Bielorrusiako oposizioak botere aldaketarako sortu zuen Koordinazio Kontseilua, agintariekin negoziazioak hasteko asmoz. Kontseilu horretako bi buruzagiatxilotu zituzten atzo, Minsken. «Zerbitzu berezietako agenteek Olga Kovalkova eta Sergei Dilevski atxilotu dituzte, eta polizia auto batean eraman dituzte», jakinarazi zuen Belsat telebista kateak.Poliziak azaldu zuenez, administrazio prozesu bat zabaldu dute haien aurka. Koordinazio Kontseiluko prentsa taldeak albistea baieztatu zuen. Bielorrusiako Fiskaltzak batzordearen aurkako auzi penala abiatu zuen iragan ostegunean.
Bestalde, Bielorrusiako Kazetarien Elkarteak (BAJ) salatu zuen 50 komunikabide baino gehiagoren webguneak blokeatu dituztela, eta paperezko egunkari batzuk inprimatzea eragotzi dutela. «Hauteskundeen ondoren egin diren protestei buruz berri ematea geldiarazteko» helburua du blokeoak, BAJren arabera, eta komunikabideen «zilegizko jardunari zentsura» ezartzea.
Igandeko protesten ondoren iritsi dira atxiloketak; hamabosgarren egunez jarraian atera ziren kaleetara Lukaxenkoren aurka. Tokiko komunikabide batzuen arabera, 100.000 lagun inguru batu ziren; oposizioaren arabera, 200.000 izan ziren parte hartzaileak.Maria Kolesnikova eta Pavel Latuxko Koordinazio Kontseiluko zuzendaritzako kideek manifestazioan parte hartu zuten. Kolesnikovak protestariei eskatu zien mobilizazioak egiten jarraitzeko, eta agintariei «boikot» egiteko. Olga Txemodanova Barne Ministerioko bozeramaileak jakinarazi zuenez, ez zen atxiloturik izan igandean. Dena den, Viktor Khrenin Defentsa ministroak ohartarazi zuen indar militarrek esku hartuko dutela monumentuen aurka egiten bada. Kheninek adierazi zuen «eremu sakratu» horien «laidoztatzea» ez duela onartuko, jendea «aberria defendatu zutenei loreak eraman eta omenaldia egitera» joaten baita toki horietara.
Aldi berean, Lituanian, 50.000 lagun inguruk parte hartu zuten, Askatasunaren Bidea izendatutako giza kate batean, igandean. Vilnius hiriburutik Bielorrusiarekin muga duen Medininkai hiriraino egin zuten katea, haien bizilagun den herrialdeari babesa erakutsiz. «Jazarpenarengatik eta beldurrarengatik aldatu nahi dutenei aurre egiteko, konpromisoa hartu behar da, egunero, [askatasuna] defendatzeko», esan zuen Gitanas Nauseda Lituaniako presidenteak. Hain zuzen, Lituaniara egin zuen alde Svetlana Tikhanovskaia oposizioburuak, hauteskundeetan «iruzurra» salatu ondoren.
Nazioarteko adierazpenak
Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak esan zuen Bielorrusiako protestek harrituta utzi dutela: «[Bielorrusiako] Manifestazio jendetsu eta baketsuek zirrara eragiten didate. Aldaketa demokratiko baten aldeko balioaren eta irmotasunaren adierazle dira». Agintariek elkarrizketa nazional bat hasi behar dutela gehitu zuen diplomaziaburuak.
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ohartarazi zuen Bielorrusiako oposizioa «Venezuelako gidoiari» jarraitzen ari zaiola, Lukaxenko boteretik kentzeko: «Oposizioko kideek egungo agintariekin elkarrizketak proposatzen dituzte, baina Bielorrusiako presidentearen irteerari buruz hitz egiteko bakarrik».
Oposizioko kontseiluko bi buruzagi atxilotu dituzte Bielorrusian
Hamabosgarren egunez jarraian atera dira kalera, Lukaxenkoren aurka protesta egitera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu