Nazioarteko presioek ez dute eten Venezuelako Batzar Konstituziogilearen jarduna. Presioen aurrean, legeak onartzen jarraitzen dute. Azkenak, oposizioa jartzen du erdigunean: oposizioko kideak epaituko dituzte AEB Ameriketako Estatu Batuek ezarritako zigor ekonomikoa babesteagatik. Aberria saldu izana leporatzen die Batzar Konstituziogileak, Washingtoni gobernuaren aurkako neurriak hartzera bultzatzeagatik. Venezuelako herriaren aldeko neurria dela zehazten du dekretuak. Diosdado Cabello Venezuelako presidenteordeak esan du «epaiketa historikoa» izango dela.
Aho batez onartu du Batzar Konstituziogileak dekretua, aldeko 545 botorekin. Dekretuak oposizioko kideen aurkako epaiketa abiatzera behartzen du Auzitegi Gorena. Justiziak hartuko dituen neurriak zeintzuk izango diren jakin gabe, diputatuek Konstituzioko 132. artikulua aipatu dute legea aplikatzeko bide gisa: Venezuelako egitura politikoaren aurka azpijokotan ibiltzeagatik, hamasei urteko kartzela zigorra zehazten du artikuluak. Lehen epaituak Julio Borges Venezuelako Parlamentuko presidentea eta Freddy Guevara presidenteordea izango dira.
Batzar Konstituziogileak onartutako dekretuaren inguruan, berehalakoak izan dira erreakzioak. NBE Nazio Batuen Erakundea «kezkatuta» agertu da Venezuelako egoera dela eta. Zeid Raad Al- Hussein NBEko Giza Eskubideen Batzordeko arduradunak esan du Venezuelako Gobernua demokrazia suntsitzen ari dela. «Gertatzen ari denak Venezuelan demokraziarik ez denaren ustea handitzen du». Neurriak hartzea aztertzen ari da NBE, «eskubideak gehiago urra ez daitezen».
200 milioi bolivar, autoan
Oposizioak NBEren neurrien zain jarraitzen duen bitartean, Venezuelako Fiskaltzak 200 milioi bolivar atzeman ditu Lilian Tintori oposizioko kidearen autoan—51.000 euro inguru—. Fiskaltzak adierazi duenez, dirua lau kaxetan banatuta zegoen, eta Tintorik onartu du bereak direla bai autoa eta bai dirua. Hala ere, Twitter bidez azaldu du dirua bere amonarentzat zela, «larri baitago», eta salatu du guztia azpijoko bat izan dela. «Ez dut ezer ezkutatzeko. Legez kanpoko ekintzak egiten ditugula frogatu nahi dute, baina oker dabiltza». Gertakaria ikertzeko, batzorde bat sortuko du fiskaltzak.
Oposizioko kideen aurka «epaiketa historikoa» iragarri du Venezuelak
Batzar Konstituziogileak esan du AEBek jarritako zigorra babesteagatik epaituko dituztela. NBEk «kezka» adierazi du Venezuelako egoeraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu