Orain arteko presioei eusteko

Luis Almagro politikari uruguaitarra bigarrenez aukeratu dute Ameriketako Estatuen Erakundeko idazkari nagusi. Maduroren aurkako jarrera sutsua izateagatik egin da ezagun lehen agintaldian

Luis Almagro AEEko idazkari nagusi hautatua, artxiboko irudi batean. ORLANDO BARRIA / EFE.
ander perez zala
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
2015ean kargura iritsi zenean ez zela berriz aurkeztuko adierazi zuen arren, Luis Almagro politikari uruguaitarrak iritzia aldatu zuen duela bi urte, Amerikako Estatuen Erakundeko (AEE) kide batzuen babesak bultzatuta, eta aurten berriz aurkezteko erabakia hartu zuen. Eskuineko gobernuen babesa jasota, Almagro bigarrenez aukeratu zuten atzoAEEko idazkari nagusi. Orain arteko bideari eta presioei eusteko mezu argia eman du.

Kolonbia izan da Almagroren hautagaitza bultzatu duen herrialdea, eta, beste estatu kide askoren babesa jaso duen arren, AEEko idazkari nagusi aukeratuak Latinoamerikako protesten auzian izandako jarrerak kritika asko eragin ditu, tartean Uruguaiko aurreko estatuburuarenak. Tabare Vazquez Uruguaiko presidenteak Almagrori egotzi dio lan horretan aritzeko «baldintzak» bete ez izana: «Elkarrizketa eta negoziazioa bultzatu behar zituen, eta, horren ordez, gatazka sustatu du».

Hain justu, Almagro duela bost urte aukeratu zuten lehenengoz AEEko idazkari nagusi posturako, Jose Mujica Uruguaiko presidente ezkertiarrak proposatuta; 34 kideetako 33ren aldeko botoa jaso zuen, eta batez ere Latinoamerikako gobernu ezkertiarrek begi onez ikusi zuten hura aukeratu izana. Ordea, urteak pasatu ahala, exekutibo horiek erabat aldatu dute hari buruzko iritzia, eta oihartzun handia izan dute, besteak beste, Almagrok Venezuelarekin izan dituen ika-mikak hango hauteskundeen harira. Atzoko bozketan, 2015ean baino boto gutxiago lortu zituen politikari uruguaitarrak, baina arazorik gabe gainditu zuen hemezortzi botoko langa: 23-10 —Kubak ez zuen bozketan parte hartu—.

Venezuelako Gobernuaren inguruko jarreraz gain, AEEko idazkari nagusi hautatuak Boliviako krisian izandako rola ere begi txarrez ikusi dute hainbat estatuk. Hasieran, Almagrok Evo Morales presidentetzara aurkeztearen alde egin zuen, baina, hauteskundeak egin eta gutxira, iragan urriaren 20ko bozen ostean, erakundeko idazkaria berak salatu zuen hauteskundeetan iruzurra egin zela, eta Morales kargutik kentzearen alde agertu zen.

Ameriketako Estatu Batuek (AEB) kanpaina handia egin dute hilabeteotan Almagroren alde, eta horren erakusgarri da Mike Pompeo Estatu idazkariak iragan urtarrilean AEEren egoitzan egindako diskurtsoa; Washingtonek, gainera, publikoki eskatu zion hirugarren hautagaiari, Peruren AEBetarako enbaxadore Hugo de Zelari, lasterketan parte hartzeari uzteko, Almagroren aldeko botoa zatitzen ari zela argudiatuta. Zelak, azkenean, asteon erabaki zuen hautagaitza bertan behera uztea.

Aurtengo bozketa, gainera, barne kritika askoren artean egin dute, erakundeko hamalau estatuk botoa emateko saioa atzeratzeko eskaria egin baitzuten, koronabirusak sorturiko egoera dela eta. Azkenean, eskari horrek ezezkoa jaso zuen, eta atzoko bozketan maskara eta eskularru asko ikusi ahal izan ziren Washingtonen egindako saioak iraun zuen bitartean.

Ezkerrekoak, beste batekin

Hain justu, Almagroren atzoko lehiakide Maria Fernanda Espinosa ezin izan zen egon AEEren egoitzan, antolatzaileek sarrera debekatu baitzioten birusaren mehatxuagatik, ahalik eta jende gutxiena egon zedin.

Espinosak urteotan Almagro kritikatu duten estatuen babesa jaso zuen bozketan, tartean Nikaraguarena eta Mexikorena; hori bai, Espinosak ez zuen bere gobernuaren aldeko botoa jaso, Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak Rafael Correaren agintaldiarekiko izan duen jarreraren erakusgarri.

Ezkerreko gobernuan hautagaia bere herrialdeko Atzerri ministro izandakoa da Correaren eta Morenoren agintaldietan, eta Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiko idazkari ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.