Istanbulgo alkate Ekrem Imamoglu atxilotu zuen Turkiako Poliziak martxoaren 19an, ustelkeria eta «terroristekin kolaboratzea» egotzita. Gaur egun, Turkiako CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa alderdi laikoa da oposizioko alderdi nagusia Turkian. Igandean, CHPko kideek primarioak egin zituzten, eta, hain zuzen, Imamoglu izango da alderdiaren hautagaia 2028ko presidentetzarako hauteskundeetan. 2028an aurkeztuz gero, gaur egungo Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganen aurkari nagusia izango litzateke. Atxiloketaren harira, oposizioak deituta, protestak egiten ari dira Turkian. Igandean, behin-behineko neurri gisa, kartzelatu egin zuten Istanbulgo alkatea, eta, beraz, Turkiako Barne Ministerioak Istanbulgo alkatea kargugabetu zuen.
Nolakoak izaten ari dira protestak?
Imamogluren atxiloketaren aurka agertu dira milaka turkiar, atxilotuak hala eskatu zuen eta. «Gure eskubideen alde borrokatzeko garaia da», esan zuen Imamogluk aurreko astean, X sare sozialaren bidez. Asteazkenetik, hau da, Imamoglu atxilotu zutenetik, azken hamarkadako protestarik handienak izan dira Istanbulen ez ezik Turkiako hainbat hiritan ere. Oposizioak esan duenez, soilik ostiralean 300.000 pertsona baino gehiago bildu ziren manifestazioetan, eta «gero eta gehiago» ari dira batzen protestara.
1.100 protestari baino gehiago atxilotu ditu Poliziak azken egunotan. Horrez gain, protestan ari ziren dozena bat fotokazetari ere etxean atxilotu zituen Poliziak igande gauean. Grebarako deialdia egin dute hainbat sindikatuk, eta, horren harira, bi sindikaturen buruak ere atxilotuak izan dira. Poliziak ura eta piper gasa erabili ditu manifestariak sakabanatzeko, eta, hedabideek kaleratu dutenez, Polizia maiz oldartzen ari zaie manifestariei.
Atzo, Poliziak beste 43 pertsona atxilotu zituen protestetan, Erdoganen eta haren familiaren aurkako irainak esategatik. Horren harira, Imamogluk, X bidez, Erdoganen familiaren aurkako irainak gaitzetsi zituen, eta gazteei eskatu zien istiluetatik aldentzeko eta Polizia errespetatzeko.

Nor da Imamoglu?
2019an izendatu zuten Imamoglu Istanbulgo alkate. Horren aurretik, hiriko Beylikduzu distrituko alkatea izan zen, bost urtez. Istanbulgo bozetara aurrenekoz aurkeztu zenean, Dena ondo joango da leloa erabili zuen, eta Maitasuna denontzat aldarria izan zen haren kanpainako oinarri nagusietariko bat. 2024an izendatu zuten berriro ere Istanbulgo alkate, eta, horrenbestez, azken sei urteetan, Turkiako pertsona garrantzitsu bilakatu da.
Erdoganen aldean, Imamogluk diskurtso modernoago bat du, eta arlo batzuetan inklusiboagoa. Hala ere, CHPko parterik kontserbadoreena ere bereganatzea lortu du.
Azken hilabeteetako zundaketek erakusten dute 2028ko hauteskundeetan Erdogani garaipena lehiatzeko moduan egongo litzatekeela. Horregatik, oposizioko kideek adierazi izan dute gobernuak «arriskuan» ikusten duela bere boterea, eta hori dela Imamoglu eta beste hainbat politikari atxilotzeko arrazoi bakarra.
Imamogluren aurkako karguek badute oinarririk?
Eroskeria egin izana egotzi diote Imamogluri, ustelkeria karguaren barnean, baina fiskaltzak testigantzak anonimotasunean mantendu ditu. «Terrorismoa» leporatu diote, eta hori DEM alderdiarekin egindako akordio batean oinarritu du fiskaltzak. DEM alderdia ezker kurdua da, eta, oposizioaren ustez, fiskaltzak akordio hori Imamoglu PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotzeko aprobetxatu du. Akordio horretan, bi aldeek erabaki zuten DEM alderdiak ez zuela hautagairik aurkeztuko Istanbulen 2024ko udal hauteskundeetan, horrela ezkerreko bozkak Imamogluri bideratzeko.
Noiz aukeratu dute Imamoglu 2028ko hauteskundeetarako presidentegai?
Igandean, Imamoglu espetxeratu zutenean, CHP alderdiak primarioak egin zituen, Imamoglu izanik hautagai bakarra. Herrialdeko 6.000 tokitan egindako galdeketetan 15 milioi boto baino gehiago erregistratu zituzten. Alderdikideek Imamogluri babesa erakutsi nahi izan zioten, primario batzuetan parte hartzea inoiz baino handiagoa izanik. X sare sozialaren bidez, Imamogluk, igandean, txiokatu zuen turkiarrek mezu argi bat bidali ziotela Erdogani, «nahikoa da» esanez. «Herriak gobernu hau gogor joko du, haiek inoiz espero ez duten moduan», esan zuen Imamogluk.
Presidentegai aukeratua izan arren, atxilotua izan baino egun bat lehenago, Istanbulgo Unibertsitateak unibertsitateko titulua kendu zion Imamogluri, 1994an lortu zuena. Turkiako presidente izateko, derrigorrezkoa da unibertsitateko titulu bat edukitzea, eta, orain, Imamogluk ez dauka. Horrek haren bide politikoa trabatu dezake.

Zer-nolako ondorioak eragin ditu egoerak Turkiako ekonomian?
Martxoaren 19an, Istanbulgo burtsak beherakada handia izan zuen, eta lira turkiarrak balioa galdu zuen. Gaur egun, inflazioa %40koa da Turkian, eta atzerritik datozen inbertsioek garrantzi handia dute herrialdeko ekonomian. Horrez gain, esportazioek eta turismoak ere pisu handia dute. Horregatik, krisiak inpaktu handia izan du Turkian. Azken urteotan Erdoganen gobernuak egindako kudeaketa ekonomikoak ezinegona eragin du gizartean, eta familia asko pobrezian daude. CHP horretaz ere baliatu da jendea protestetara erakartzeko.
Zer esan du nazioarteak?
Nazioarteak ez du erantzun argirik eman. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, aurreko astean, Turkia «Europara batuta» jarraitzeko nahia erakutsi zuen, baina esan zuen horretarako «balio demokratikoak errespetatu» behar zituela. «Europako Kontseiluaren parte izanik, oinarrizko printzipioak errespetatu behar ditu, hala nola protestarako eskubidea», adierazi zuen atzo Guillaume Mercier Europako Batzordeko bozeramaileak. Alemaniako Atzerri Ministerioak adierazi du lehia politikoa ezin dela kartzelatik edo epaitegietatik bideratu, eta Frantziako Atzerri Ministro Jean Noel Barrotek esan du Turkiak egindakoa demokraziaren aurkako «eraso oso larria» dela.
AEBek, berriz, esan dute Turkiako barne arazo bat dela, eta, beraz, ez dutela bertan eskua sartzerik.