Oposizioa, inkesten emaitzak gezurtatzera

Boz orokorrak egingo dituzte igandean Japonian. Kishidaren gobernuak inoizko onarpen daturik okerrenak izan ditu, baina, inkestak eskuan, ez dirudi oposizioak Alderdi Liberal Demokratikoari aurrea hartuko dionik.

Noda (ezkerrean) eta Ishiba lehen ministroa, joan den urriaren 11n, agerraldi batean. EFE
Noda (ezkerrean) eta Ishiba lehen ministroa, joan den urriaren 11n, agerraldi batean. EFE
Josep Solano
Tokio
2024ko urriaren 24a
05:00
Entzun

Alderdi Liberal Demokratikoa (LDP) dago orain agintean, eta hura eta haren koaliziokidea, Komeito alderdi budista ultrakontserbadorea, gehiengo parlamentarioari eusten saiatuko dira igandean Japonian egitekoak diren bozetan. Hauteskunde kanpainak iraun duen 12 egunetan, 1.344 hautagai aritu dira borrokan Ordezkarien Ganberako 465 eserlekuetako bat lortzeko. Hauteskunde hauetan, hautesle bakoitzak bi boto eman beharko ditu: batetik, eserleku bakarreko distritu bateko hautagai bat aukeratu beharko du, eta, bestetik, alderdi bat, proportzioz dagokion ordezkaritza izango duena.

Oposizioak, Yoshidiko Nodaren CDP buru duela, espero du bi alderdi kontserbadoreek ez lortzea gehiengo absolutua eskuratzeko beharrezko 233 eserlekuak, eta, hala izan dadin, Shigeru Ishiba gaur egungo lehen ministroa kritikatzeari ekin dio: egotzi dio hauteskundeak distrakzio gisa erabiltzea funts politikoen eskandalua alde batera uzteko. Nahiz eta orain LDPk eta Komeitok gehiengo zabala duten –288 diputatu–, Nodak espero du galdeketen ondorioak gezurtatzea eta gehiengo parlamentario sendo hori haustea.

Edonola ere, inkestak nahiko argiak dira alde horretatik: Kyodo News agentziak kanpaina hasi baino egun batzuk lehenago egindako ikerketa demoskopikoaren arabera, inkestatuen %26,4k esan zuten LDPren alde bozkatuko zutela, eta %12,4k baino ez zuten adierazi CDPri emango ziotela babesa. LDPren koaliziokideak, Komeitok, %6,4ko babesa lortu zuen, eta inkestatuen %33,2k, berriz, oraindik ez dute erabaki zer alderdiren alde egingo duten. Datu horiek erakutsi dutenez, galdekatuen %46,6k oraindik ez dakite nori emango dioten botoa eserleku bakarreko distrituetan; %28,5ek LDPren hautagairen baten alde egiteko asmoa dute, eta %22,9k oposizioa babestuko dute.

Fuminobu Okabe irakaslea da Tokioko Soka Unibertsitatean, eta, BERRIAri esan dionez, lehia handiko bozak izango diren arren, «oso litekeena da CDPk eta oposizioko beste alderdi batzuek gehiengorik ez lortzea denen eserlekuak batuta ere». Nolanahi ere, akademikoak uste du litekeena dela gobernuan dauden alderdiek 50 eserleku inguru galtzea guztira, eta horrek agian aukeraren bat emango lioke oposizioari.

«Jendeak konfiantza du Nodarengan, zintzoa delakoan, baina japoniar askok sentitzen dute CDP talde gisa ez dela horren fidagarria»

FUMINOBU OKABESoka Unibertsitateko irakaslea

Okaberen esanetan, «LDPko goi kargudunek pentsatu zuten Ishiba alderdiko presidente eta lehen ministro izendatuz gero baretu egingo zirela alderdiari egiten dizkioten kritikak, Ishibak ospe ona baitu herritarren artean». Gainera, «uste zuten Ishiba errazago kontrolatu ahalko zutela, aliatu gutxi baititu alderdi barruan. Beraz, estrategia hau zuten: Ishiba jartzea postu esanguratsu horietan, hartara haren ospe ona aprobetxatzeko okerrera egin baino lehen, eta Ordezkarien Ganbera desegin eta hauteskunde orokorretara deitzea, LDPk ahalik eta eserleku gutxien gal ditzan», azaldu du akademikoak.

Soka Unibertsitateko irakasleak esan duenez, LDPko goi kargudunek asmo hau dute: «LDPk gutxienez gehiengoa lortzen badu hauteskunde orokorretan, alderdiko buruek Ishiba kontrolatzen segituko dute ezkutuan, eta berriz martxan jarriko dute LDPren lehengo sistema; baina alderdiak, Ishibaren ospe ona gorabehera, eserleku kopuru nabarmen bat galtzen badu, buruzagi horiek berek hura egingo dute porrotaren erantzule, eta lehen ministro kargutik kentzen saiatuko dira». «Horrek zera esan nahi du, Ishiba sostengatu beharrean –hura ez baitute baliagarritzat jotzen– manipulatzeko errazagoa den norbait izendatuko dutela lehen ministro izateko, Japoniako hautesleen artean ospe ona duen norbait oraingoan ere, hala nola Koizumi», baieztatu du Okabek.

Irakaslearen esanetan, «jendeak, oro har, ez dauka espektatiba eta konfiantza handirik CDPrekin edo oposizioko beste alderdi batzuekin». «Egia da askok ontzat jotzen dutela Yoshiniko Noda CDPko lider berrautatuaren zintzotasuna eta seriotasuna; nolanahi ere, hainbat talde politiko txikik bat egin zutelako sortu zen alderdia, eta haren barneko gatazka ideologikoak ezkutuan geratzen dira maiz», kontatu du Okabek. «Jendeak konfiantza du Nodarengan, zintzoa delakoan, baina japoniar askok sentitzen dute CDP talde gisa ez dela horren fidagarria».

Eskarmentu gabezia

Kalean galdekatutako herritar gehienek ez diete zuzenean erantzun nahi izaten hauteskundeen inguruko galderei, eta hitz egiteko prest dauden gutxi horiek koalizio kontserbadoreari eustearen alde azaltzen dira. Takehiko Kanekok, adibidez, BERRIAri azaldu dio bere ustez hauteskunde hauek «erabakigarriak» direla «herrialdearen egonkortasunari eusteko». Haren iritziz, LDPk «frogatu du gaitasun handia duela segurtasun ekonomiko eta sozialari eusteko, bereziki munduan ziurgabetasuna nagusi den honetan».

Kanekoren ustez, nahiz eta alderdiak zenbait arazo izan berri dituen –funts politikoei buruzko eskandalua, adibidez–, «Ishiba lehen ministroa gai da egoera hau gainditzeko eta lidergoari eusteko, behar-beharrezkoa baita Japoniak aurrera egiten jarrai dezan». Kaneko tokiotarra da, bulegaria, eta hau esan du: «Baliotsutzat jotzen ditut Ishibak eskualdeko ekonomia indartzeko hartu duen ikuspegia eta haren defentsako esperientzia, bereziki ikusita Asian gero eta tirabira gehiago daudela». Oposizioko alderdiei dagokienez, uste du asmo onez ari direla, baina, haren iritziz, «ez dira hain egonkorrak, eta ez dute behar bezainbesteko esperientziarik gaur egungo erronkei heltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.