal genuena ematen genien, eta gerora agertu ziren erakunde handietako langileak, hala nola OIM eta UNHCRkoak».
Iaz, EMI Sur ireki baino lehen, migratzaileek oinez igarotzen zuten Panamaren eta Costa Ricaren arteko muga, eta ez zuten babes hartzeko aterperik. Migrazio oldeak gora egin ahala, kanpin dendaz, zaborrez eta janari arrastoz josi zen herria. «Herriko jendeak ez zuen begi onez ikusi migratzaileen iritsiera, eta kaleko zikinkeriaz kexu ziren. Defendatu Dezagun Muga izeneko talde bat osatu zuten, eta migratzaileak kaletik kentzeko eskatu zioten gobernuari», azaldu du Juanak. Gobernuak EMI Sur martxan jarri eta hainbat hilabetera, baina, beste eskaera bat dute talde horretako kideek: migratzaileak herrian ibili ahal izatea. «Eskatutakoaz damu dira orain. Izan ere, nahikoa diru zuenak herriko ostatuetan eta dendetan kontsumitzen zuen. Baina orain ezinezkoa da, migratzaileak ezin baitira zentrotik irten».
Nolanahi ere, elkarrizketatuek esan dutenaren arabera, ez dira gutxi migratzaileen bizkar negozioa egiteko moduak aurkitu dituzten herritarrak: toki batetik bestera nola joan azaltzearen truke dirua eskatzen diete batzuek; eta taxistek behar baino garestiago kobratzen dizkiete bidaiak. «Guk behar duten informazio guztia ematen diegu doan, eta, horregatik, herritar askok etsaitzat gauzkate». Juanak esandakoei buruarekin baietz egiten diete mahaiaren bueltan eserita dauden gainontzeko kideek, eta berak amaitu orduko Lidiethek hartu du hitza: «Pertsona bakar batek ez du inoiz ezer konponduko: haien alboan egon besterik ezin du egin. Euren ametsari eusteko esaten diet, arkume bat hiltegira bidaltzen duenaren gisan».